Errugbia-Euskal liga

«Aurtengo helburua taldea egin eta formatzen jarraitzea da, ez dadila partidu bakoitza kalejira bat izan»

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 2a, 00:00
Astean bi-hirutan fisikoa eta teknika lantzeko entrenatzen dute neskek Landaren; astean behin aritzen dira Ordiziarekin.

Denboraldi hasierako balorazioa egiteko  tartea hartu du Landarbaso errugbi taldeak, atsedenerako asteburu honetan. Bai; Hernaniko neskek Ordiziakoekin  elkartuta sortu dute, eta Atleticoko eta Txingudiko jokalari batzuk ere badira. 

Baja dezente izan ditu aurten Hernani Errugbi Elkarteko ema­­kumezkoen taldeak. «Ba­tzuk Erasmus egitera, ikastera edo lanera kanpora joan dira... Zazpi-zortzik utzi du­te. Denbo­ral­di hasieran ikusi ge­nu­en es­kas ibiliko ginela. Pen­tsatu ge­nu­en 12ko errugbian ize­na ema­tea ere. Izan ere, 15e­ko­ra jo­ka­tzeko, 30 jokalari be­har dira, lesioak eta abar tarteko, nahikoa jende izateko; de­ial­dia 23 jo­kalarikoa da», azaldu dute Asier Gaz­ta­ñaga eta Joxe Krutz Elosegi entrenatzai­leek. «Ez genekien nola egin».

Baina egin dute. Landar­ba­so taldea sortu dute. «Gu 20 bat baginen, eta Ordiziak 15 inguru zituen, eta proposatu ziguten el­kartzea. Txingudiko 2-3 jokalari ere baditugu, batzuetan Atleti­co­koak... Gipuzkoako erre­­ferente bezala, Landarbaso ja­rri diogu izena».

 

«Gure borroka Gaztedi, Uni Bilbao eta Bera-Beraren aurkakoa izango da, bereziki»

 

Tragediarik ez

Dagoeneko lau dira jokatu di­tuz­ten partiduak. Aurre­ne­koa, Bera-Beraren kontra (32-5). «Ira­­bazi zitekeen, baina aurreneko partidua izanda, urduritasuna nabari zen». Riojari, espero be­za­la, irabazi egin zioten gero (34-19), eta Getxoren aurrean, galdu (0-87). «Goian ibilitako taldea da, eta bi fitxaje ere baditu. Beste mai­la bat da eta nabari da». Le­hen­go asteburuan, berriz, Du­ran­goren kontra 14-18 irabazi egin zuen Landar­ba­sok. Beraz, hasieratik jarri du­ten helburutik ez dira urruti hasi. Izan ere, 10 talde dira Euskal Ligan, eta aurreneko bueltan lehendabiziko bosten artean geratzen di­r­enek izaten dute maila man­­tendu eta Euskal Herriko txa­peldun izateko lehiatzeko au­kera, baita Espainiako Oho­rez­­ko A Mailara igotzekoa ere; tal­de horren barruan sartzeko ahalegina egin nahi du Lan­dar­ba­sok, eta Rioja eta Du­rangori irabazi izanak erakusten du bi­de onetik dijoala. Gernika­ren aur­kakoa izan daiteke irabazteko beste partidu bat. Eta datorren asteburuan Gazte­diren aurka Gas­teizen jokatuko dutena, giltzetako bat. «Unica, Getxo eta Eibar nabarmendu egingo dira. Gure borroka Gaztedi, Uni Bilbao eta Bera-Beraren aurkakoa izango da, bereziki».

Getxoren aurkako porrotari dagokionez, tragedia izan ze­nik ukatu dute. «Aurreneko za­tia on­do joan zen. Defentsan ondo aritu ginen, eta erasoan ez zi­tzaizkigun jokaldiak nahi be­za­la atera, baina beti dago lan­tzeko zerbait. Azkenean partidua ez bada desastre hutsa, nahikoa. Ondo ateratzen badira jokaldi batzuk, ez da tragedia».

 

Erdi-parean ibiltzea, helburu egingarria

Egoeraren jakitun, gogotsu, baina oinak lurrean dauzkala dago taldea. «Espero dugu sailkapenean erdi parean ibiltzea. Azkenak geratuta ere, ez da ezer gertatzen. Baina helburua da bosgarren geratzea, maila horretan jokatzen jarraitu ahal izateko. Horrek, maila horretan aritzera behartuko gaitu. Interesatzen zaigu».

