«Trinkete bat behar dugu herrian», eskatu zuen Garbiñe Tijero hernaniarrak Kronikaren 9. alean, 2000ko uztailean, Goiatz Manzisidorrekin batera Euskadiko txapeldun bilakatu ostean. Eta aldarrikapen berarekin jarraitzen du, oraindik ere, 19 urte pasata.
«Emakume pelotari guztion alde egin nahi dugu, guztion mesedetan egin nahi dugu lan, inor baztertu gabe»
Orain, ordea, ez du bakarrik borrokatu beharrik izango, horretarako sortu baitute Emakume Pilotarien Elkartea (EPE): «orain arte indibidualki lagundu diogu pelotari, bakoitza bere herrian eta bere lekutik; indarrak batzeko garaia iritsi da, eta EPE bidez egingo dugu lan orain», azaldu dute.
Zuzendaritza Batzordean dago Tijero, eta harekin batera ari da lanean Patri Espinar ere -Presidentea da, Espinar-. Haiekin izan da Kronika, elkarte berriaren nondik-norakoak ezagutzeko asmoz.
Esku pelotaren oihartzuna, helduleku
Emakumezkoen pelota munduan azken urteetako aldaketek eman diete indarra elkartea sortzeko: «azkeneko lau urteetan esku pelotak izan duen bultzada ikusita sortu da EPE», azaldu du Patri Espinar presidenteak.
Nahiz eta «?boom?a» orain izan duen, Espinar eta Tijerok gogorarazi dute, Euskal Herriko emakumeek aspalditik daramakitela palan: «emakumeen esku pelota ia zerotik hasi da, eta lau urte hauetan indarra hartu du. Palan, aldiz, 90. hamarkadatik daramakigu, duela 8-10 urte gauza asko lortu genituen, baina dagoeneko galdu egin ditugu, ez delako inbertitu ez baliabide ekonomikorik, ezta teknikorik ere».
«Gipuzkoan, eskola kirolaren barruan, neska orok dauka aukera lehiatzeko, bai eskuz, baita palaz ere».
Komunikabideak eta Emakume Master Cup-a, eragile
Galdutakoak errekuperatu eta berriak lortzea izango dute helburu, orain, emakumeen esku pelota puri-purian dagoen honetan: «azkenaldian emakumeen esku pelota entzun egin da, batetik, komunikabideak bertan izan direlako, eta bereziki telebista, eta Emakume Master Cup txapelketari esker, bestetik».
Eta hori guztia nahi gabe gertatu dela aitortzen dute: «azken lau urteetan emakumeen pelota entzun egin da, emakumeak ia ohartu gabe. Emakumeok egin dugun gauza bakarra da frontoira joan eta jokatu, kanpoan gertatzen ari zena jakin gabe».
«Azkenaldian emakumeen esku pelota entzun egin da; batetik, komunikabideak bertan izan direlako, eta bestetik, Emakume Master Cup txapelketari esker».
Emakumeen pelota emakumeek kudeatzea, helburu
Momentuan ohartu ez, baina aukera ez dute pasatzen utzi, eta frontoietatik bulegoetara egin berri dute pelota munduan aspalditik lanean zebiltzaten hainbat emakumek. Hausnarketatik ekintzetara pasatzeko unea dela diote: «ikusten genuen eskuzko emakume pelotariok protagonista ginela, baina gure jarduna bakarrik mugatzen zela jokatzera, ez genuela kudeatzen emakumeen pelota». Erronka horri helduko diote, beraz, EPEtik. Zertarako? «Gu izateko pelotaren bultzatzaileak, eskuz eta palaz, eta erabakiak hartzen dituztenak gure etorkizunari buruz; gure bideak hartzeko eta gu izateko emakumeen pelota egituratuko dutenak», diote argi.
Horretan hasiak dira dagoeneko, elkartearen Zuzendaritza Batzordearen bost kideen gidaritzapean; Patri Espinar presidentearekin eta Garbiñe Tijero bokalarekin batera, Maider Mendizabal presidenteordea, Alaitz Badiola idazkaria, eta Ane Isasmendi diruzaina.
Haiekin batera, pelotari pila dituzte inguruan, 16 urtetik gorako 50 bat, pasa den ekainean egindako aurkezpenean erakutsi nahi izan zuten moduan (ezkerreko argazkia da horren adierazle).
Haien guztien alde egiteko asmoa ere adierazi dute Patri Espinar eta Garbiñe Tijerok: «emakume pelotari guztion alde egin nahi dugu, guztion mesedetan egin nahi dugu lan, inor baztertu gabe».
Elkarlana erakunde eta enpresekin
Erakunde, enpresa eta pelotarien artean koordinazio-lanak egitea izango da EPEren beste zereginetako bat: «pelota bultzatzen duten erakunde, enpresa eta federazioekin jartzen ari gara harremanetan, haiekin eta gure pelotariekin elkarlanean aritu nahi dugulako».
Izan ere, «gure helburua ez da konpetentzia bat izatea, gure helburua da emakume pelotarien egoera hobetzea, laguntzea eta bultzatzea», eta horretarako, beraien ustez, elkarlana da gakoa.
