Bigarren izanda ere, txartelik ez Zelaiak

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 7a, 02:00

Gertu izan zuen, lau puntura; baina azkenean, final laur­de­ne­tarako txar­telik gabe geratu da Iñaki Zelaia hernaniarra, Gipuzkoako Bertsolari Txapel­ketan. Bigarren izan zen Lasar­te-Oriako saioan, final zor­tzi­re­netako azkenekoan, 412,5 pun­turekin; eta 416,5 behar zituen, aurrera egiteko. Mikel Artolak irabazi zuen saioa, 429rekin.

Azkeneko agurrean, txa­pel­ketatik agurtu eta eskerrak emateko baliatu zuen Zelaiak, Gipuzkoakoan botako duen az­keneko bertsoa, ziurrenik:

Itxura danez ez degu pasa
pasa behar gendun langa,
alper-alperrik egina degu
edadian propaganda.
Itxura danez gazteagoei
utzi behar zaie txanda;
txapelketatik agurtuko naiz
eskerrik asko esanda,
ta esango det iraun dun arte
zoragarria izan da.

Gertu izan zuen Zelaiak pa­sea, baina are gertuago geratu da, larunbateko emai­tzekin, Eli Pagola ereñotzuarra: puntu erdira izan ditu, sailkatu diren azkeneko bi bertsolariak. Bost ordezkari izango ditu, Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak.

Final laurdenak, zehaztuta

Aurrera egin duten bertsolari guztiak erabakita, zehaztu du­te, baita ere, zein izango diren final laurdenetako saioak. 

Horrela, urriaren 19an kan­ta­tuko dute Eñaut Martikore­na hernaniarrak eta Asier Azpiroz zubietarrak, 17:00etan Andoaingo Basteron; hurrengo egunean izango dute saioa Agin Laburu astigartarrak eta Unai Gaztelumendi añorga­rrak, 17:00etan Irungo Amaia kultur zentroan; eta azaroaren 2an ari­ko da Beñat Gaztelumendi añorgarra, 17:00etan Azkoitia­ko Baztartxo antzokian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!