Berdintasuna

Beldur Barik lehiaketa, irekita

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 21a, 00:00

Azaroaren 5era arte dute gazteek, lanak bidaltzeko. Bestalde, bihar saio bat izango da prostituzioaz. LGTB kolektiboaren ikerketa ere irekita dago.

Berdintasun Sailetik hainbat deialdi egin ditu Udalak. 

Batetik, 12 eta 26 urte arteko gazteei zuzenduta, Beldur Barik lehiaketa martxan da­goela gogorarazi du, eta sari orokorraz gain, Hernani­ko­entzako ere izango direla. 

Bestalde, Jabetze Eskolen Sareak antolatuta, bihar beste hitzaldi bat izango da prostituzioaz. Amelia Tiganus ekin­tzaile feministak emango du, 18:30etan Biterin.

Azkenik, LGTB kolektiboen historia berreskuratzeko ikerketan parte hartzeko deia zabaldu du Udalak. Hiruki La­rroxa kolektiboa ari da horretan. Azken 50 urteetako oroimena berreskuratu nahi da. Parte hartzeko: 690 145 760 / her­nanikolgbtikerketa@gmail.com.

Bideo eta argazkiak, beldurrik gabe bizitzeko
Emakumeek jasaten duten be­reizkeria-egeoerei aurre egi­­ten dieten neska-mutilen arte adierazpenak sustatzea da, Beldur Barik programaren helburua. Bideoak edota lan grafikoak bidaliz hartu daiteke parte lehiaketan.

Lanak www.beldurbarik.eus webgunera bidali behar dira, azaroaren 5era arte. Kategoria bat 12-13 urtekoena izango da; bigarrena, 14-18 urte artekoena; eta hirugarrena, 19-26 urte artekoena. Lehiaketa horretan parte hartzearekin batera, ‘herria’ atalean ‘Hernani’ ida­tziz gero, Hernaniko lehiaketan ere hartuko da parte. Kategoria bat 12-18 urte artekoena izango da, eta bestea, 19-26 urtekoena. Sariak 400, 300 eta 150 euro artekoak izango dira. Azaroaren 22an banatuko dira Hernanikoak, eta 23an, orokorrak.

Larunbatean, topaketak
Horrez gain, larunbatean topaketak egingo dira Biterin, 10:00etatik 13:00etara. Neskei bideratuta, autodefentsa fe­mi­nista tailerra emango da, eta mutilei bideratuta, maskulinitate berriak tailerra.

Izen-ematea bihar bukatuko da: 679 75 68 24. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!