HERNANI UDALA

Apustu-etxeei mugak jartzeko mozioa onartu du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 31a, 00:00

Aho batez onartu zuten, apustu-etxeei buruzko mozioa.

Aho batez onartu ziren, baita ere, Berdintasunerako III. Plana, eta Auzo Plazari eta Carmen Adarraga parkeari izen horiek jartzea ofizialki.

Eztabaida haundirik gabeko Plenoa izan zen asteartekoa, Hernaniko Udalean. Aho batez onartu ziren, puntu gehienak. Horien artean, Orain Hernanik aurkeztutako mozio bat, apustu-etxeei mugak jartzea eskatuz. Udal taldeak adierazi zuen, «premiazko neurriak» hartu be­har direla, «ludopatiaren go­rakadaren aurrean, batez ere gazteen artean», Jaione Aris­tre­gi bozeramailearen hitzetan.
Horrela, proposatu zuen apustu-etxeak jartzeko mugak ezartzea, haur eta gazteak maiz ibiltzen diren inguruetan; apustu-etxeak jartzeko lizen­tzia, gutxienez 30.000 eurokoa izatea; espazio publikoan apus­tu-etxeen kartelak jartzea de­be­katzea; edota ikastetxeetan jarduerak egitea, gazteen artean ludopatia ekiditeko. Xabier Lertxundi alkateak azaldu zu­en, hori betetzeko lan egingo dutela, baina gerta daitekeela punturen bat ez izatea egingarria Udalarentzat, teknikoki.
Aho batez onartu zuten, bai­ta ere, izen ofiziala ematea herriko bi guneri: Auzo Plaza deituko da Lizeaga auzoan be­rritu duten plaza, auzotarrek proposatu bezala; eta Carmen Adarraga izena hartuko du, atletismo pistaren ondoan es­taltzen ari diren parkeak.
Eta aho batez onartu ziren, baita ere, ondokoak: Emaku­me­en eta Gi­zonen Berdin­ta­su­nerako III. Plana; atxikipena ematea Giza Eskubideen De­fen­­datzaileen Babesari; eta atxiki­tzea Gazte­matikara, Gipuz­koa­­­ko Haur eta Gazteen Sus­ta­pe­ne­rako Era­kundearteko Sa­re­ra, laguntza teknikoa eta eko­nomikoa ja­so­tzeko.

Lau urterako programa prest, Gobernu Taldeak
Aspaldiko kontu bat ere ekarri zuten Plenora, alkateak: «ustez publikoak ziren bideetan, bi obra egin zituzten, baimenik eskatu gabe; eta Udalak eskatu zien bi aldiz, 2010ean eta 2011n, aurreko egoerara bueltatzeko hori, baina ez zuten ka­surik egin. Orduan, auzitara jo zuen Udalak, bideak publikoak ziren jakiteko; eta familia hark ere bai, Udalaren es­ka­eren kontra. Orain, epaileak Udalari eskatu dio, 2010 eta 2011 urteetan egindako es­kae­rak be­rraztertu ditzala. Hori onar­tzea proposatzen zaio Ple­no­ari». EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde, eta abstenitu egin zen Orain Hernani.
Udalbiltzan Hernaniko Uda­laren ordezkaria aldatzea ere onartu zuten, EH Bilduren bo­toekin, eta gainerakoen abstentzioarekin: Koro Etxe­be­rriak hartuko du Xabier Lertxundi­ren tokia.
Eta azkenik, mozio bidez, hurrengo lau urteetarako programa aurkeztea eskatu zion PSE-EEk, Gobernu Taldeari. Al­ka­teak azaldu zuen, dagoeneko prest daukatela, eta hauteskunde-ziklo hau pasatakoan aurkeztuko dutela. Beraz, aho batez onartu zen mozioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!