Euskal Herrian egindako artisau garagardoa ­merkaturatzeko lanetan, bertako ekoizleak

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 5a, 02:00

Artisau garagardoa gero eta indar gehiago ari da hartzen Euskal Herrian eta beste he­rri­aldeetan. Bailaran bertan ere baditugu adibideak Otsa­hien eta Basqueland Brewing. Arti­sau garagardoak garagardoak dira, gehigarririk eta kontserbagarririk gabeak eta pasteurizatu gabeak. Bizirik daude eta eboluzio-produktuak dira, egunero pixka bat alda­tzen direnak, legamia bizia (ikusgai ala ez) daukate. Malta aleetatik hasita, urarekin, le­ga­mia­re­kin, lupuluarekin eta zerealekin batera, estrakturik erabili gabe, prozesu natural baten bidez sortzen dira.

Orain urte gutxira arte Eus­kal Herrian ez da ohiturarik izan artisau garagardo ekoiztu eta kon­tsu­mi­tzeko, na­­hiz eta Europan korronte ho­­ni gehi­tzen azkenetarikoa izan, indarrarekin sartu da ar­tisau-ga­ragardoaren mundu­an. Az­ke­netarikoa izate ho­nek ere me­sede egin dio, beste le­kuetako esperientzietatik ikasteko ba­lio izan die enpresa be­rriei. Benjamin Rozzi Bas­queland Brewing Projecteko kidearen hitzetan. «Gutxinaka Mun­du­an ze­har goraka goaz eta erakutsi nahi dugu Euskal He­rrian ere garagardoa badakigula egiten». 

«Ekozile industrial batzuk bertakoak bailiran bezala saltzen dute eta ez da horrela. Sortzen dute nahasmena»

Otsaiheneko kideek ere argi dute. «Beste herrialde batzuetan aspaldi hasi ziren etxean garagardoa ekoizten: AEBetan, Bel­gi­kan, Alemanian... Ka­ta­lu­ni­an ere hasi ziren, orain 10-15 urte. Euskal Herrian beti atzetik ibiltzen gara. Baina lehen ez zegoen interesa sumatzen da, Nafarroan asko egiten ari dira, Hernanin BBP ere badaukagu... Garagardo artisauaren merkatua txikia da oraindik, bai­na zabalduko da!». 


Gauza berriak egiten, baita sagardotegiekin elkarlanean

Momenturo gauza berriak egiten dituzte Akarregin. Hi­la­­betean hiru garagardo berri ateratzen dituzte. «Orain serie bat ari gara ateratzen australiar lupulu mota batekoa. Urteurren ekitaldian beste bi berri aterako ditugu eta gero gama finko bat dugu momenturo egiten ari garena. Aurreko urtean Zapiain sagardotegiarekin elkarlanean garagardo bat ekoizten hasi ginen. Muztioa gure fabrikan egiten dugu eta sagardotegira eramaten dugu ondoren bertako giroan irakiteko. Sagardoaren bakterioak daude airean eta irakiteko egokia da». 

Aurten txakolindegi batzuekin saiatu dira elkarlan hori aurrera eramaten, baina ez da posible izan denbora faltagatik. «Berandu hasi ginen eta datorren urtera arte atzeratuko dugu elkarlana». 

Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan artisau garagardoak merkatu kuotaren %10 inguru dauka 

Artisau garagardo kontsumitzaileak ez du aditua izan beharrik Rozziren esanetan. «Denentzako garagardoa egiten dugu. Batzuk oso zaleak dira eta beste asko ez. Hemen ?rubia? esaten zaion horren antzekoa ekoizten dugu, nahiz eta gure ezagunena IPA altuagokoa izan».  

Garaian garaiko garagardoa egiten da artisau eran. «Saia­tzen gara denboraldi bakoitzari egokitutako garagardoak egiten. Urrian, udazkenean gaude jadanik, eta urteurren egunean IPA bikoizten duen bat jarriko dugu mar­txan, zortzi gradutakoa. Ho­tzarekin garagardo sendoagoa edo mardulagoa egiten  dugu. Udaran esaterako gara­gar­do arinagoa ekoizten du­gu». Es­ta­tu Batuetan hasi zen bide hau asko zabaldu da. 


500 mila litro ekoiztuko ­ditu aurten Basqueland Brewing Projectek

Espainian garagardoaren urteko kontsumoa pertsonako (2015an). 40 litro ingurukoa zen, guztira 33.620.000 Hl ekoiztu zirelarik. Horietatik 100.000 Hl, gehienez, kontsideratzen ziren artisau garagardo bezala. Horrek esan nahi du kontsumitzen zenaren %0,3ko merkatu kuota zutela artisau-garagardotegiek. Euskal He­rri­an portzentai horiek mo­te­la­goak dira; Euskal Gara­gardo Elkarteak kalkulatzen du, ga­ra­gardo­tegi txikiek, artisauek, %0,1ko merkatu kuota izan­go dutela . 

