NOLA hasi zinen squashean jokatzen?
Gaztetan pelotan aritzen nintzen, eta entrenatzaileak fisikoa lantzeko squash izeneko kirol bat zegoela esan zigun eta baita hura probatzeko gomendatu. Oso kirol azkarra denez, abiadura hartzeko primeran etorriko zitzaigula esan zigun eta hor ezagutu nuen nik kirol hau. Pare bat aldiz ibili ginen eta ez nion gustu gehiegirik hartu baina aurrerago, duela lauzpa bost urte gutxi gora behera, lagun batekin astean bitan etortzen hasi nintzen eta pixkanaka-pixkanaka, ia egunero praktikatzen dudan kirol batean bihurtu da.
Nolakoak izan ziren hastapen horiek?
Nahiko gogorrak egia esan. Fisikoki oso kirol gogorra da, eta ni ez nengoen oso egoera fisiko onean, orduan oso gogorra egin zitzaidan hasieran erritmoa hartzea. Gainera, ni pilota mundutik etorrita ezker eta eskuinarekin jolasten ohituta nengoen, eta hasieran raketa bi eskuekin erabiltzen nuen baina txapelketak jokatzen hasi nintzenean, erritmoa biziegia zen eta ezinezkoa zen. Aurrerago, profesionalek egiten duten moduan, eskuina eta errebesa soilik erabiltzen ikasi nuen. Hasierako pausuak zailak izan zireent, egia esan.
Garai batean squashak bazuen bere garrantzia Hernanin, bazenuen horren berririk?
Bai, noski. Familia eta ingurukoen bitartez jakin dut lehen Hernaniko kiroldegian hiru pista zeudela eta jende asko ibiltzen zela. Tirada handia omen zuen bere garaian, baina denborarekin poderioz, afizio hori galtzen joan da eta gimnasioa handitzeko pistak kendu zituzten eta orain pista bakarra utzi digute. Baina bai, esan izan didate Hernanin afizio handia zegoela.
Orain bi aste, nolatan izan zinen Euskadi ordezkatzen, Espainiako Squash Txapelketan?
Euskal Herrian Euskal Squash federazioa dago, eta hor jokatzen da euskal liga. Euskal Herri mailan hainbat klub daude eta klub bakoitzak bere txapelketa antolatzen du urtean zehar. Txapelketa horietan lortutako emaitzen arabera, puntu batzuk eskuratzen dituzu eta puntu horiekin ranking batean sailkatzen zara. Lehenengo bost postuetan sailkatzen direnak izaten dira Espainiako Txapelketara joaten direnak Euskadi ordezkatzera, lau jokalari eta badaezpada ordezko bat, guztira bost jokalari, komunitate bakoitzeko 5 onenak. Aurten nik 4. amaitu dudanez, niri egokitu zait hara joatea eta esperientzia berri eta polita dela esango nuke. Espero ez nuen sari bat izan da.
Zer moduz ibili zarete Andaluzia aldean?
Nahiko ondo, espero baino hobeto egia esan. Ikusita Euskadin maila kaxkarra dagoela, espero genuena baina emaitza hobea lortu dugu, ez genuen esperantza handirik egia esan. Espainian barrena maila ona dutenak katalanak, andaluziakoak eta galiziakoak dira, gainontzeko guztiak oso urruti gaude. 16-17 urteko gazte batek Andaluzian erraz irabazten digu euskaldunoi. Ez nuke esan nahi hemengo maila txarra denik, baina beste pare bat probintziarekin alderatuta oso kaxkarra dela aitortu behar da.
Espero zenuten halakorik?
Ez. Gogorra da esatea, baina azkenetarikoak ez geratzea zen gure helburua eta soberan bete dugu. Bosgarren sailkatu gara, erdi-erdian geratu gara eta oso gustora gaude egindako lanarekin, egia esan. Zozketa bidez antolatzen da txapelketa eta lehenengo errondan andaluziakoen aurka lehiatzea tokatu zitzaigun, aurtengo txapelketako irabazleen aurka zehazki, eta eliminatu egin ziguten. Baina partida bakarra ez jokatzeko, postu guztiak jokatzen dira eta gainontzeko eliminatoriak irabazi genituenez, bosgarren bukatu genuen.
