Errugbia

Santboiana indarberrituaren zelaian, partidu zaila Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 00:00

Erik Goñi, Santboianaren kontra, aurreko denboraldian Landaren.

Bihar 12:00etan jokatuko dute, Ohorezko Mailako mutilek. Euskal Ligako neskek, Landaren daukate zita gaur, 16:00etan.

Aurreko asteburuan atseden hartu ondoren, lehiara bueltatuko da Hernani bihar, mutilen Ohorezko Mailan. Eta partidu zaila daukate, eguerdiko 12:00etan hasita: Santboiana indarberrituaren zelaian ariko dira, Baldiri Aleun.

Joan den urtean play-offetik kanpo geratu ondoren, indar­tsu hasi du denboraldia, talde kataluniarrak; eta jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi ditu; horietako bat, Quesosi.

Trikoloreek, berriz, ez dute garaipenik lortu oraindik, Cis­neros eta Independienteren kon­tra oso gertu egon arren. Zaila izango da biharkoan es­kuratzea aurreneko garaipen hori, baina punturen bat ekar­tzen saiatuko dira behintzat, Santanderren erakutsitako mai­la onari segida emanda.

 

Erik Goñi, ‘sevens’ selekzioarekin Kenian

Baldiri Aleun arituko ez dena, Erik Goñi izango da. Espainia­ko zazpiko errugbiko selekzio­ak deitu du trikolorea, eta Kenian da egun hauetan, Nairobiko Nazioarteko Txapelketa lehia­tzeko, gaur eta bihar.

Asteburu honetan Landaren ariko direnak, Euskal Ligako neskak dira. Gaur jokatuko du Landarbaso taldeak, arratsaldeko 16:00etan hasita, Getxo­ren kontra, ligako hirugarren jardunaldian. Landarera jaitsi eta animatzeko deia luzatu die taldeak, hernaniarrei.

 

Barneratzaileko taldeak, lagunartekoa Valladoliden

Bestalde, errugbi barneratzaileko taldeak zita berezia dauka asteburu honetan. Valladolide­ra egingo dute bidaia, eta topaketa izango dute Fuente de La Mora zelaian, El Salvador taldearekin, gaur goizean. Aurre­na, 10:00etan, bi taldeen aurkez­pena egingo dute. Eta ondoren, lagunartekoa jokatuko dute, baina nahastuta ariko dira bi taldeetakoak, harremanak es­tu­tzeko asmoz.

Gazteek zita bihar, Gravesend eta Ordiziarekin

Beste zita berezi bat ere izango da, Landaren, bihar eguerdian. Lau partidu antolatu dituzte, 17 eta 18 urtez azpiko taldeentzat, Hernani, Ordizia eta Ingala­terra­­ko Gravesend taldeekin. Mai­­la bakoitzean, gainera, bi­na talde osatuko ditu Gra­ve­sendek, ber­tan jokatzeko.

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira bi partidu: 18 urtez azpikoetan Gravesend eta Hernani, eta 17 urtez azpikoetan Gra­ve­send eta Ordizia. Eta 13:00etan hasita, alderantziz: 17 urtez azpikoetan Gravesend eta Her­nani, eta 18 urtez azpikoetan Gravesend eta Ordizia. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!