Gau Beltza badatorrela iragartzeko, Txantxillako festak hemen dira. Ostiral eta larunbatean ospatuko dira.
Txupinazoa 19:00etan botako da, ostiralean, arima bihurrien etorrerarekin batean, eta Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek girotuta. Baina lehenago, 17:00etan hasita, puzgarriak izango dira. Ondoren, berriz, pintxo-potea eta, 20:00etan, Burrunba elektrotxaranga.
Larunbatean segiko du festak, egun osoan. Musika Eskolako txistularien dianaren ondoren, 10:30etan Txantxillako VII. krossa egingo da. Gero, 11:30etan, haur jolasak eta haurren krosa izango dira, eta segidan, sagardo dastaketa eta pintxoak.
Eguerdiko 14:30etan auzo bazkaria egingo da, eta arratsaldean, denetik izango da oraindik: helduen toka txapelketa eta Txoriburu haur ikuskizuna 17:00etan, txokolatada 18:00etan, arimen kalejira dultzaineroekin 19:00etan, pintxo-potea eta Gozo-gozo taldearen erromeria 20:00etan, eta bukaerako traka, 23:00etan. Jarraitu nahi duenarentzat DJa ere izango da gero, hala ere.
Izen-emateak eta txartelak
Txantxillako krossean parte hartzeko izen-ematea irekita dago: herrikrosa.eus. Egunean bertan ere izango da aukera.
Bazkari txartelak ostiralera arte erosi daitezke Txantxilla eta Aroza tabernetan.