Gazteenetakoak dira Kattalin Artola Vazquez (24 urte) eta Aitana Miner Ugalde (21) Hernaniko Bilgune Feministan, eta horrexegatik, aurreneko aldia izango dute aurtengoa, Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan parte hartuko dutena. Azkenekoak 2008an egin ziren, Portugaleten.
«Ohore bat» dela sentitzen dute, «beti gogoratzen den zerbait», eta gogotsu daude. Aurretik, pasa den asteburuan, Lizarran egin diren Neska* Gazteon Topaketan izan dira, «gazteen ikuspuntua landu eta jardunaldietara esku hutsik ez joateko».
Jardunaldiak, berriz, azaroaren 1, 2 eta 3an egingo dira, Durangon, Salda badago! lelopean. Epea itxita, izen-ematea berriro ireki da, «inor kanpoan utzi nahi ez» dutelako; 2.500 lagunetik gora badira, dagoeneko. «Talde bat ari da lanean hau antolatzeko; zer esanik ez, Durangoko jendea. Askok lotarako tokia behar dugu, bazkaltzekoa, dutxa eta komuna, eztabaidarako espazioak... Lan garrantzitsua dago atzean, eta zorionez, badago jendea. Eskertzekoa da».
«Oso baliotsua da belaunaldi desberdinetako emakumeak* elkartzea»
Zuentzako berria da. Zer dira Jardunaldi Feministak?
K.A.: Belaunaldi gazteak gara gu Mugimendu Feministan, bai baitaude emakume* beterana eta helduak. Eta mugimendu guztietan bezala, gertatzen da ez dakigula nola transmititu belaunaldi gazteei aurrekoek bizitakoa edo izan diren eztabaidak. Jardunaldiek betetzen dute funtzio hori. Galdezka eta tiraka hasi, eta iristen zara lehenengo Jardunaldietara, 77koetara, eta konturatzen zara Mugimendu Feministarentzat izan direla oso garrantzitsuak. Beraz, ohore bat da parte hartzea; izango dira beti gogoratuko duzun zerbait.
A.M.: Gehiago edo gutxiago, baina denek dute gogoan Jardunaldietan izan zirela. Eta emozionantea eta garrantzitsua izan zela. Horrek ematen du gogoa, joateko.
K.A.: Azkenean, Mugimendu Feministan azken 10 urteetan izan diren aldaketak, inflexio puntuak, Jardunaldietako erabakietatik datoz.
Hasi duzue atzera begirako lana. Zer jaso duzue?
K.A.: Denek gogoratzen dute izan zirela, baina ez gai zehatzak. Bazeuden gai orokorrak, Mugimendu Feministan beti daudenak, edo Martxoak 8 [Emakume Langilearen Nazioarteko eguna] edo Azaroak 25 [Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako eguna] bezalako egunak, ibilbide luzea egin dutenak. Baina, badaude beste asko, zure bizitzan normalizatuta daudenak, orduko erabakien ondorio direnak.
A.M.: Adibidez, Ekainak 28 [Nazioarteko Sexu Askapenerako eguna] Mugimendu Feministako agendaren parte da gu sartu garenetik, eta bizi izan dugu gauzarik normalena bezala. Baina konturatu gara 2008ko Jardunaldietan hartutako erabakietako bat izan zela. Transmisio horretan, inportantea da ikustea betikoa dela uste duzun hori ez dela horrela, eta jakitea nondik nora lortu den egungo egoera hau.
«Mugimendu Feminista bezala antolatuta ez dauden horientzat ere irekita daude Jardunaldiak, eta gainera, beharrezkoak dira»
Belaunaldi desberdinetako kideak zarete Hernaniko Bilgunen. Desberdin bizi duzue Mugimendua?
A.M.: Taldean lanean Batxilergoan hasi nintzen ni.
K.A.: Hori izan dugu aurreneko kontaktua. Feminismoarekin, agian, lehenago, baina kontzienteki antolatzen DBH 4 edo Batxilergoan hasi gara. Eta desberdintasunak badira. Jardunaldi hauetako gai interesgarrietako bat izango da, hain zuzen, feminismoak izan duen gorakada. Gaur egun oso ohikoa da, gutxi-gorabehera, feminismoa zer den jakitea, eta ez da zerbait txarra feminista izatea. Lehen, orain dela oso urte gutxi, hori ez zen horrela, eta argi eta garbi, ez da berdina orain urte batzuetako kideen ibilbidea eta gurea. Jabetzen zara zein hutsune izan diren. Apalaldiak eta gorakadak. Asko aldatu da, eta Hernanin ere bai.
