Gainditzen pertsona gorren elkarteak bigarrenez antolatu dute Desgaitasunei buruzko Zinemaldia eta hamaika saio eskainiko dituzte. Horietako hiru Hernanin eskainiko dira eta lehenengoa gaur hasiko da, Biteri kultur etxean, 19:00etatik aurrera.
Bi film labur jarriko dituzte: La niña pirata, Gabriel Lúgigok zuzendutakoa; eta Apnea, Gabriel Flainena. 14 minutuko iraupena dauka La niña pirata filmak, eta Lucia da protagonista, zazpi urteko neska bat. Bere ama erizainarekin batera, tratamendu eta proba asko daramazki azkenaldian. Ama da beretzako eredu, baina ezusteko aldaketa batek, egoera berrira egokitzera behartuko du.
Apnea laburmetraia, berriz, izen bereko elkartean kokatzen da. Bertan, 95 urteko gizon bat ari da, aniztasun funtzionala duten haurrei eta haien familiei laguntzen. Osso izeneko metodologiaren sortzailea da bera. 18 minutuko iraupena dauka.
Bigarren saioa asteazkenean
Urriaren 23an izango da bigarren saioa Biterin, eta errugbi inklusiboari buruzko pelikula bat jarriko dute, 19:00etan hasita: Pumpas, abriendo caminos. Rafael Ruizek zuzenduta, 87 minutuko iraupena dauka.
Urriaren 25ean izango da azkeneko saioa Biterin, eta horrek emango dio bukaera, aurtengo Zinemaldiari. Bi film laburren ondoren, sari banaketaren gala egingo dute bertan; eta azkenik, dantza erakustaldia eskainiko dute, gurpildun aulkietan.
Biteriko saio guztietan, zeinu interpretea egongo da.