AMHER ELKARTEA

15 urte, «eskuin muturraren txertoa» izaten

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 26a, 00:00

Elkartea sortu zenean 4 bolondres ziren arren, gaur egun AMHER elkarteko lantaldea 20-25 pertsonek osatzen dute.

2004 urtean sortu zen Amher, Hernaniko Elkarte Multikulturala, Hernaniko Udalak antolatutako hitzaldi baten ondoren. Aurten bete ditu 15 urte, eta sorreratik gaur arte, izugarrizko eboluzioa izan dela diote elkarteko kideek. Horren adibide da, elkartea praktikak egiteko zentro bihurtu izana.

Denbora dezente pasa da AMHER elkarte multikulturala sortu zenetik, eta badirudi inor ez dela elkartearen hasierako  urratsez gogoratzen. Le­he­nen­go bilera 2003 urte ama­ieran izan zen, Hernaniko Uda­lak anto­latutako hitzal­di baten ostean, baina, dena den, 2004an le­gez­tatu zen elkartea, legeak agin­dutako estatutu guztiak be­tez, eta hori da elkartearen sorre­ra­tzat eza­gutzen den data, due­la 15 urtekoa.

Hernaniko Udalak Biteri Kul­­tur etxean antolatutako hi­tzaldi batetik sortu zen AMHER, Victoria Mendoza so­zi­ologoaren hitzaldia amai­tu ze­­­nean ber­taratutako lau per­tso­na elkartu eta lanari eki­teko unea zela iruditu zi­tzaienean. «Lau bolun­tariok iritzi bera ge­nuen: etor­kinak artatu, ha­ien beharrak asetzen saiatu, ahal den neurrian la­gundu eta gai­nontzeko herri­tar guztiak kon­tzientziatzea zen gu lauon na­hia», adierazi du elkartearen sor­tzaileetako bat izan zen Felix Etxe­berriak.

Hasiera batean lau per­tsonak osatzen zuten tal­dea, ideia askorik gabe, lokalik gabe eta zehazki nora jo behar zuten ere jakin gabe. Bi astetik behin elkartzen hasi ziren, lehe­nen­go Biterin eta gero Iturritxon, baina bilerak egite­ko toki ba­ten eskean denbora luzez aritu ondoren, Udalak lehenengo lo­kala eman zien Gay Murren.

Gaur egun pare bat aldiz elkartzen da hilabetean 20-25  pertsonako lantaldea, elkar­teak Latsunben duen lo­ka­lean, nahiz eta datorren urterako lokal aldaketa au­rrei­kusten duten.

 

Gertukoa eta aberasgarria

AMHER elkarteak hitzarmen bat du Hernaniko Udalarekin, eta hortik lortzen du finan­tzazioaren zati handi bat.  Uda­laren babes osoa du el­karteak, nahiz eta autonomoki lan egi­ten duen, eta hortaz elkartea «uda­lerriarentzat beha­rrez­ko be­­soa» dela diote AMHEReko ki­de­­ek.

Oso zerbitzu aberasgarria  eskaintzen dutela diote, etor­kinei instituzioek eman ezin da­kieken berotasuna eskain­tzen dietelako, eta hasi­eratik ger­tutasuna trans­mititu nahi­ izan dutelako: «etortzen den edonori oso gertukoa den tra­tua ematen diogu, gure hel­bu­rua konfiantza trans­mi­titzea bai­ta, eta giza­tasuna era­kus­tea. Gure ustez, hori da harre­rak horren era­ginkorrak iza­teko bidea. Gainera,  zorionez, gu­gana datozen pertsona guz­tiei mezu hori ondo iristen za­iela esango nuke», adierazi du Fatima Fernandez AMHEReko kideak.


Harrotasuna eta asebetetzea

«Sortzaile moduan sentitzen dudana izugarria da, harro­tasuna eta asebetetzea sen­titzen dut gehienbat», dio Felis Etxeberriak 15 urteren buruan egindako lanak emandako fruituak ikustean.

