Oktoberfest berezia Akarregin

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 5a, 02:00

Basqueland Brewing artisau garagardoa ekoizten duen enpresa da eta datorren urriaren 12an laugarren urteurren festa ospatuko dute Akarregiko egoitzan eguerdiko 13:00etatik aurrera. 2015ean Benjamin Rozzi, Benjamin Matz eta Kevin Patricio estatubatuarrek jarri zuten martxan proiek­tua eta jadanik lau urte bete dituzte. Benjamin Rozzik aipatzen duen bezala «lagunekin ospatu nahi dugu urteurrena. Nazioarteko bost ekoizle desberdin gonbidatu ditugu, gu bezala garagardoa modu artisauan ekoizten dutenak; Inga­la­te­rrako Cloudwater (Manchester), Amundsen (Oslo) Norvegiakoa, Suediako Stibergets (Gotemburgo), Fuerst Wiacek (Berlin) Alema­nia­koa eta Kanadako Collective Arts (Toronto) dira etorriko diren garagardogileak. Lagun as­ko ditugu mundu honetan eta laguntasun haundia dago». El­karri laguntzeko prest daude euren lanean. «Lupulu bat falta baldin bada utzi egiten da inongo arazorik gabe. Helburu berdinak ditugu, gure inguruan artisau garagardoa sustatzea».

Urtero antolatzen dute festa Hernanin eta herritarrak eta garagardo zale guztiak gonbidatuak daude Akarregira. «Instalakuntzak ikusi daitezke bisita gidatuan, hornitzaileak egongo dira, bezeroak, Estatu guztitik etorritako lagunak eta lagunartean ederki pasako dugu». Mundu hau gogoko dutenentzat eta noski ateak zabalduta daude: «hernaniarrak, astigartarrak, donostiarrak.. denentzako dago lekua». Gustora daude eduki duten harrerarekin lau urte hauetan. 

Jendeari asko gustatzen zaio egiten duten garagardoa. «Gero eta esportazio gehiago egiten ditugu. Sagardoa, txakolina, ardoa eta kalitatezko gastronomiarekin batera Euskal Herrian garagardoa eta kalitatezkoa egiten dela erakusten dugu». Asteazkenetik igandera 17:00etatik 21:00etara ireki­tzen dute jendearentzako instalakuntza, garagardoaz goza­tzeko eta urriaren 12an aukera zabalduko da garagardo berriekin eta janariarekin festa giroan urteurrena ospatzeko. Online, 20 euroan lortu daiteke tiketak eta egunean bertan 25 euroren truke. «Beste urteetan irailean egin izan dugu, baina aurten festa eguna aukeratu dugu ospakizunarentzako». Egun horretan bi garagardo berri aterako dituzte, IPA bikotza izango da bat. Aukera paregabea garagardoa dastatzeko.  


Akarregi Ind., 4B, Hernani .  T.: 615 51 33 68

www.basquebeer.com

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!