Bikaina izan da asteburua, ia borobila, bailarako pelotarientzat, Gipuzkoako Txapelketan. Hamabi partidu izan dituzte, eskuz zein palaz, eta horietatik bederatzi irabazi.
Garaipen garrantzitsuak lortu zituzten, eskuz. Nagusietan, partidu zaila irabazi zuten, ondo irabazi ere, ohorezko mailakoa: 22-11 nagusitu ziren Hodei Exposito astigartarra eta Markel Lizeaga hernaniarra, Tolosako bikotearen kontra. Horrela, bere multzoko lider jarraitzen du Hernanik, eta ia ziurtatuta dauka semifinaletara pasea.
Nagusien bigarren mailan, garaipen klabea lortu zuten Harri Loidi eta Jokin Santxez astigartarrek, Epleren kontra. 22-11 nagusitu ziren Errenterian, eta bizi-bizirik jarraitzen dute, bi partiduren faltan.
Eta irabazi egin zuten Arizmendi eta Zugasti hernaniarrek ere, nagusien hirugarren mailan, Tolosaren kontra (22-20). Jokatutako lau partiduak irabazi dituzte, orain arte.
Eskuz, nagusien ohorezko mailan, ia ziurtatu dute semifinaletara pasea, Expositok eta Lizeagak.
Jokatutako guztiak irabazita daude, Ekain eta Eñaut Lizeaga anaia astigartarrak ere. Lidertza zeukaten jokoan, Tolosaren kontra, ligaxkako azkeneko jardunaldian; eta 22-11 nagusitu ziren, Txomiñenen, aurreneko postua ziurtatzeko.
Gainerako partiduetan, jokatu gabe irabazi zuten Uitzi eta Apaolaza jubenil hernaniarrek, ez baitziren aurkeztu Aloña Mendikoak; eta 22-21 nagusitu ziren partidu garrantzitsuan Deskarga eta Alegria kadeteak, Alde Zaharraren kontra, bost partidutik bosgarrena irabazteko.
Kadete mailako beste biak, galdu egin dituzte. Porrota jaso zuten Arluziagak eta Etxarri hernaniarrek, lehenengo mailan, ligaxkaren azkeneko partiduan: 19-22 galdu zuten Azkoitiaren kontra, eta azken fasetik kanpo geratu dira. Eta galdu egin zuten Urdangarin eta Saralegi astigartarrek ere, bigarren mailan, Tolosaren kontra (8-22).
Hirugarren mailako palistek pleno, asteburuan
Palisten artean, berriz, mutil nagusien hirugarren mailakoek izan dute asteburu borobila. Hiru partiduak irabazi dituzte: Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain astigartarrek, 25-12 irabazi zioten Lizardiri; Mikel Manterola eta Ander Arandia hernaniarrek 25-11, Urnietari; eta Alain?Agirre eta Beñat Garmendia hernaniarrek 25-20, Azkoitiari. Emaitza horiekin, aukera daukate hiru bikoteek, oraindik, aurrera egiteko. Aukerarik gabe geratu direnak, bigarren mailako hernaniarrak dira. Izan ere, 12-25 galdu zuten Endika Ramosek eta Aiheko Zubimendik, Altzatarraren kontra; eta ihes egin diete, sailkapenean.
Irun Hiriko finaletik kanpo, Aiheko Zubimendi
Beste porrota bat ere jaso zuen Zubimendik, baina Irun Hiria txapelketan. Semifinala zeukan jokoan, Epelderekin, Zabala eta Arronizen kontra; eta 19-25 galdu zuen. Finaletik kanpo geratu da hernaniarra, beraz.
Eskuz ere jokatu dute txapelketa pribatuetan, joan den asteburuan. Eta horietan ere, oso onak izan dira emaitzak, Josetxo Ezkurra memorialean: garaipena lortu zuten Legarretak eta Enaitz Artolak, eta Iturbek eta Azpeitiak, Iruritan; Jon Jarak eta Eskuzak Amaiurren; eta Unax Uitzik eta Astigarragak, Elizondon. Garaiarrek eta Etxarrik jaso zuten porrota, Amaiurren.