Benjamin Rozzik inguruko merkatuaren inguruan hausnarketa egiten du. «Eten­ga­beko borroka da marka industrial haundiekin. Ea gauzak al­datzen diren». Benjamin Rozzi gainera kexu da aspaldi honetan egiak ez diren mezuak zabaltzen direlako marka ezagun horien aldetik. «Bertakoak be­zala saltzen dira eta ez da egia. Gure inguruan baditugu ho­rren bi adibide ezagun. Ez dira hemen ekoizten, kanpoan baizik eta gero saltzerakoan he­men­goak direla esaten dute. Ez da etikoa, enpresa haundi asko kontsumitzailea nahasten ari dira produktu lokala izango balitz bezala salduz». 

«Garaian garaiko garagardoa egiten dugu. Hotza hastean sendoagoa eta udaran arinagoa»

«Artisau garagardo ekoizle askok beraien diru guztia inbertitzen dute lan horretan eta ekoizle haundiek berriz marka bat bakarrik egin dezakete kontsumitzailea nahasteko. Hori ikustea tristea da» aipatzen du Rozzik.

Hala ere baikor agertzen da eta goranzko bidea geldiezina dela dio. «Urtetik urtera gurea bezalako produktuak hazten ari dira. Lehenengo urtetik, orain lau urte, aurtengora arte etengabe igo da ekoizpena. 2019an produkzioa 500 mila litro ingurun ibiliko gara. Ikusi besterik ez dago zer geratzen ari den Estatu Batuetan, Erre­suma Batuan... portzentaia as­ko igo da eta kontsumitzen den guztiaren ehuneko interesgarria lortu du artisau garagardoak». 

Estatu Batuetan artisau ga­ragardoak, merkatu kuotaren %12,2 du, %8,4 Erresuma Ba­tu­an, %6,5 Kanadan, %3 Fran­tzian. Euskal Herri­koa­rekin al­de­ratuta portzentai as­koz ere altuagoak. Hala ere pixkanaka goranzko bidean dago artisau azoka erraza ez den arren.  

Oraindik ere bide luzea da­go egiteko Euskal Herriko da­tuak baxuak direlako. «Jen­de desberdinentzako ga­ra­­gardoa egiten dugu eta probatzera animatzen dugu jendea». 


Euskal garagardoa

Bertako lupuluarekin bertako garagardoa, hurrengo pausoa

«Agian luze baino lehen Hernaniko osagaiekin egindako garagardoaz ­gozatuko da» diote Otsaihenetik.

BBP eta Otsaihenek bertan ekoiz­ten dute garagardoa. Kro­nikan orain urte bete esan be­zala etxe­­ko materialarekin ha­si ziren Jon Ezeiza, Oier Iu­rra­mendi, Ekhi Zubiria eta Txo­min Lizeaga. Hurrengo pausoa ekoiztea bakarri ez, baizik eta bertako garagardoa egitea da. «Hasierako filosofiari eustea izan da beti gure helburua. Produkzio txikia, ahal dela, hemengo osagaiekin». Oraingoz, gertuago topatu ez, eta Oliteko lupulua erabil­tzen dute, eta Nafarroako malta. Baina Hernaniko bertako garagardoa egiteko saiakera mar­txan daukate. 
«Iñaki Sanz-Azkuek esanda, orain 80 bat urte Hernanin landatutako aldaxka moduko batzuk topatu genituen Mar­tindegin, eta etxean landatu ditugu». «Her­nanira ekarri ziren lupuluen aurretik ere, bazen bertakoa, kontrolik gabe hazten zena. Iñaki Sanz-Azkueren laguntzarekin, uste dugu topatu dugula aldaxka horietakoren bat, eta landatu dugu. Orain horrekin bueltaka ga­biltza. Hernanin ez dago garagarrik, baina bai lupulua! Gure helburua da Hernaniko lupuluarekin egindako garagardoa egitea. Beste zerbeza bat nahi dugu, bertakoa».
Nork daki; agian, luze baino lehen Hernanin eta Hernaniko osagaiekin egindako garagardoarekin gozatzeko aukera izango da, Otsaihenen eskutik. 
Urnietan «la­bo­rategia» da­u­­kate «proba eta esperi­men­­tu­ak egiteko». Produkzio haundiagoetarako, berriz, Na­fa­rroako lagun ba­tzuekin elkar­lanean aritzen di­ra. «Insta­lazio txiki bat daukate, eta han egiten dugu». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!