'Larra' eta 'Basozabal' aurrez aurre ariko dira sega apustuen tenploan, aizkora eta sega desafioan

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Bi hilabeteko prestaketa la­nak eta gero, iritsi da Jokin Urre­tabizkaia 'Basozabal' donostiarra (20 urte) eta Jon Larrañaga 'Larra' (51 urte)  Hernanin bizi den oiartzuarraren arteko de-safioaren eguna. Bihar, Jauregi jatetxeko zelaian, eguerdiko 12:00etan jokatuko dute aizkora eta sega apustua. Abuz­tuaren 6an iritsi ziren akordiora Oianume jatetxean eta 3.000 euro jokatuko ditu bakoitzak. Santa Bar­ba­ran, San Inazi­oe-tako erakus­tal­dia eta gero hasi zen mugimendua, eta dagoeneko, ez dago atzera bueltarik. Bi kirolariak prest dira apusturako.

Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu ditu eta sarrera erdibana.

Egin beharreko lanak: lehenengo 8na kana-erdiko moztu beharko dituzte, eta, ondoren, segan 75 minutuko denbora be­te arte ariko dira. Denbora ho­rretan belar kilo gehien mozten duena izango da garaile.  Biak ere sasoiko eta gogotsu agertu dira aurreko egunetan; urduri ere bai, asko baitago jokoan. 


Gaztetasuna, ­eskarmentuaren aurka

Basozabalentzako lehenengo apustua da, ez ordea, Larra­rentzako. Aurretik baditu jokatuak hainbat erronka. Hori bai, ez bihar jokatuko den ohiar­tzunarekin. Bai bata eta bai bestea aizkoran eta segan ari­tzen dira, eta aurten Basozabal Euskal Herriko txapelketan ere ari­tu da, segan. Aizkoran ere era­kustaldietan aritu da. Larra gehiago da aizkolaria.

Apusturako egur guztiak Urretabizkaiak aurkeztuko ditu eta bien artean banatuko dira. Jokoa jokatzeko egunean, egur guztiak  goizeko 08:30etarako aurkeztu beharko dira, eta 10:00etarako jokatzeko mo­du­an jarri. Aizko­lari bakoitzak bina la­gun­tzaile izango ditu. Baso­za­balek, la­guntzaile bezala, pres­takun­tzan, Gabriel Sa­ra­legi eta Juan Manuel Erasun izan ditu. Larrak, ordea, Irun­txiberri; eta Donato Larretxea ere alboan eduki du.

Aizkoran amaitu on­do­ren, jarraian, belar mozten hasiko dira bi kirolariak. Aiz­korako lana bukatu eta segan hastean, laguntzaileetako bat ordezkatu ahal izango da hirugarren ba­tekin. Segalari bakoitzak la­guntzaile eta zorroztaile bana izango ditu.  

Apustua amaitzen denean do­pinaren kontrola pasatuko zaie eta norbaitek positibo emango balu, apustuko gal­tzaile izango litzateke. Biek positibo emango balute, ez le­goke garailerik. Dopin kontrolaren emaitzak jaso arte, edota negatiboa balitz, agiri horrekin diruzainak libratuko dio aipatutako diru kopurua. 


Apustu eta sega txapelketetako belardi historikoan jokatuko da

50eko hamarkadaren amaiera aldera hasi ziren jokatzen sega apustuak Jauregi jatetxeko zelaian.
Herri kirolen munduan Jau­regi Jatetxeak badu historia haundia. Garai batean Ernio­pean zeuden belardiak ziren apustuen kokaleku nagusia. Aia, Asteasu, Zizurkil, Tolosa, Beizama, Azpeitia, Zestoa eta Aizarnazabal ziren apustuak hartzen zituzten herriak, baina, behin Jauregi jatetxea martxan jarrita, erreleboa har­tu zuen Hernaniko belardiak.  

Migel Irazusta Goikoetxea Polipaso segalari hernaniarraren agerpenak eta lekuak, Jauregi lehen mailara ekarri zuen. Ordutik aurrera eta 80­eko hamarkadara arte Jau­regi apustu eta txapelketen leku nagusi bihurtu zen. Poli­paso eta Jose Txapartegi Vito­ria Izurtzu asteasuarraren ar­teko errebantxa jokatu zen Jau­regi baserriko zelaian, eta ordukoan Polipaso gailendu zen. 
80eko hamarkadaren on­do­ren beherakada etorri zen, eta gutxi izan dira bertan jokatu diren apustu eta txapelketak.  Azke­nekoa, 2018ko apirilean;  Roxario Pikabea eta Jon Ariz­mendi aritu ziren korrika eta aizkoran, ez segan. Le­henago, 2010eko abuztuaren 28­an jokatu zuten Bixente Mitxe­lena eta Jexux Mari Goenaga euskaldunek Alexan­der Sch­mit eta Stefan Heinz ale­mani­arren aurka. Bakoitza orduerdiz ari­tu zen Bikote euskaldunak, bien artean, 2.053,50 kilo ebaki zituen. Bikote alemaniarrak, berriz,  1.850,50. 6.000 euro jokatu zituzten eta 300 bat pertsona bildu ziren. 

Erasun-Aranalde, Mitxelena-?Urki?ren kontra
Aurretik, mende honetan baita ere, beste apustu bat jokatu zen Jauregin, hau ere segan. Euskal Herriko lau segalari onenetariakoak, hoberenak ez esatearren, binaka lehiatu ziren. 

2005eko irailean Juan Ma­nuel Erasun eta Mikel Ara­naldek Bixente Mitxelena eta Jexux Mari Ormaetxea ?Urki? garaitu zituzten.  

Txanda librean irabazleek 5.193 kilo ebaki zituzten eta galtzaileek, 5.126,50 kilo.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!