eñaut eta unai agirre

«Aldarrikatu nahi dugu bertso jarria eta bat batekoa eskutik helduta joan direla»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 00:00
Unai eta Eñaut Agirre beste emanaldi batean. Argazkia: Anbune.

‘Auskalo zeinek jarriak’ emanaldia eskainiko dute Eñaut eta Unai Agirre bertsolariek gaur, 20:00etan, Iparragirre Sagardotegian.

Bertsotan jarriko dute Ipa­rra­girre Sagardotegia gaur ilun­­tzean Eñaut eta Unai Agirre anaiek; Osiñaga Auzo Elkarte­ak eta sagargotegiak berak an­tolatuta, bertan izango baitira Auskalo zeinek ja­rri­ak emanaldiarekin afaria giro­tzen.  Ilun­tzeko 20:00etan hasita izango da, eta  txartel guztiak salduta, 120 lagun elkartuko dira afari girotuan.

Bertso historikoak eta gaur egungoak, tartean
Bertso jarriak izango dira protagonista nagusia: «Alda­rri­katu nahi dugu ber­tso jarria eta bat-batekoa eskutik helduta joan direla, hau da, bat bateko jardunaz aparte, bertsolariek beti jarri dituztela bertsoak. Nahiz eta azkenaldian ez duen hainbesteko pixurik izan, gaur egunean ere oso formatu baliagarria da, eta badauka bere in­darra», onartzen du Eñaut Agi­rre bertsolariak.
Aldea, baina, egileak eta tematikak mar­katuko dute: «denetarik izan­­go da, bertso historikoak, baita gaur egungoak ere», azaldu du Agirrek.  
Tartean izango dira XIX. mendeko Xen­pelar osaba-iloben bertsoak, hau da, Juan Fran­tzis­ko Petriarena Rekon­do­re­nak eta Joxepa Antoni Aranberri Petria­renarenak es­kainiko di­tuzte; eta baita gaur egungo Unai Agirre berarenak ere.
Tematika aldetik ere, denetarik entzun ahal izango dute bertaratzen direnek: Euskal Herriko historia isladatzen du­tenak, edo gai sozialagoak lan­tzen dituztenak, besteak beste.
‘A capella’ kantatuko dituzte horiek guztiak, Eñaut eta Unai Agirreren artean txandaka, baita biak batera ere. 

Lekuan lekuko bertsoak ere bai
Emanaldiak bi zati dauzkala azaldu du Agirrek: «zati bat berdina da emanaldi guztietan, eta beste zati bat lekuan lekura egokitzen dugu». Osiña­gako kasuan ere hala izango da: «saiatu gara bertako ber­tsolarien sailak ekartzen, ez direnak oso ezagunak, baina oso onak direnak». Horrez gain «sorpresatxoren bat» ere izango dela aurreratu du.

Gabonetan, beste emanaldi bat
Ez da, ordea, haien herrian Auskalo zeinek jarriak emanaldia aurkeztuko duten azkeneko aldia izango. Afariaren bueltan egingo dutena, oholtza gainera eramango dute Eñaut eta Unai Agirre anaiek abenduan, Bertso Lataren barruan, Dobera Eus­kara Elkartearen alde. Laster emango da emanaldi honen xehe­tasun gehiago. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!