Zein aldaketa sumatu duzue Hernanin?
K.A.: Niretzat, militantzian nabilenetik, aurreneko mugarria izan zen Txoko Feminista sortzen den urtea, batez ere, hasi zelako Azaroak 25 eta Martxoak 8aren bueltan berriro ere ekimenak kalean egiten. DBH 4 inguruan nengoen, eta niretzat mugarri izan zen Hernanin espazio bat egotea, bakarrik, emakumeentzat* edo gizon sentitzen ez direnentzat. Niretzako gakoa izan da institutuan feminismoa landuko zuten taldeak sortzea, klasetik aparte. Berdintasun Kontseiluak bultzatutako tailerren fruitu dira. Gu izan ginen lehenengoetakoak.
A.M.: Martxoak 8 edo Azaroak 25 hauetan ikusten da zein aldaketa izan diren Mugimendu Feministan. Orain zortzi urteko Martxoak 8 edo azken bi urtetakoak ez dira berdinak izan. Goraka haundia izan du. Era berean, orain arte talde itxi bezala funtzionatu du Mugimendu Feministak, eta orain, Martxoak 8rako asanbladak ireki dira. Agian hori da hemendik aurrerako bidea. Militanzia eredua aldatu da.
«Erosoa da orain feminismoa, eta erronka bat da jendea berriro deseroso sentiaraztea»
Militantzia eredua aldatzeak zer eragin du?
K.A.: Horrek eragiten du aldatzea ekintzak, eta ekintzetan parte hartzen duen jendea. Hernanin, orain bi urte erabaki genuenean Martxoak 8an greba egitea, uste dut ez genuela sekula pentsatuko manifestazio hartan bezainbeste jende izango zenik. Mugimendu Feministako kide bezala, harrapatu gintuen erabat sorpresaz.
Asanblada irekiak, belaunaldi aldaketak... Nola bizi dituzue?
A.M.: Ez gara gazteenak, baina ia-ia, eta uste dut oso baliotsua dela belaunaldi desberdinetako emakumeak* elkartzea. Ikasten da badaudela gauzak ikusteko beste modu batzuk, banatzen da jakintza.
K.A.: Asko laguntzen du. Helduenak ez dira agian urte guztian gurekin izaten direnak, baina bai hurbil eta ondoan. Gehiago, 27-35 urte bitartekoak. Urte guztian biltzen garenak 12-14 bat gara, eta gero, badaude pertsona batzuk feministak direnak, daudenak sindikatuetan edo beste eragile eta taldeetan. Militantzia bikoitza egiten dute. Pentsionistak, adibidez. Beti da erronka belaunaldi desberdinak Mugimenduan egotea, eta baita ere, ahalik eta aniztasun haundiena egotea eta gai izatea aniztasun hori modu egokian eramaten.
Beste erronka bat da, Jardunaldietan, kolektibo ezberdinak biltzea. Lortzen da hori Hernanin?
K.A.: Pentsionistena da adibide bat. Astelehenero joaten dira manifestazioetara, eta guregana hurbiltzen dira Martxoak 8an. Edo izan daitezke sindikatuetan dabiltzan emakumeak*; grebaren harira, Martxoak 8rako asko hurbildu dira. Edo Amherrekoak. Eta edozein eragile sozialetakoak izan daitezke.
A.M.: Herrian izan diren aldaketa hauek, Mugimendu Feministako parte ez direnak horrelako asanbladetara gerturatzea, Euskal Herri mailako Jardunaldien adibide garbi bat dira. Mugimendu Feminista bezala antolatuta ez dauden horientzat ere irekita daude Jardunaldiak, eta gainera, beharrezkoak dira.
Mugimendua anitza izanda ere, batzen duten puntuetan jarri nahi da indarra. Zein dira?
K.A.: Beti pentsatu izan dut oso mugimendu gutxi daudela hain pertsona anitzak biltzen dituena, hain bizi-baldintza desberdinekin, eta hain gai dena, nahiz eta gauza askotan ados ez egon, beti aurkitzeko lelo edo modu bat kalera elkarrekin ateratzeko. Gai askotan, prostituzioaren inguruan, adibidez, beti izan dira eztabaida ikaragarriak. Edo manadarena bezalako gai entzutetsuetan. Kalera atera nahi zen, baina, pentsatu genuen: ?kartzela zigorrak nahi ditugu? Punitibistak gara? Eztabaida haundietan ere lortzen dugu kalera ateratzea, ados jarritako puntuari helduta; justizia patriarkalaren aurka eginda, kasu honetan.
