Muskildako Ama Birjina eta Boboren pausoei jarraika, Otsagabiara

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Tontorrez tontor  Mendiriz Mendiko kideek hilabetean egingo duten irteera baten inguruko xehetasunez osatutako atala.

Hiriberrin hasi eta Otsagabian bukatzen da Men­diriz Mendik urriaren 20rako proposatu duen ibilbidea. GR11ko seigarren etapa egin ahal izango da, Abodi mendilerroan barrena, Mus­kilda santutegitik pasata. 


Abodi mendilerroan barrena, Muskildara

Seigarren etapa honetan Abodi mendilerro osoa zeharkatzen da. Hasierako igoera burutu ondoren etaparen gehiengoa Abodi mendilerroko goi soroetatik egiten da. Otsa­gabiara iritsi baino lehenago ibil­bidea Mus­kilda santutegitik pasatzen da. 

Inguru hauetako aberastasun naturala izugarria da. Abo­diren ipar isurian Irati basoa dago. Iratiko basoa Europan dagoen bigarren baso handiena da eta bere fauna eta landare aberastasuna izugarria da. Udaz­kena hasieran basoak har­­tzen dituen koloreak ikuskizun eder eta ikusgarria sortzen du. 

Muskildako Ama Birjinaren baseliza erromanikoa XII. mendean eraiki eta XVII. mendean zaharberritu zuten. Muskilda mendiaren kaskoan dago eta ermita barruan Ama Birjina eta Haurraren XV. mendeko tailu gotikoa aurkituko dugu. Zurez­ko irudi polikromatua da, urrez apaindua dago, ez da oso handia (60 zentimetro ditu) eta Ama Birjina irribarretsu ager­tzen da. 

Tradizioaren arabera, herriko artzain mutil batek, zain­tzen ari zen ganaduko zezen bat haritz baten azpian lurrean aztarrika aurkitu zuen. Hur­bildu eta bertan Ama Birjinaren irudia zegoela ohartu zen. Iru­dia hartu eta herrira jaisten ha­si zenean, ganadua sakabana­tzen hasi zitzaiola ohartu zen. Irudia mendi erdian utzi eta ganadua biltzera joan zen. Irudia utzi zuen tokira bueltatu zenean ez zegoela ikusi zuen eta zezenak aurkitu zuen hari­tzaren azpira bueltatu zenean han aurkitu zuen. Une horretan, inguru haietatik gizaseme bat pasa zen eta artzain gazteak irudia nonbaitetik lapurtu zuela pentsatuta, biak hartu eta Otsagabiara eraman zituen. Hurrengo egunean irudia ez zuten aurkitzen eta haritza zegoen tokira itzultzerakoan berriro ere han zegoela ikusi zuten. Pasadizo hori Ama Birjinaren seinaletzat hartu zen eta tailua aurkitu zuten tokian baseliza eraikitzea erabaki zuten.

Auzokideek irudiari dioten debozio handia estuki lotua dago herri folkloreari. Horrela, irailaren 8an, herriko festetan, erromeria egiten da. Herriko jendea, udal agintariekin, apaizekin eta dantzariekin santutegirantz abiatzen da. Deigarriak dira dantzen orijinaltasuna, dantzarien jantziak eta dantzariak zuzentzen dituen pertsonaia xelebrea. Pertsonai hori arlekin moduan jantzita dago eta ?Bobo? esaten diote. 

Ibilbidea erosoa da, eta ondo seinalizatuta dago. Marka zuri-gorriak eta zuri-berdeak hartu behar dira kontuan.


Marka zuri-gorrietatik, zuri-berdeetara

Hiriberri herriko goiko aldean hasten da bidea. Berrendi mendilerro aldera igo behar da, Ollokiateko pasagunera iritsi arte. Bertara iritsi baino lehen iturri bat dago. Pasagunean eskuinera egin eta, baso barrutik, Martxate gailur aldera egin behar da.

Martxatera iritsi baino zer­txobait lehenago basotik irten eta goi-soroetara irtengo gara. So­roetatik barrena Otsagabia eta Irati batzen dituen errepideraino hurbildu behar da. Bidea zeharkatu eta Idorrokia aldera igotzen hasi behar da. Gai­lurrera iritsi baino lehen bideak eskuinera egiten du gailurra ezkerrean utzita. Soroe­tatik mendebaldeko Abodiko gai­lurrera hurbildu behar da. Ber­tatik Harrizabala lepora jai­tsi eta hortik, GR11 ibilbidea utzita, eskuinera egin behar da zeharkaldi beherakor bat eginez Otsagabiara jaitsiko gaituen gandor baten bila.

Gandorrari jarraituz, baso barrutik, Muskilda santutegira jaitsiko gara eta bertatik, jai­tsiera motz eta azkar batean, Otsagabiara. 

Ibilbidea bide erosoetatik doa eta ongi seinaleztatua da­go. Nahikoa da, beraz, marka zuri-gorriak jarraitzea. Jaitsi­era gehiena baso barruan egiten da. Muskilditik Otsa­gabiara jaisteko marka zuri-berdeak jarraitu behar dira.


GR11KO SEIGARREN ETAPA: AEZKOA HIRIBERRI ETA OTSAGABIA

Non kokatzen da: Nafarroan.

Datu interesgarriak:

Luzera: 21 kilometro.

Denbora: 6-7 ordu.

Desnibel metatuak: 850 m gorantz eta 1.000 m beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun bere­zirik gabekoak.

Beharrezko materiala:?

Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendik urriaren 20an egingo du irteera hau, goizeko 07:00etan Atsegindegitik aterata.

Izenematea elkartearen lokalean (Iturregi plaza), astelehen, ostegun edo ostiraletan, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara, urriak 17 arte. Bazkideek 18 euro, eta bazkide ez direnek 23 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!