Beterri-Buruntzako bost udalerrik bat egin zuten atzo Astigarragan eman zuten prentsaurrekoan, herri guztietan ostiralean egingo den merkataritza txikiaren aldeko festa aurkezteko. Merkataritza Bulegoarekin bat eginda, elkarlanean aritu dira Astigarragako Astiko, Hernaniko Berriak, Andoaingo Salkin, Lasarte-Oriako Aterpe eta Usurbilgo Hurbilago elkarteak; Urnietak ez du bat egin, herriko elkartea oraintxe antolatuta ez dagoelako.
Elkarlana azpimarratu zuen Xabier Urdangarin, Astigarragako alkateak, eta herrietako denda txikien «borroka» txalotu zuen, «zuen dendengatik, eta baita ere, herriak bizirik mantentzeko. Egun batekin ez dira aldatzen ohiturak, mundua. Baina elkartu garela ikusita, aurrera egingo dugu, nolako herriak nahi ditugun gogoeta eginda».
Ohiturak aldatzea helburu, etorkizunean herri biziak izateko
Gogoeta egitea da, hain zuzen, festaren helburua, Marta Zulaika, Beterriko Merkataritza Bulego Teknikoko arduradunak azaldu bezala. «Egoera kezkagarria bizitzen ari dira bertako dendak, jendeak ohiturak aldatu dituelako. Hori ikusita, bigarren urtez elkartu dira bost elkarteak».
Horrela antolatu dute ostiraleko festa, eta horrekin, «helburua da herritarrek erosketak bertako dendetan egitea, eta ikus dezatela, zein garrantzitsuak diren dendak, herriak bizirik mantentzeko».
Hori adierazteko, lelo bat erabiliko dute: Nire aukera, Beterri-Buruntza! Egokitu egingo dute gero, herriz herri.
Beltzetik kolorera
Bigarren urtea da bost udalerrietako elkarteek bat egiten dutela. Horren aurretik, Berriak, Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien elkarteak sentsibilizazio kanpaina berezia egin zuen orain bi urte, Mertxe Jimenez ordezkariaren esanetan.
«Merkatari talde bat elkartera hurbildu zen egoerarekin kezkatuta, eta aurreneko sentsibilizazio kanpaina jarri genuen martxan. Hiru egunez erakusleihoak beltz-beltz izan genituen. Eragina izan zuen herritarrengan. Hurrengo egunetan, berriz, kolorea, argia, alaitasuna eman genien, eta mezu positiboak zabaldu genituen. Horrela erakutsi nahi izan genuen zein desberdina den herri bat komertzioa duena, eta ez duena; hau da, bizirik dagoena, eta hilik dagoena». Beste herrietan errepikatu egin zuten kanpaina lehengo urtean, eta Hernanin, Berriak elkarteko 100 komertzio kalera atera ziren. «Erakutsi nahi izan genuen zein aukera zabala daukagun herri bakoitzean».
Horixe bera erakutsiko dute ostiralean, herriz herri egingo diren moda desfileetan, musika emanalditan... Dena, festa giroan.
MERKATARITZA TXIKIAREN ALDEKO FESTA
Irailaren 20an,?Astigarragan
-Txu-txu trena herrian barrena, Pelotari kaleko autobus geltokitik aterata, 17:00etatik 20:00etara.
Irailaren 20an,?Hernanin
10:00-13:30, Komertzioak kalera!
13:30, Berriak egoitzaren inaugurazioa eta Telemar-en 50garren urteurrena.
16:30-20:00, Komertzioak kalera!
16:30-20:00, Merkatariek antolatutako tailer eta jolasak.
18:00, Moda desfilea Plaza Berrin.
18:15, Markus bakarlariaren kontzertua.
19:00, Kolpez Blai, perkusio kale ikuskizuna.