PILI LUJANBIO

«Ordulari gabe bizitzea izugarrizko luxua da»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 29a, 00:00

Oindi Tabernako sukaldean 26 urtez aritu ondoren hartu du erretiroa Pili Lujanbiok.

Abenduan hartu zuen erretiroa Pili Lujanbiok eta ordutik adierazi du hamaika tailerretan eman duela izena, etxean  geratzeko astia izango baitu aurrerago.  

Berrogeita hamar urte la­nean igaro ondoren, abenduan hartu zuen erretiroa Oindi tabernako Pili Lujanbiok, eta bihar egingo diote agurra, Kale Nagusiko dendari eta bizilagunek antolatutako omenaldi afarian.

Hamahiru urterekin hasi zen lanean Lujanbio bere izebarenean, Loiolako Txomi­ne­ne­a okindegian, ezkondu zen arte, eta ordutik ez dio inoiz lan egiteari utzi. «Izebak han­ka hautsi zuen eta harengana eraman ninduten okindegiko lanekin laguntzeko. Izebarekin asko ikasi nuen, denetik sal­tzen genuen; babarrunak, di­listak eta abar. Garai hartan dena soltean saltzen zenez, paperezko poltsatxoak egiten eta pisura neurtzen ikasi nuen, oraindik ez zen plastikozko poltsarik», kontatu du.

 

Oindiko sukaldean, 26 urtez

Oindi taberna 1992an hartu zutela azaldu du Lujanbiok, senarra eta ahizpa lanik gabe geratu zirenean: «36 urterekin hasi nintzen tabernan lanean. Senarra eta ahizpa langabezian geratu zirenean bi senar-emazteak taberna hartzea erabaki genuen, lanbidearen inguruan ideiarik izan gabe. Hasiera gogorra izan zen, noski, aurrera ateratzeko bi alaba genituen eta ez genekien oso ondo nondik hasi».

Mostradorean lan egitetik, sukaldean lan egitera igaro zen Lujabio tabernarekin hasi zirenean. Ahizpa eta biak sukaldean aritzen zirela azaldu du, gizonak barraz ardura­tzen ziren bitartean: «tabernako sukaldean igaro ditut nik ordu gehien, nire ahizparekin batera. Gizonak egoten ziren barran, baina nahiz eta gu sukaldean aritu, beti ginen jendartean».

Dedikazio haundiko ogibidea

Tabernako lana dedikazio haun­diko  ogibidea dela adierazi du Lujanbiok: «Oso jai egun gutxi daude, eta ordu asko dira zutik igaro beharrekoak. Taberna batek, okindegiek bezala, dedikazio haundia eskatzen du eta horrek guztiak denbora asko eskatzen du. Denek jai dutenean, zu lanean zaude eta ordutegia ez da batere ona».

Alabak txikiak zirela hasi ziren tabernan, eta haiek zain­tzeko denborarik ia ez zuela kontatu du: «Ez nuen haurrekin egoteko denborarik, eta ni lanean nengoen bitartean alabez norbait arduratu zedin zaintzaile bat hartu beharrean, tabernan aritzeko langile bat hartzea erabaki genuen, nik arduratu nahi nuelako nire alaben heziketaz».

Gero, gurasoak helduak zi­re­nean haiek zaintzeko bi ahizpak ondo moldatu zirela kontatu du: «Ahizpa eta biok txandaka aritzen ginen, ba­ta lanean zenean bestea gurasoenean zegoen eta alderantziz. Tabernak malgutasun hori ere eman digu, eta oso harro nago nire gurasoak horren goxo tratatzeko aukera izan genuelako, hori ere eman digu tabernak»

 

Mila momentu, hamaika istorio

Pili Lujanbiok tabernako lanaz asko disfrutatu duela kontatu du, lanera beti oso gustura joan dela.

Ogibidetik gehien gustatzen zaiona jendearekin sortzen diren harremanak dela azaldu du, eta horrekin geratzen dela: «Loiolako okindegian hasi nintzen  egunetik asko gustatu zait mostradore atzean lan egitea, beti gustatu izan zait publikoaren aurrean egotea. Egia da ez dudala besterik ezagutu baina gogoko izan dut pertsonekin tratatzea, jendearekin harremantzea eta tabernak horretarako izugarrizko aukera eman dit», adierazi du. 

Kanpora bidaiatzeko astirik izan ez duen arren, tabernatik ere asko ikasi duela argitu du Lujanbiok: «Etorkin askorekin erlazionatu naiz tabernan, baita baserritar askorekin ere eta bakoitzak bere batailak kontatu dizkit. Psikologo lana egiten duzu batzuetan, eta beste errealitate batzuk ikusten dituzu. Momentu batzuetan pazientzia handia behar den arren, oso gustuko dut en­tzutea eta partekatzea».