Herriarentzat onuragarria den zerbaitetan bere burua murgilduta sentitzeak asebe­tetzen du Etxeberria, norbaiti mesedegarria izango zaion zer­baitetan aritzea, alegia: «ger­­­tutasun sentimendua ere bada­go, nolabaiteko ekarpena egiten ari zarela sentitzen du­zu, ahal duzun neurrian la­guntzen za­biltzala eta eskuin mu­turrari aurre egiten gabi­l­tzala; eskuin muturraren txer­toa gara».

Oso talde kohesionatua osa­tzea lortu dutela dio, diber­tsitatearekiko errespetu osoz lan egiteko prest dagoen talde bat, eta 15 urtetan ezta­bai­da­rako gairik izan ez duen tal­dea. «Hazkunde haundia izan dugu, gure mugak zeintzuk diren kontuan hartuta. Gora­beherak ditugula ere aitortu beharra dago, ez garelako bo­lon­dres gehiegi».

Ixiar Egigurenek, duela urte askotatik elkarteko kidea de­nak adierazi du, arazo askori konponbidea eman ezin izatea oso gogorra dela eta frustrazio sentimendua areagotzen du­ela elkarteko kideen artean, baina ‘gauza txikiak’ eginez laguntza hori bideratu dezaketela (etxe­bizitzen kontua, errol­darena...) eta AMHERek ‘bultzadatxoa’ ema­ten duela.


15 urtez, helburu berak

Elkartea sortu zenetik, perfila ez da batere aldatu, guztiz kon­trakoa gertatu dela diote AMHEReko kideek. Hasieran fin­katutako oinarri eta hel­bu­ru berak mantendu dira, baina 15 urte hauek elkarte giza­tiarrago batean bihurtu dutela diote, as­koz profesionalagoa den elkarte bat da orain AMHER. Kide guztiak kualifi­ka­tuagoak dau­dela diote, eta gaien inguruko pres­takuntza duten jendea dagoela lanean, duela 15 urte baina bokazio gehiago duen jendea dagoela. Horretarako, herria­rentzat onu­­ragarria den zerbitzu bat ematen ari direla sinestea ezinbestekoa dela dio Felix Etxeberriak.

Elkarte multikulturalaren bi funtsak betidanik berdinak izan dira; sentsibilizazioa eta la­gun­tza eskaintzea, hedatu direnak helburu horiek lor­tzeko meka­nismoak izan dira.  Sentsi­bili­zazioaren ba­rruan etor­kinak eta bertako herri­tarrak batzen ditu­z­te, kon­tzien­tzia sustatzeko hel­bu­rua­rekin, elkarbizitza sano­ago ba­ten aldeko apustua eginez.

 

Aldaketa nabaria, harreretan

Funtsean elkartean aldaketa haundirik egon ez den arren, funtzionamenduan eta kalita­tean asko hobetu duela esan daiteke. Harreretan nabari da hori gehien, duela 15 urtekoak gogora ekarrita, gaur egungo harrerak pentsaezinak ziren. «Hasieran gure laguntza es­kaintzeko mezuak ho­rre­la­koak ziren: arazorik baduzu, dei­tu telefono zenbaki ho­ne­tara, ba­ina gaur egun dena as­koz sofis­tikatuagoa eta profe­sionalagoa da, eskerrak», dio Etxeberriak barre artean.

Gaur egun protokolo bat dago Udaletik bideratzen dena eta hortan eskuduntza haun­dia du AMHER elkarteak. Ha­rre­ra baterako, normalean, aurrez zita bat eskatzen da  eta hi­tzor­du horretan infusioa edo ur baso bat eskaintzen zaio el­kartera laguntza eske joan de­nari. Harrera batean ematen den lehenengo urratsa gal­de­keta hastea izaten da, «jakin-min morbosorik gabeko gal­de­keta», argitu nahi izan du Fer­nandezek, eta horrela, zer­tan la­gun dezaketen ezagutzen du­te­la azaldu du.