Bide horretan, dagoeneko izan dituzte aurreneko bilerak hainbat udaletxe eta erakunde ezberdinekin, eta horien balorazio positiboa egin dute: «harrera ona izan dugu; egin ditugun bileretan emakumeen kezkak entzuten ari dira lehenengo aldiz, adibidez, materialaren inguruan».
Baliabide falta, arazoetako bat
Materiala bakarrik ez, Emakume Pilotarien Elkarteak eskuartean daukan erronketako bat da baliabide ekonomiko faltarena. Horrek eragin zuzena dauka bai txapelketetan, baita teknifikazio eta azpiegitura arloan ere.
Txapelketa arloan, joan den denboraldian bertan behera utzi behar izan zuten palako Emakume Pilotari txapelketa, babeslerik gabe geratu zelako, eta penaz daude pelotariak: «oso proiektu ona zen eta pelotariak oso gustura zeuden. 2004ean jarri zen martxan Gipuzkoan, eta hamalau urtez egon da martxan», dio Tijerok.
Bestela ere, txapelketen egutegia ere bada arazo-iturri. Ibilbide historikoaren islada, palan egoera hobea da: «palako egutegia nahiko egituratuta dago, baina eskuz gertatzen da duela 30 urte gertatzen zena paletan. Batzuetan, aldiberean daude bi txapelketa; palaz egun berean jokatu daitezke bi partidu, baina eskuz, ez», kexu da Garbiñe Tijero.
Hori nolabait sahiestu eta egituratzeko lana egingo dutela adierazi dute; hain zuzen, Euskadiko Federazioarekin bilduko dira hilabete honetan, horretarako: «ea nola antolatzen dugun, eskuzkoa eta palakoa bateragarriak izan daitezen; pelotari asko aritzen baitira bietan».
Trinketeen falta, ere bai
Baliabide falten artean, Garbiñe Tijerok duela 20 urtetik daukan kezka mahai-gaineratzen du: «palako egutegian, martxotik aurrera, trinketea egiten da, baina ez dago non entrenatu, ondorioz, trinketea erortzen ari da. Daramazkit 18 urte baino gehiago trinketea eskatzen, eta Hernani Erabaki sortu zenetik, beti eskatzen nuen, aurten izan ezik».
Horrekin batera, gogorarazi du: «guk txapeldunak dauzkagu trinketean, eta zorionez edo zoritxarrez, onenak gureak dira, Euskal Herrikoak, nahiz eta oso baliabide gutxirekin izan».
Eskola Kiroletik hasi eta heldu izateraino, egitura bat
Koordinazio- eta kudeaketa-lanez aparte, emakumezkoen pelota egituratzea da Emakume Pilotarien Elkarteak bere buruari ezarri dion beste erronketako bat: «Eskola Kirolarekin hasi eta heldu izateraino egitura bat sortu nahi dugu, bide bat markatu, neska batek nahi baldin badu pelotan aritu, alde batetik bestera aritu behar izanik gabe aukera izatea».
Egungo egoera oinarri izanda egin dute hausnarketa hori: «Gipuzkoan, eskola kirolaren barruan, neska orok dauka aukera lehiatzeko, bai eskuz, baita palaz ere. Paletan, neskekin egiten dute; eta eskuz, lehen era mistoan aritzen ziren, baina orain badago aukera neskak beren kabuz aritzeko», azaltzen du Patri Espinar presidenteak. Eta gehitzen du: «kontua da ea izena ematen duten ala ez, baina aukera egon badago».
Kirol federatuan dago, orduan, gakoa. Palan, hiru talde potente daude: Hernani, Su-Berri eta Intxurre; eta eskuz, aldiz, bakarra: Plaza Emakumeak. Patri Espinar izan da eskuzko elkartearen sortzaileetako bat: «ez da erraza izan bidea egitea».
Azken finean, nahiz eta elkarte horiek egon, neskak aritzen dira mutilen elkarteetan, eta esku pelotariak palakoekin batera. Hain zuzen, hori guztia egituratu beharra dagoela uste du EPEren Zuzendaritza Batzordeak.
«DBHn neskek kirola utzi egiten dute; gizartearen arazoa da»
Eskola kiroletik kirol federatura salto egiteko momentuan dago koxka, eta horretan eragin nahi du Emakume Pilotarien Elkarteak, baina zaila dela aitortzen dute: «DBHn neskek kirola utzi egiten dute eta mutilek jarraitu egiten dute; gizartearen arazoa da».
Horretan ere eragiteko asmoa badute. Eskoletara joan eta hitzaldiak eman nahi dituzte kontu hau gaztetxoekin ere lantzeko, baita herri mailan ere, gizarte osoarengana iristeko.
«Bidea egiten ari gara»
Hortaz, lan asko du aurretik Garbiñe Tijero eta Patri Espinarren taldeak, baina gogoz egingo diote aurre: «zerbait egiten bada ilusioz eta gerorako ikuspegiarekin...! Azkenean, bidea egiten ari gara».
Apustu hau egiterakoan, haien esperientzia pertsonalak ezinbestekoak izan dira. Haien bidean, Munduko txapelduna eta Euskadiko txapeldunak direnek oztopo eta zailtasun askoren kontra borrokatu behar izan dute, eta ez dute hori errepikatzerik nahi: «bidea erraztu nahi diegu ondorengoei, ez dezatela pasa guk pasa duguna. Baldintza duinak ezarri nahi ditugu».