Zeintzuk dira hurrengo planak?
Duela gutxi hasi da aurtengo denboraldia eta nahiz eta lehenengo txapelketa ezin izan dudan jokatu, denboraldi berriarekin topera jartzea da momentu honetan tokatzen dena, ea aurten emaitza politen bat lortzerik dugun. Aurtengo helburua, Euskadi mailako txapelketa bat irabaztea dela esango nuke.
Nola ikusten duzu squasharen egoera nazionala eta internazionala?
Euskadin maila kaxkar xamarra dela esango nuke, eta oso jende gazte gutxi dago. Ni Irungo klubean nago sartuta eta bertan saiatzen gara eskola kirolaren bitartez gazteak erakartzen baina oso zaila da. Azken finean, gazteek ez dute Squasharen inguruan ezer jakiten eta telebistan azaltzen diren beste kirol horiekin lehiatzea, futbolarekin esaterako, oso zaila da. Egia da aurtengo txapelketan ikusi dudanagatik, Espainia mailan jende oso gaztea datorrela, oso onak direnak. Izugarrizko aldea dago Espainiako autonomia erkidegoen artean, indar handia dakar Squashak Espainiako hainbat tokitan. Mundu mailan aldiz, gorantza doala esango nuke. Tokioko Joko Olinpikoetan eta hurrengo Joko Olinpikoetan, Parisen izango direnetan, kirol gonbidatu bezala lehiatzeko moduan izan da Squasha, nahiz eta gero ez den aukeratua izan baina bai, badu etorkizunik eta jende gazte asko dator. Pena da hemen ez dagoela gazte jende gehiegirik.
Zein maiztasunekin entrenatzen duzu?
Pistan entrenatzen dut astean bi edo hiru aldiz, normalean Hernaniko Pistan lagun pare batekin. Irunera ere joaten naiz astean behin jokatu edo entrenatzera baina normalean Hernanin entrenatzen dut, ez da inor egoten beraz pista osoa niretzat izaten da. Pistetatik kanpo ere, fisikoa aparte lantzen dut astean beste pare bat aldiz, hortaz, denera astean 5-6 entrenamendu ditudala esan daiteke
Zer da entrenamenduetatik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehien gustatzen zaidana da, Squashak ekartzen didan neke eta sufrimendu hori. Denbora guztian zabiltza alde batetik bestera korrika eta leher eginda bukatzen duzu. Ordubete ibiltzen naiz eta handik ateratzean, dutxatik pasa eta zuzenean ohera joateko moduan egoten naiz. Gutxiena aldiz, entrenatzeko dudan limitazio hori. Azken finean, jende aldetik ez dut aukera handirik eta nirekin jolasten duen pertsona horietako batek ezin badu entrenatu, bakarrik geratzen naiz eta ez dut pistan entrenatzeko aukera gehiegirik.
Zu bezain ondo ibiltzeko gomendiorik?
Lehenengo jendeak probatzea gustatuko litzaidake; Hernaniko pista bete-betea ikustea, batzuetan betetzen da baina oso noizean behin. Asko gustatuko litzaidake jendeak kirol hau probatzea, pare bat aldiz jokatuta gustua hartzen den kirol bat da eta. Oso bizia da, sufrimendu puntu batera iristen zara eta bukaerako sentimendu hori asko gustatzen da. Gomendioa probatzea da, eta gero gustura balin bazaude segi jolasten eta entrenatzen eta horrela maila hartzen joango zara. Nik ez dut gauza berezirik egin gaur dudan maila hartzeko.
Zein da squasha gomendatzeko arrazoi nagusiena?
Ez nintzen inoiz horretan pentsatzen jarri, baina ziurrenik kirol berri bat probatzearren gomendatuko nuke; gauza konbentzionaletatik ateratzeko, betiko kiroletatik ateratzeko. Ez dakit zer duen, ze txitxare edo pikotazo duen baino barruraino sartzen zaizun kirol bat delako gomendatuko nuke seguru asko.