Etxeko aurreneko garaipena bilatuko dute txuri-berdeek gaur, Euskal Ligan

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Sendotasuna ari da erakusten Hernani, defentsan, nesken Eus­kal Liga­ren hasiera honetan: hiru gol besterik ez ditu jaso, aurreneko lau partiduetan. Bai­na joan den asteburura arte, ez zuen lortu estreinako garaipena. Eta horri segida eman nahi diote gaur, etxeko aurreneko garaipena lortuta.

Lakua hartuko dute txuri-berdeek, Zubipen, gaur eguerdiko 12:00etan. Sei punturekin dago talde arabarra, hernaniarrek baino bat gehiago. Baina galdu dituzten bi partiduetan, zazpi gol jaso dituzte; eta hori, defentsako sendotasuna mantentzearekin batera, baliatu beharko du Hernanik, bi­garren garaipena lortzeko.

Zubipen daukate zita, baita ere, Liga Nazionaleko mutil ju­benilek. Eta partidu zaila be­zain erakargarria izango dute, gainera. Athletic liderraren kon­tra joka­tuko dute, arratsaldeko 16:30etan hasita. Ez zuten nahi bezain ondo hasi denboraldia, hernaniarrek; baina azkeneko bi partiduetan lau puntu lortuta, bilbotarrei aurre egiteko go­goz zelairatuko dira gaur.


Mutilen talde nagusiak, Donostian eta Deban

Etxetik kanpo ariko dira, aldiz, bailarako mutilen talde nagusiak, gaur arratsaldean. Mun­da­rrok Donostian jo­katuko du, Erregional Prefe­ren­teen mailan; eta Deban ariko da Her­na­ni, Ohorezko Erre­gio­naletan.

Txuri-berdeak Amaikak Bat taldearen zelaian izango dira bisitari, Errotazarren, arratsaldeko 16:30etan hasita. Debako taldeak, etxean jokatutako bi partiduak irabazi ditu, baina Hernanik ez du galdu oraindik, etxetik kanpo; bat irabazi, eta bestea berdindu. Zazpina punturekin daude bi taldeak, sailkapenean: hirugarren Hernani, eta zortzigarren Amaikak Bat.

Konpromiso zaila daukate moreek ere, gaurko partiduan. Vasconia liderrari egingo diote bisita, Puion, 17:30etan hasita. Baina aurreko asteburuan, Her­naniren kontrako derbian, au­rreneko garaipena lortu ondoren, aurrerapausoak ematen jarraitzeko gogoz joango dira astigartarrak, Donostiara. Tal­de gaztea izanik, mailari neurria hartzen jarraitu behar du Mundarrok, eta horretarako, lasaitasuna emango die, azkeneko hiru partiduetan bost puntu lortu izanak.


Bi derbi, gazteagoetan

Erregional Preferenteetan izan zen derbia, aurreko asteburu­an; eta beste bi derbi jokatuko dituzte Hernanik eta Mun­da­rrok, as­­teburu honetan, gazteagoetan; biak ere, Zarku­men­de­gin izango dira.

Gaur eguerdian jokatuko da ohorezko mailako mutil jubenilen derbia, 12:00etan hasita; eta bihar goizean ohorezko mai­lako mutil infantilen artekoa, 10:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!