Harrera eguna ere an­to­latzen dute, iritsi berri­ direnei ongietorria modu globalago batean emateko. Hasieran, so­l­a­­saldi informatibo bat es­kain­tzen da elkartearen non­dik no­rakoak ezagutu ditzaten eta Her­naniko Udalaren zer­bi­tzu­en inguruan jakin de­zaten. Ho­nen ondoren, Kax­kora bisita egi­ten da herriko puntu ga­rran­­tzitsuenak eza­gu­tu ditza­ten (anbulategia, kul­tur etxea, herriko plaza...).

 

Oihartzuna edonon

Elkartearen lorpen haun­die­netako bat ezagunak egin i­za­na da. Herri mailan ia herritar guztiek dute AMHERen berri, denek entzun dute noizbait el­kartearen inguruko zerbait eta edonork daki arazo baten au­rre­an elkartera jotzeko as­ka­ta­sun osoa duela.  Elkarteko ki­de­ek diotenez, denek eza­gu­tzen dute  AMHERen dabilen nor­bait.

«Urte guzti hauetan ahoz ahokoak eragin haundia izan du eta horri esker, Her­na­ni­ko­ak ez diren etorkin as­kok eza­gutzen dute ­el­­kartea», adierazi du Tomas Elorza kideak. Oro­korrean, Bu­run­tzaldea osoko etorkinak hur­biltzen dira AMHERera eta herriko ekitaldi askotan parte hartzen dute; Jai Gastro­no­mi­koan, Bizilagunak ekime­ne­an eta Imigrazinean besteak bes­te.

Informazioaren tran­smisio horren  garrantzia azpima­rra­tu nahi izan du Fer­nan­de­zek: «Nor­malean etor­­kinak oso al­dakorrak dira, ez­ ­du­­te­lako ino­lako egon­kortasunik; lanpos­tua alda­tzen badute asko­tan uda­lerria ere aldatuko du­te, batzuk hemen egiten dute lo, eta beste herri batean jan, baina badakite Hernanin ba-da­­goela Elkarte Mul­ti­kul­tural bat, eta badakite laguntza eske etorri daitezkeela gurera, hori oso pozgarria da gu guzti­on­tzat».

 

Emakumeen Taldea, irekiagoa

Isabel Otxoa abokatuaren hi­tzaldi bat entzun ondoren, etxe­­ko langileak ziren ema­ku­meekin lanketa egi­te­ko­ sortu zen taldea. Lehenengo bilerak hi­tzaldi horren ondoren anto­latu zituzten, eta hortik au­rre­ra hilean behin el­kartzen di­ra, hila­beteko lehe­nengo larun­ba­tean.

Denborak aurrera egin aha­la, taldea zabaltzen joan da eta gaur egun etxeko langileak ez diren ema­kumeak ere badira taldean. Herrialde ezber­dine­ta­tik etorritako ema­ku­meak di­ra eta bilera batzuetan sei bat emakume bil­tzera heldu diren arren, nor­malean 20 inguru elkar­tzen dira.

Emakumeen Taldea elkar­te­a­ren­ sektore garrantzi­tsu­e­netako bat da, gazte mugimen­duekin batera.  Oso modu akti­boan jarduten dute eta interes ezberdinetako sola­saldiak an­to­­la­tzenaz gain,  laguntza eta kon­painia ere eska­intzen dute.

Gene­roaren ikuspegia sa­kon­ lan­tzen dute; Martxoak 8an emakumeen genero indar­keriaren aurka manifestatzera joaten dira eta baita etxeko lan­gileen egunean ere, haien es­ku­­bideen alde egiteko. Beste­lako formakuntzak ere eskain­tzen dituzte eta orokorrean tal­de­aren barruko parte-hartze ma­ila oso altua dela esan dai­teke. 