Hori lortzeko, taldea osatu berritan, «konjuntoa egitea» dute lanik haundiena. Ordizia­ko Gurutz San Miguel ere izaten dute laguntzaile, horretan. Denbo­ral­di hasiera, behinik behin, ez da hain makala izan.

«Hiru bat egunetan entrenatzen du Hernanik. Beste egun pare batetan Ordiziak. Al­der­di fisikoa eta teknikoa lan­tzen ditugu horrela, ondo. Baina konjuntoa egitea da zai­la, astean entrenamendu ba­ka­rrarekin». Ari dira, hala ere, aurrera egiten. «Aurtengo helburua taldea egin eta forma­tzen jarraitzea da, ez dadila partidu bakoitza kalejira bat izan. Jokatzen da irabazteko, baina gure helburua ez da irabaztea. Oraingoz, denak atera­tzen dira zelaira. 34 jokalari izanda ere, momentuz, inor ez da deialdiz kanpo geratu. Bigarren bueltarako lortuko bagenu nahikoa jokalari...».

 

«Helburua da bosgarren geratzea, maila horretan jokatzen jarraitu ahal izateko»

 

Hirugarren denbora, bere lana egiten

Hortxe utzi dute gonbidapena, entrenatzaileek. Taldeko giro ona ere nabarmentzen dute, gai­nera, jokalari berriak animatzeko. «Jokalariek motibazioa ba-du­te, Getxokoari bezalako emai­tzei buelta emateko. Animoso daude neskak, pozik. Proiektu berria da, baina giro ona, feeling ona egin dute. Hi­ru­ga­rren denbora ezinbestekoa iza­ten da horretan, eta ondo dijoa!».

Denak elkartuta entrena­tzeko zailtasunak sortu arren, irabazten atera direla nabarmentzen dute. «Taldea orekatu dugu. Guk aurrelari gehiago genituen, eta Ordiziak hiru laurdenak. Zorionez, Ordizia­re­kin elkartuta, denetik daukagu. Baina denetik behar da!».

 

Emakumezkoen errugbia, «goraka»

Ateak denentzako irekiak dauz­kate, hain zuzen. «Oina­rria egina daukatenek, hobetu egingo dute. Falta dutenek, landu. Guk orain gazte asko dauzkagu, joan direnak beteranoak izan baitira. Nerabeak ditugu ge­hien­bat. 2010-11n hasi zen nesken taldea, eta ordutik pare batek jarraitzen dute. Beste lauz­pabost eskolatik igo dira, harrobitik. Beste batzuk urte batzuk daramazkite, edo be­rri­ak dira... 16 urtez azpikoetan ba­dau­de beste bost, mutilekin ari di­re­nak. Zer edo zer badator, bai­na itxoin egin behar da oraindik. Eta gero, hutsunea dator...».

Hori horrela, taldea gaztea denez, «ibilbidea baduela» uste dute. «Iazko taldea mantendu izan bagenu, aukera izango li­tzateke 2-3 urtera talde sendoa izateko. Orain ere helburua ho­ri da, ahal den ondoen formatu, eta talde berdina edo antzekoarekin jarraitzea».

Etorkizunera itxaropentsu begiratzen dute. «Nesken kirola ez da erraza, futbola kenduta, ibilbide luzea egin baitu. Eta errugbiak, gainera, fama du mutilen eta astakirtenen kirolarena. Baina neskek erakutsi dute egin dezaketela, eta mun­du mailan, gainera, ikaragarrizko maila dute. Espainian, mutilak baino hobeto ari dira neskak 7koan. Euskal Herrian, berriz, orain 3-4 urte 5 klub bakarrik ginen, eta hiru urtetan bikoiztu egin dira; 10 klub gara. Goraka doa. Zer edo zer ondo egingo genuen!». 

 

Euskal Liga 19/20

5. jardunaldia, Gaztedi-Landarbaso, hilaren 10ean, 11:00etan Gasteizen.

6. jardunaldia, Eibar-Landarbaso, Lakuako zelaian.

7. jardunaldia, Landarbaso-Uni Bilbao, Kote Olaizola miniestadioan.

8. jardunaldia, Landarbaso-Gernika, Nafarroako Unibertsitatean.

9. jardunaldia, Landarbaso-La Unica, Kote Olaizola miniestadioan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!