 

Agur gazi-gozoa

Erretiratzeko erabakia hartzea kosta egin zaiola adierazi du Lujanbiok, eta alabek zerikusi haundia izan dutela horretan ere azaldu du: «Denek esaten zidaten disfrutatzeko garaia nuela, urte asko neramatzala lanean eta merezi nuela. Alabak izan dira erretiratzeko erabakia hartzera animatu nautenak. Behin erabakia hartuta, denak asko poztu dira eta zorion mezu asko jaso ditut.»

Pena handia ematen dio Lujanbiori, bezeroekin zuen harreman estu hori mantentzen ezin jarraitzea baina hartutako erabakiarekin oso gustura dagoela adierazi du: «badakit tabernara etortzen zen jendea asko botako dudala  faltan, baina deskantsua har­tzeko garaia banuela uste dut, eta alabek arrazoi zuten.  Gainera, Oindi tabernak berdina izaten jarraituko duela argitu nahi dut, dagoeneko ni ez nago sukaldean baina familiak  jarraitzen du tabernarekin; ahizpak, koinatuak eta ilobak Oindin jarraitzen dute».

 

Eta argazkiekin orain, zer?

«Erretiroa hartu dudanetik herritarrek bi galdera nabarmen egin dizkidate: Pili, nork jarriko ditu orain tabernan argazkiak? eta zer gertatuko da zuk jartzen zenituen apaingarri guzti horiekin?», kontatu du Lujanbiok barre artea.

Urteko garaiaren arabera, taberna modu batera edo bestera apaintzeaz arduratu izan da beti Pili Lujanbio, eta batenbatek noizbait Oindi ‘Biteri txikia’ zela ere esan izan diotela kontatu du: «Perretxiku garaia zenean, taberna gai horren inguruan apaintzen saiatzen nintzen, eta inauterietan ere berdin egiten nuen. Argazkiak jarri izan ditut tabernako paretean, album moduko bat sortuz. Lan haundia du horrek, hara eta hona joan behar izan dudalako argazkiak lortzeko baina gustu handiarekin egin  dut beti, eta hori ere, azken finean, bada bezeroak goxo tratatzeko beste modu bat. Herritarrei ilusio haundia egiten zien tabernara sartu eta irudi zaharrak edo ez horren zaharrak ikustea. Beti zegoen batenbat bere burua argazki horietan topatzen saiatzen zena, edo argazkiaren kopia bat eskatzen zuena»

 

«Saltsa guztietako perrexila dirudit»

Tabernako sukaldetik atera eta agenda betetzeari ekin dio Lujanbiok, hasierako momentutik. Oso lanpetua dabil, gimnasia egiten hasi dela azaldu du, eta euskaltegian dabilela gramatika hobetzeko helburuarekin, mindfulness eta musikaterapia bezalako hainbat tailerretan baita ere eman du izena eta duela bi aste pen­tsionistekin izan zen Madrilen.

«Hainbeste urtez lanean aritu ondoren, orain ez dut sinisten horrenbeste denbora izatea niretzat, baina aprobe­txatzen ari naiz. Betidanik izan naiz oso saltsera, eta orain ere saltsa guztietako perrexila dirudit. Lotsa ematen didan arren, asko gustatzen zait herriko ekimenetan parte hartzea, eta osasunez primeran nagoenez aprobetxatu egin behar dut, ez baitakigu hemendik urtebatzuetara non eta nola egongo garen», kontatu du Lujabiok.

Ordularirik gabe bizitzea «izugarrizko luxua» dela ere esan du, eta erretiroa hartu zuenetik ezinezkoa dela bera etxean harrapatzea. 

Herritarrei eskerrak, bihotz-bihotzez

Tabernan jasotako berotasuna eskertu nahi izan Pili Lujanbiok: «26 urte hauetan oso gustura egon naiz lanean tabernan, asko disfrutatu dut eta hori zati haun­­­di batean herritarrei zor diet. Bezeroei esker atera gara aurrera, eta haiei esker gaude orain gauden lekuan, bai bezero bezala tabernara etorri izanagatik eta baita pertsona bezala eman didaten maitasun guztiagatik. Oroitzapen oso politekin agurtu dut taberna, eta horietako nagusiena herritarrekin sortu ditudan harremana da. Balio handiko laguntasunak eman dizkidate bezeroek, eta hori beti izango dut gogoan. Biharko afaria posible egin dutenei eta bertaratuko direnei ere eskerrak ematea gustatuko litzaidake. Badakit barrutik ateratzen zaielako egiten dutela eta horrek hunkitzen nau gehien, berotasun eta goxotasun hori jaso dudalako. Gogo haundia dut afarirako, gure artean ez dauden pertsona askotaz oroituko naiz eta oso polita izango da seguru, hunkigarria. Bestalde, herritarren partetik hitz onak besterik ez ditut entzun beti, eta hori eskertzekoa da hortaz, lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke nire eskerrik beroenak emateko. Urte guzti hauetan gurera hurbildu diren guztiei mila esker, bihotz-biho­tzez», azaldu du.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!