Txantxillako festak

Egun nagusia gaur, Txantxillako jaiek

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 26a, 00:00

Txantxillako arima bihurriena zintzilik dantzan agertu zenean hasi ziren atzo, festak.

Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolarien atzoko saioari jarraipena emanez, haur eta helduentzako 
ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du gaurko, Txantxilla Auzo Elkarteko Festa Batzordeak.

 

Atzo hasi ziren Txantxilla au­zo­ko jaiak, eta gaur izango du­te bigarren eguna, nagusia. 
Adin tarte guztietako herritarrek izango dute aukera, gaurko festa egunaz gozatzeko, horretaz arduratu baita Txan­txilla Auzo Elkarteko festa ba­tzordea, egitarau zabala eta anitza prestatuz.

Goizean goizetik, Musika Eskolako txistularien Dianak girotuko du auzoa; eta jarraian abiatuko dira, Txantxilla-Santa Bar­bara-Txantxilla kroseko par­tehartzaileak. Haurrek ere izan­go dute parte hartzeko aukera, beren mailako krosean, eta baita antolatu diren bestelako jolasetan ari­tzekoa ere.

Eguerdi aldera, sagardo das­taketa eta pintxoak izango dira, auzora bertaratzen diren guztientzat; eta ondoren, auzotarren bazkaria egingo da. 

Arratsaldean, helduentzat to­ka txapelketa antolatu dute; eta haurrentzako, aldiz, Txo­ri­bu­ru izeneko ikuskizuna. Txo­ko­latadaz gozatuko dute, ikuskizunaren ondoren. Eta segidan izango da, auzotarrentzat hain kuttuna den Arimen Kalejira, Hernaniko dultzaineroekin. 

Jan-edanarekin eta dantzan borobilduko dute eguna: pin­txopotea izango da, Gozo-gozo taldearen erromeriarekin ba­te­ra. Eta gaueko 23:00etan jaiei bukaera emateko traka  leherra­raziko badute ere, nahi duenak aukera izango du, festa giroan murgilduta jarraitzeko, disko jartzailearen erritmora. 

Krosak, zazpigarren edizioa
Zazpigarren edizioa izango du gaurko, festetan jokatzen den krosak. Goizeko 10:30etan abiatuko da, Txantxillako plazatik; eta 6,3 kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek, baina ez dira errazak izango: Santa Barbarako ermitara igo beharko dute, berriro Txantxillako pla­zara jaitsi aurretik. Dutxak eta aldagelak eskura izango dira kiroldegian, bukaeran. 
Sari ugari zozketatuko dira partehartzaile guztien artean, eta gaur bertan ere izena eman daiteke 7 euroan, irteeran. 

TXANTXILLAKO JAIAK

GAUR, larunbata

  • 09:00, Diana Hernani Musika Eskolako txistulariekin.
  • 10:30, Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla VII. Krosa (ermitara igo eta jaitsi). Izena emateko aukera izango da probaren aurretik ere, 7 euroan.
  • 11:30, Haur jolasak eta haurren krosa.
  • 12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak.
  • 14:30, Auzotarren bazkaria
  • 17:00, Helduen toka txapelketa.
  • 17:00, ‘Txoriburu’ haurrentzako ikuskizuna
  • 18:00, Txokolatada
  • 19:00, Arimen kalejira, Herna­niko dultzaina taldekoekin.
  • 20:00, Pintxo potea, eta Gozo-gozo taldearekin erromeria.
  • 23:00, Festen amaierako traka, eta jarraitu nahi duenarentzako disko jartzailea.

 

Erlazionatuak

Txantxillako festak 2019

Kronika - Erredakzioa 2019 urr 26 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!