Man uharteko, Frisiako, Eskoziako eta Euskal Herriko musika taldeak elkartuko ditu aurten Musika Bizian jaialdiak; Galdakaon egiten den estaturik gabeko herrialdeetako musika jaialdiak, hain zuzen. Seigarren edizio hau urriaren 25 eta 26an egingo da, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatuta, eta euskal ordezkaria izango da Hernaniko Alboka taldea. Doan da.
Kontzertuak, luthier azoka eta kale animazioa, doan
Jaialdia ostiralarekin hasiko da, Galdakaoko Iturrondo Plazan. Taberna Ibiltaria kale animazio taldeak jarriko du giroa 19:00etan, eta kontzertuak 21:00etan hasiko dira. Bertan ariko dira Alboka taldea, eta Man irletako Mec Lir.
Larunbatean, artisau eta luthier azoka jarriko da, 12:00etatik 14:00etara: Okzitania, Sardinia eta Galiziako musika tresna tradizionalen fabrikatzaileak elkartuko dira. Umeen tailerra ere izango da.
Arratsaldez, 19:00etan, Galiziako Xistra Coruxo kale animazio taldea ariko da, eta 21:00etan kontzertuak izango dira: Frisiako Baldrs Draumar, Eskoziako Skipinnish eta Euskal Herriko Modus Operandi.