Eskubaloia

Hernaniko eskubaloi taldearen aurkezpen jaia ospatuko da gaur, zortzi talde eta 100 jokalari baino gehiagorekin

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 18a, 00:00

Orain zazpi urte berreskuratu zen Hernanin hain esanguratsua eta arrakasta izan dituen kirola eta urtetik ­urtera hazten doa. Street handball txapelketa izango da gaur aurkezpenean berrikuntza «kirola ikusarazteko».

DENBORALDI berriaren aurkezpena egingo du gaur Hernani Eskubaloi Taldeak eta azken ur­­teotan egutegian txertatuta ge­ratu den zita da. Aurten, Atse­gindegin egiten ari diren lanak direla eta, jaia Tilosetan os­patuko da goizeko 10:30etatik aurrera eta bertan, besteak beste, 19-20 denboraldian parte hartuko duten taldeen aurkezpena egingo da. Eguraldiak ez badu laguntzen, eta iragarpenak ez dira onak, Urumea Ikastolako jolastokira pasako da jaialdia.
Goizeko 10:30etan hasita Street Handball txapelketa ospatuko du klubak edo taldetik dioten bezala jokatu, lagunarteko lehiaketa kutxua izango baitu. Ondoren, denboraldi berrian arituko diren taldeen aurkezpenaren ondoren, lagunarteko bazkaria izango da. Arratsaldean txapelketaren fi­nalak eta eguna biribiltzeko musika izango da, oraingoan Dj Kris Cle-rekin. 
Eskubaloia hazten ari da Hernanin eta horren adierazle da, aurten Eskubaloi Eskolaz gain, beste zortzi taldek hartuko dutela parte eskubaloi denboraldian eta horiek aurkeztuko dira 13:00etan. Hiru infantil: Sesa Tools (neskak) eta Leoka eta Goizargi (mutilak); hiru kadete: Alaia (neskak) eta Sor­lan eta Akola (mutilak); eta bi jubenil: One Telecom (neskak) eta Anexo (mutilak).

‘Street handball’, eskubaloia kalera ateratzeko helburua
Aurkezpen Jaiaren barruan street handball txapelketa os­pa­tuko du HETak. Partidak goizeko 10:30etan hasiko dira Ti­lo­­setan (eguraldi txarra egin ez­­kero Urumean), eta finalak arratsaldeko 16:30etan izango dira. Bi kategoria bereiziko di­tuzte: Alebinak gehi infan­tilak alde batetik eta kade­te­ak gehi jubenilak bestetik. Taldeak mis­­­toak izan­go dira eta lau jo­kalarik osatuko dituzte.
Honen helburua eskubaloia herrira hurbiltzea eta «ikustaraztea da» dio Ramon Iriondo taldeko arduradunak. «Iazko jaialdiarekin alderatuta pauso bat gehiago ematea da helburua eta horregatik antolatu du­gu street handball txapelketa. Eskubaloia kalera ateratzea nahi dugu eta Tiloseta leku ezin hobeagoa da horretarako. Egu­raldiak ez badu laguntzen Urumean egingo da murriztua. Atse­gin­degi itxita egotearen ondorioz pentsatu dugu txapelketa hau antolatzea».
Taldeko jokalariek izena emango dute eta kopuruaren ara­bera egingo dituzte taldeak egunean bertan ahalik eta pa­rekatuen. «Goizean sailkapen fasea jokatuko da eta bazkal­ondoren finalaurdenak, finalaurrekoak eta azkenean finalak. Helburua nagusi eskubaloia kalera ateratzea da».

Zortzi talde eta 100 ­jokalaritik gora
Aurten taldeen kopurua igo egin da, zortzi guztira eta ho­rrek suposatzen du neska-mu­til gehiago dabiltzala Herna­nin eskubaloian jokatzen. Mi­kel Ostolaza kirol arduradunetako batek dio «100 jokalari baino ge­hiago ditugu jadanik». Ho­rrek futbola eta errugbiaren ondoren, kopuru haundiena duen taldea bihurtzen du HET.  
Eskubaloian ere, neskek bertan behera uzten dutela adinean aurrera joaten diren heinean gertatzen da. «Jubeni­letara gutxi iristen dira eta aur­ten oso nabaria izan da. Infantiletan asko dira neska eta mutilak, baina jubeniletara mutil gehiago iristen dira. Pena da talde kiroletan zailtasunak izatea nesken taldeak osa­tzeko. Askotan bost-sei nes­ka badituzu jarraitzeko go­go­e­kin, baina taldea ezin osatu ge­ratzen dira, eta jarraitu nahi du­­tenak ere, ezin jokatu gera­tzen dira».  
Eskubaloia Hernanin be­rres­kuratu zela zazpi urte bete dira. «Kirol eskolan hasi ginen, gero infantil taldea osatu ge­nu­en eta pixkana hazten jo­an gara. Orain jubeniletan bigarren urtean daudenak hasi ziren».
Aurreneko urtean, normala den bezala, jendearen uholdea eduki zuten, eta orain taldea egon­kortu egin da. «Eskolan orain ez ditugu hainbeste gaz­te, baina bai beste maila guztietan». 
Ramon Iriondok dio «egitura sendotu egin da». Mikelek dion moduan «elkarte modura. Entrenatzaileak bolondresak gara, konpromezu haundi batekin. Ez da erraza eta antolakuntzak gauza asko eskatzen ditu eta horrek sendotasuna hartu du eta jarraitzeko ilusioa pizten dizu aurrera jarraitzeko». 

Senior taldea osatzea, helburu
Taldea epeak betetzen ari da, eta aurrera begira, Hernanik berriz ere nagusien mailan taldea edukitzea da hurrengo helburua; baina posible ez bada, lanean jarraituko dute gazteekin. «Aurtengoa beste pauso bat da. Hemendik bi-hiru urtera gehienez gustatuko litzaiguke senior taldeak edukitzea bai nesketan eta bai mutiletan».
Horretarako ikusi egin be­har da taldea nola garatzen den, zeintzuk jarraitzen duten, nortzuk doazen kanpora ikastera eta abar. «Beste ziklo bat has­ten da eta askok beste bideak hartzen dituzte. Datorren urtean nahiko jende badago aterako dugu, baina ez bada posible datorren senior izango diren jubenil horiek jubeniletan mantendu beharko ditugu. Federakuntzak ematen du au­kera hori gertatzen den fenomeno bat delako Gipuz­koako talde askotan. Eta hori kontu­an izanda gure lurraldean es­kubaloiak indar haundia duela eta beherakada baten ondoren azken urteetan berriz gorantz datorrela».

Aurkezpen Jaia-Gaur


10:30: Street Handball txapelketa *
13:00: Taldeen aurkezpena.
14:30: Lagunarteko bazkaria.
15:30: Zazpi metrotik jaurtiketa txapelketa.
16:30: Street Handball finalak.
18:00: Sari banaketa.
18:30: Bingoa.
19:00: Musika. Dj Kris Cle.

 

*Partidak goizeko 10:30etan hasiko dira Tilosetan, eta finalak arratsaldeko 16:30etan izango dira.
Bi kategoria bereiziko dira: Alebinak+Infantilak alde batetik eta Kadeteak+Jubenilak bestetik. Taldeak mistoak izango dira eta lau jokalarik osatuko dituzte. Euria egin ezkero jaialdia Urumea ikastolara pasako da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!