Urteroko zitari eutsiz, denboraldi berriari ongietorria emango dio larunbat honetan Hernani Eskubaloi Taldeak. Goizeko 10:30etan hasita izango da festa, Tilosetan.
Street Handball txapelketa, hasteko
Street Handball txapelketarekin emango zaio hasiera egunari. Goizean izango dira partidu gehienak, eta arratsaldeko 16:30etan hasita, finalak. Arratsaldeko 18:00etarako aurreikusi dute txapelketako sariak banatzea.
Eguerdian, ekitaldi nagusia
Txapelketaren lehenengo zatiari festaren ekitaldi nagusiak emango dio segida. Eguerdiko 13:00ean izango da Tilosetako kioskoan, eta Hernaniko Eskubaloi Taldearen talde guztiak aurkeztuko dituzte bertan.
Ondoren, taldekide eta jarraitzaile guztiak mahaiaren bueltan elkartuko dira, bazkari eder batekin gozatzeko asmoz.
Beste txapelketa bat, baita ere
Ordubete beranduago, beste txapelketa bat izango dute: 7 metrotik jaurtiketa txapelketa, hain zuzen.
Street Handball txapelketari bukaera eman ondoren, bingoan aritzeko aukera izango dute Tilosetan daudenek, 18:30etatik aurrera.
Musikarekin bukatuko da festa, 19:00etatik gaualdera arte.
Egun osoan zehar, ohi bezala, ez dira faltako HET-ren materiala eskuratzeko denda, ezta pintxoak eta edariak eskuratzeko taberna ere, herritar guztiei zuzendua.