A.M.: Zerk batzen gaituen oso interesgarria da, baina, baita ere, non ez gauden ados eta nola bideratzen ditugun eztabaida horiek, akordio batera iristeko. Aniztasunak erakusten dizu beste modu batera ere pentsatu daitekeela, eta horrek ematen du perspektiba haundia. Jardunaldiek ekarriko dute.
K.A.: Eta erronka haundia da sentitzea zurekin ados ez dagoena zure konplizea ere badela. Ez gaude ohituta.
A.M.: Ohituta gaude zatiketara, eta Mugimendu Feministak egiten duena da zatiketa horiek mahai gaineratu, adostasunak zein diren bilatu eta hortik segi.
Zer espero duzue Jardunaldietatik, irrikaz?
A.M.: Hiru egunetarako joatekoak gara biak, eta asko espero dugu! Egitaraua oso anitza da, eta denetik izango da.
K.A.: Eta dena da inportantea. Ezingo genuke zerbait aukeratu.
A.M.: Baina egia da azken saioa izango dela gakoa, datozen 10 urteetara begira. Aurretik egongo diren eztabaidak kontuan hartuta, bertan erabakiko da zein bide hartuko den aurrerantzean, zein gaik izango duten presentzia.
Nola aplikatuko da gero hori, herriz herri?
K.A.: Hamar urtetan gertatuko dena ezin da aurreikusi, baina gertaera batzuen aurrean beti sortzen dira eztabaida gehiagorako markoak, eta Mugimendu Feministaren sarea hor egoten da beti. Jardunaldietatik ateratzen denetik hartu beharko da herri bakoitzean zentzua daukana.
A.M.: Bakoitzaren errealitatea ikusita, gaiak izango dira baliagarriak, edo ez. Agian ez praktikarako, baina bai jakintza haunditzeko, edo herri osorako ez badira, agian bai talderako.
K.A.: Bide orri bat bada, behintzat, eta badakizu Euskal Herriko txoko askotan helburu berdinekin ariko garela.
Hernanin zer dago egiteko?
K.A.: Gure erronka haundienetako bat da bat-batean erdian baina eroso sentitzea. Ohitu gara bazterrean egoten, guregatik feminazi esaten zela entzuten. Eta orain, ikusten dituzu pertsona horiek zu aurrean zoazen manifestazio batean. Hor kokatzen jakitea erronka da.
A.M.: Nik uste dut beste bat oso haundia dela eroso ez geratzea. Erosoa da orain feminismoa, oso erraza bihurtu da denentzat zuritze more bat egiteko, eta erronka bat da jendea berriro deseroso sentiaraztea.
K.A.: Zuritze morerako aprobetxatzen dute askotan feminismoa, erakundeek. Eta edonor izan daiteke gaur egun feminista. Noski, ez da karneta behar, baina gauza asko jarri behar dira zalantzan, zure gorputzetik hasita, eta erronka bat da gaur egun. Errazago iristen da feminismora, eta errazago onartzen da. Hori positiboa da, baina, era berean, tranpatiak baditugu Euskal Herrian.
Jardunaldi hauen aurretik prestaketa lanak ere egin dira: Lizarran egin berri dira Neska* Gazteon Topaketak. 2010ean Hernanin ere egin ziren, ?Kuleroak burura eta salto mundura? lelopean. Ezagutzen zenituzten?
K.A.: Badakit Hernanin egin zirela, baina... Lizarrakoetan bai, egon gara. Gazteok gure problematika propioa daukagunez, Jardunaldietarako prestatzeko izan da. Hausnartu dugu autodefentsa feministaz, batez ere, jai giroan eraso asko jasotzen ditugunak garelako neska* gazteak. Hernaniko agendan, adibidez, hor daukagu, bereziki, sagardotegi garaia. Baina Mugimendu Feministan badago erasoen inguruko hausnarketa berri ba-ten beharra, nire ustez, Jardunaldiek ere ekarriko dutena. Saiakera edo eraso asko izaten dira, eta normalizatu egin ditugu. Askotan, kontzentrazioak eta manifestazioak egitea ere automatizatu dugu, ohitu egin gara. Beraz, erosotasun horretatik nola atera pentsatzeko momentua bada, historikoki. Problematika hori hartu eta eraman nahi genuen Jardunaldietara.
A.M.: Baina esku hutsik joatea ere ondo dago! Entzutera!
IZEN EMATEA
Durangon izango dira Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak, azaroaren 1, 2 eta 3an. Dagoeneko 2.500 lagunetik gora daude izena emanda. Berriro ireki da izen ematea, baina Landa Guneko ekintzetan besterik ezin izango da parte hartu aurrerantzean.