HERNANIARREK eta bisitariek bi aste izan dituzte tabernetako bakailuz eginiko pintxoak dastatzeko eta gaur amaituko da probatzeko eta bozkatzeko aukera. 20:00etan jasoko dituzte botoa emateko kutxak. Hiru pintxo onenak aukeratu ahal izango ditu ordura arte bakoitzak, ez onena bakarrik.
26 tabernak hartu dute parte eta herrian saltsa egon da. Dastaketa hasi zenetik batzuen eta besteen gogokoenak zeintzuk izan diren entzun da koadrilen eta lagunarteko solasaldietan. Hiru pintxo onenak etzi igandean sarituko dituzte, eguerdi aldera. Eta bozkatzen duten herritarren artean, zozketatuko dute lau lagunentzako otordua, Errioguarda jatetxean. Aurten ez da egingo Bakailu Festa, azkeneko egun horretan, Atsegindegiko obrak direla eta.