Ederra izan zen joan den larunbata, Zubipen! Txuri-berdeen bi garaipen haundi bizitu zituen Hernaniko zelaiak: Euskal Ligako neskena, eta Liga Nazionaleko mutil jubenilena. Biek lortu zuten etxeko aurreneko garaipena, denboraldian.
Liga hasieran paretsu dabilen talde bat hartu zuen Euskal Ligako taldeak, Lakua arabarra; eta aurrera atera zuten partidu berdindua, puntuak pilatzen jarraitzeko. 1-0 nagusitu ziren txuri-berdeak, Enirek lortutako golari esker, bolada onari segida emanez: aurreneko partidua galdu zutenetik, bi berdindu eta beste bi irabazi dituzte, eta zortzigarren postura igo dira, sailkapenean.
Antzeko ibilbidea egin dute Liga Nazionaleko jubenilek ere, orain arte. Denboraldia pattal hasi ondoren (hiru porrota), buelta eman diote egoerari, eta larunbateko garaipena izan da horren erakusle: Athletic liderra hartu zuten mendean Zubipen (2-1), aurreko bi asteetako garaipen eta berdinketa banari hiru puntu gehitzeko. Talde bilbotarra aurreratu zen markagailuan, baina lanean segi, eta buelta ematea lortu zuten txuri-berdeek: penaltiz berdindu zuen Roscok 70ean, 84an irauli zuen markagailua Eduk. Gainera, bat gutxiagorekin geratu arren, lortu zuen emaitzari eustea, Hernanik.
Mundarrok eta Hernanik galdu, mutil erregionaletan
Etxetik kanpo aritu ziren, aldiz, erregional mailako mutilen talde nagusiak; eta bestelakoa izan zen emaitza: galdu egin zuen Hernanik, ohorezko mailan; eta porrota jaso zuen Mundarrok ere, preferenteetan.
Partidu zaila zeukaten txuri-berdeek, Deban, Amaikak Bat taldearen kontra. Sailkapenean berdinduta egon arren, jokatutako bi partiduak irabazita zegoen etxeko taldea, Errotazar zelaian; eta bertan geratu ziren hiru puntuak, berriro, larunbatean: 2-0 nagusitu zen Amaikak Bat, Hernaniren kontra. Etxetik kanpo aurreneko porrota dute hori, txuri-berdeek; eta indar pixka bat galdu arren, aurreneko postuen borrokan jarraitzen dute, seigarren postuan.
Oraindik ere konpromiso zailagoa zeukan Mundarrok, erregional preferenteetan,?Vasconia liderrari egin baitzion bisita, larunbatean. Eta ondo aritu arren, porrota jaso zuten moreek (2-0), Puion. Intentsoa bezain parekatua izan zen partiduaren hasiera, baina gol aukera garbirik gabe. Aurreneko zatiaren bukaeran eman zuen pauso bat aurrera Mundarrok, kontrarioen zelaian baloi ugari lapurtuz, baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan, arriskua sortzen.
Horrelaxe ekin zioten bigarren zatiari ere, aukerak izan bai, baina ezin asmatu. Kontrarioak izan ziren, 60garren minutuan, astigartarren akats bat aprobetxatu zutenak, markagailuan aurreratzeko. Lortu zuen Mundarrok, aurreko sentsazioak berreskuratzea, eta oso gertu izan zuen berdinketa, bost minuturen faltan: zutoinera jaurti zuten. Baina hurrengo jokaldian, beste akats bat aprobetxatu, eta bigarren gola lortu zuten donostiarrek, partidua erabakita uzteko.