Nafarroako Ondarearen Guneak izenburupean, hainbat ekitaldi antolatu ditzute elkarlanean, besteak beste, Hernani Errotzenek, Nabarraldek eta Eusko Ikaskuntzak, Ondarea, Paisaia eta Globalizazioaren V. Sinposiorako.
Horietako bat izango da urriaren 27rako antolatutako ibilaldia, Pirinioetako bunkerretan barrena ibiltzeko. Hernanitik autobusa aterako da, eta izen-ematea irekita dago.
36ko gerraren ondorioak, agerian
Urriaren 27ko ibilaldi gidatua Nabarraldek, Hernani Errotzenek eta Motako Gaztelua elkarteak antolatu dute. Orreaga-Ibañetako bunkerretara egingo da irteera, Auritzera.
Auritzeko bunkerren ibilbideak «XX. mende lazgarrian kokatzen» gaituela azaldu dute: «Oraingo bi Estatuek sortutako muga lerroari jarraituz, Espainiaren 36ko gerrak utzitako ondorioak ikusiko ditugu. Bistan, Pirinioetako gailurren eremu honetan, balizko eraso bati aurre egiteko eraikitako gotorleku eta bunkerren aztarnak ezagutuko ditugu. Frankismoak gerra amaitutzat eman, eta berehala hasi ziren gotorlekuak eraikitzen; horrela, gerran preso hartutakoak Kantauri itsasotik Mediterraneoraino aritu ziren 20 urtez. Bigarren Mundu Gerra lehertzear zela hasi, eta gailur amiltsu hauetan 169 gotorleku eraiki zituzten Europarekiko babes-lerro moduan».
Autobusa, Hernanitik
Autobusa Donostiatik, Larramendi gasolindegitik aterako da aurrena, goizeko 08:30etan, eta Hernanin egingo du geldialdia 08:40etan, Biteri kultur etxean. Gero, Andoainen, Sorabillako bidegurutzean geratuko da, 08:50etan, eta Iruñean, Matesa eraikinean, 09:40etan. Ibañetara 11:00etan iristea aurreikusten da, eta ibilaldia bukatuta, Auritzen bazkaldu ahal izango da, 14:00etan. Arratsaldeko 18:30etarako bueltan izatea espero da.
Izena emateak 25 euro balio ditu, autobusa eta bazkaria barne, eta www.nabarralde.eus webgunean egin daiteke.
Zita nagusia, asteburuan
Ekitaldi, irteera, erakusketa eta beste hainbat ekintza gehiago ere antolatu dira jardunaldi hauen barruan. Horietan, nagusia, ostiral eta larunbaterako.
Ostiralean, Iruñeako Civica aretoan emango zaio hasiera, 19:00etan, eta Juan Jose Ibarretxek hitzaldia emango du: El estatuto de Estella. Larunbatean egun osoan izango dira hitzaldiak, mugarrien, emakumeen sareen eta beste hainbat gairen inguruan. Izena webgune berean eman daiteke.