Eskubaloia

Festa eta kirola uztartu zituen Hernani Eskubaloi Taldeak ­jaialdian giro ezin hobean

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 22a, 00:00

Street Handball txapelketak arrakasta izan zuen Tilosetan eta jende asko hurbildu zen ikustera.

Aurkezpen jaialdia ongi irten zen Tilosetan eguraldiaren laguntzarekin eta 200 lagun inguru bildu zituen mahaiaren bueltan larunbateko bazkariak. One Telecom neska jubenilek 33-29 galdu zuten Orioren kontra.

Aurkezpen jaia ospatu zuen Her­­nani Eskubaloi Taldeak larun­batean eta dena ezin ho­be­to irten zen. Eguraldiaren beldur ziren antolatzaileak eu­riaren iragarpenarekin, baina zorionez dena biltzen ari zirela hasi zuen, behin jaialdia amaitu eta gero.

Aurten jaiaren lekua aldatu behar izan zuten Atsegindegitik Tilosetara eta eguraldiak bat egin zuen jaia aurrera eraman ahal izateko. Egunean zehar egu­raldi atsegina izan zen, euririk gabe gauera arte, eta ho­rrek aukera eman zion klubari egitaraua oso-osorik bete­tzeko eta jarri zuten helburua betetzeko. Eskubaloia kalera irten eta ezagutarazteko modu atsegina.

Goizean, hamaikak aldera lehenengo Street Handball txapelketari hasiera eman zi­tzaion. Frontoian kaleko eskubaloirako bi pista berezi jarri ziren eta bertan aritu ziren parte hartzaileak lauko talde mistotan antolatuta. Oso giro polita eta animatua sortu zen.

Ondoren, denboraldi honetan arituko diren taldeen aurkezpena izan zen eta segidan, lagunarteko bazkaria. Bertan, 200 lagun inguru elkartu ziren.

Arratsaldean, zazpi metrotik jaur­­tiketa lehiaketak, Street Handball txapelketaren finalek, sari banaketak, bingoak eta dj Kris Cle-ren musikak borobildu zuen jaialdia.

Baina partiduak ere izan ziren asteburuan eta jubenil nesken One Telecom-ek ezin izan zuen garaipena lortu Orion 33-29 galduta. Mutilek atsedena izan zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!