Mahai gainean jarri duten beste gaia titulazioen homo­logazioaren arazoa da. Ge­hienetan, hemen etxeko lan­gile moduan dauden aritzen etorkinek beren herrialdeetan ez lukete ogibide be­ra izango, bestelako lan ba­tzuetan ari­tuko ziren ziu­rre­nik hona eto­rri aurretik, baina he­men­ ezin izan dute lanbide ho­rretan jarraitu, be­ren titu­la­zioen ho­mologazio eta bali­oz­kotze ara­zoak medio. Beste he­rri­al­deetan balioz­ko­tzat diren ikas­keta askok he­men ez dute ino­lako bali­orik.

Gainera, AMHER elkarteak an­­to­latzen dituen ia ekintza guz­­­­­tietan ere izaten dira, Jai ­Gas­­­tronomikora  esate baterako be­­­re­n­­­ errezetak eramaten dituzte.  ­­

Bizilagunak proiektuan ere, Emakumeen Taldeko lagun multzo batek parte hartzen du, koadrila moduan aur­keztuta.

 

Gazteriarekin lanean

Ixiar Egigurenek dioenez, gaz­teekin oraindik lan haundia da­go egiteko baina elkar­te­a­ren­­­tzat «oxigenozko baloi haun­di bat» da herriko gazteria, AMHER elkartearentzat emakumeen sek­­torea bezain garrantzitsua baita.

Etorkin gazteentzat berta­kotzea oso zaila izaten da, baina Gazte Bizilagunak beza­lako gazte giroek asko la­gun­tzen dute horretan.

Fatima Fernandezek dio etorkizun batean Hernaniko Gazte Olinpiadetan etorkin hau­en parte hartzea sustatzea ideia bikaina izango litza­te­ke­ela baina horretarako, orain­dik­ gazteriarekin lan haun­dia da­goela egiteko. «Gazte etor­kinek herrian ez dute inolako erreferentziarik, eta hor­taz, kos­ta egiten zaie he­rriko gazte­riarekin nahastea. Haurren kasuan, normalean ikas­to­le­tan integratzen dira eta hor­taz, lanaren zati haundi bat egi­na da­go, nahiz eta  pro­ze­su­a­ren bes­te zatia asko­tan pen­diente ge­ra­tzen den» azaldu du Fer­nandezek.

 

Praktikak egiteko zentro

Hasiera batean ahulenari la­gun­tzeko soilik sortu zen el­kar­­­te­a; ga­ur egun prak­tikak egi­­teko zen­­tro bihurtu da.­ El­ka­rteak 15 urte hauetan e­man­dako aurre­rapausu haun­di­e­ne­ta­ri­ko bat de­la esan daiteke, be­­­la­un­aldi berriei ateak za­bal­tzeko auke­ra bikaina baita.

Gizarte Hezkuntzako ikas­le­ak dira AMHERen ikasketa prak­­tikoak burutzeko aukera du­te­nak. Aurten hamar praktika eska­e­ra jaso ditu elkarteak eta er­dia besterik ezin izan dute onar­tu, guztiak artatzeko au­ke­rarik i­zan ez dutelako.

 

Hurrengo urtebetetzerako erronka

Elkarteko kideek adierazi du­tenez, etorkinek esparru guz­­tietan parte hartzea gus­ta­tu­ko li­tzaieke. An­to­latutako ekitaldi guz­ti­etan etorkin asko in­pli­katzen dira, baina elkarteak es­­pa­rru guztietan kontatu nahi du­ haiekin, bileretara hur­­bil­ daitezen nahi du AMHERek.

Erabakiak hartzeko batza­rre­­tan haien falta somatzen du­te, eta elkartearen etor­kizu­nerako funtsezko helbu­rua ha­ien ahotsa entzun ahal izatea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!