Gaur zortzi hasiko da Biterin, Desgaitasunei buruzko Zinemaldia

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 11a, 02:00

Bigarrenez antolatu du Gain­ditzenek, Tolosaldea-Goierri­ko pertsona gorren elkarteak, Des­gaitasunei buruzko Zine­mal­dia. Asteazkenean aurkeztu zu­ten, Hernaniko Biteri kultur etxean; eta Biterin bertan, gaur zortzi hasiko da, datorren osti­ralean. Urriaren 18tik 25era izango da, hamaika saiorekin; eta horietako hiru antolatu di­tuzte Hernanin.

Film eta dokumental luzeak zein laburrak, antzezlanak edota erakustaldiak eskainiko dituzte, eta saioen ondoren, solasaldiak ere egingo dituzte. «Proiekzio guztiek ikusaraziko dute, desgaitasunen bat duten kolektibo ezberdinen errealitatea, eta aukera emango digute, pertsona guztien eskubideak ezagutzeko», azaldu zuen Ju­lian Rodriguezek, Gainditzen elkarteko presidenteak. Aur­kez­penean, berarekin izan ziren Richard Oribe igerilari paralin­pikoa, Javier de Aymerich en­trenatzailearekin eta Ana Bo­rre­zo laguntzailearekin; Xa­bier Lertxundi Hernaniko al­ka­­tea; eta Andoni Lizeaga, Hernaniko errugbi inklusiboko ordezkaria.


?La niña pirata? eta ?Apnea? film laburrak, hasteko

Biteriko hiru saioetatik aurrenekoa, urriaren 18koa, arratsal­deko 19:00etan hasiko da, eta bi film labur jarriko dituzte: La niña pirata, Gabriel Lúgigok egindakoa; eta Apnea, Gabriel Flainena. 14 minutuko iraupena dauka La niña pirata filmak, eta Lucia da protagonista, zazpi urteko neska bat. Be­re ama erizainarekin batera, tratamendu eta proba asko da­ra­mazki azkenaldian. Ama da be­­retzako eredu, baina ezusteko al­daketa batek, egoera be­rrira egokitzera behartuko du.

Apnea filma, berriz, izen be­reko elkartean kokatzen da. Bertan, 95 urteko gizon bat ari da, aniztasun funtzionala du­ten haurrei eta haien familiei laguntzen. Osso izeneko me­to­­dologiaren sortzailea da bera. 18 minutuko iraupena dauka.

Lau film labur eta ?Pumpas? pelikula jarriko dituzte Biterin, hiru saiotan.

?Pumpas, abriendo caminos?  filma, errugbi inklusiboaz

Urriaren 23an izango da bigarren saioa Biterin, eta errugbi inklusiboari buruzko pelikula bat jarriko dute, 19:00etan ha­sita: Pumpas, abriendo caminos. Rafael Ruizek zuzenduta, 87 minutuko iraupena dauka. Ezaugarri bereziekin sortutako aurreneko errugbi talde argen­tinarra da Pumpas XV, errendi­mendu altuko kiroletan des­gaitasun intelektuala duten pertsonen partehartzea ahalbidetuz. Espero gabeko indarra hartuko du taldeak, jendearen laguntza eta konpromezuari es­­ker; eta erakutsiko du, desgaitasunen bat dutenek errugbian jokatu dezaketen bezala, nahi duten guztia egin dezaketela: pazientzia eta denbora kontua besterik ez da.

Ondoren, solasaldia izango da, Hernaniko errugbi inklusiboko Andoni Lizeaga eta Jon Insaustirekin, eta Pumpas pro­iektuko David Izquierdorekin. 


Bi film labur, sari banaketa eta gurpildun aulkian dantza erakustaldia, bukatzeko

Urriaren 25ean izango da azke­neko saioa Biterin, eta horrek emango dio bukaera, aurtengo Zinemaldiari. Arratsaldeko 19:00etan hasita, bi film labur jarriko dituzte, aurrena: Lés?Égarés, Maria Castillejok, Maë­lle Gran Bossik eta Elisabeth Silveirok egindakoa; eta Don Chisciotte, Marta Rigo eta Giu­seppe Zambonirena. Komedia bat da aurrenekoa, eta lapurreta bat kontatzen du, baina ez beldurgarria eta ez mingarria; maitasunari buruz hitz egiteko aitzakia besterik ez da. Eta Don Chisciotte filma, amets baten istorioa da, inklusioaren utopia. Don Quijote mo­der­no­aren abentura dibertigarriak kontatzen ditu filmak, eta ez­gaitasunaren eta ezberdintasunen metafora eginez, bizi­tzaz eta inklusioaz hausnar­tzera eramango ditu ikusleak.

Bi film laburren ondoren, sari banaketaren gala egingo dute bertan; eta azkenik, dan­tza erakustaldia es­kainiko du­te, gurpildun aulkietan.

Biteriko saio guztietan, zei­nu interpretea egongo da.

Andoainen, Urnietan, Tolo­san, Donostian eta Erren­te­rian izango dira, gainerako saioak. Informazio guztia, hemen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!