11/13 SUMARIOKO 47 auziperatuei babesa adierazteko Elkartasun Asteburua antolatu zen Ereñotzun eta Hernanin; eta bereziki, haietako biri: Ereñotzun bizi den Amaia Esnal urnietarrari eta Aiert Larrarte hernaniarrari.
Mugarri nagusienetakoa etzi larunbatean biziko da Bilbon egingo den manifestazioan. 47ak Herrian lelopean, 17:30etatik aurrera, La Casillatik irtengo den manifestazioan, babesa emango diete hilaren 16an hasiko den epaiketako auziperatuei.
Hernanin autobusa 15:30etan irtengo da Atsegindegitik eta izena eman daiteke Garin tabernan.
Sortuk herritarrak animatu nahi ditu Bilbora hurbiltzera. «Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzearen aldeko lana egin izanagatik 601 urteko espetxe zigor eskaeraren zama dute gainean 47 euskal herritarrek eta, tartean, Aiert Larrarte eta Amaia Esnal hernaniarrek. Elkartasuna kriminalizatu, eskubideen urraketen salaketa eta preso eta iheslarien paper aktiboa etetea du helburu. Aurreko ziklo politikoaren itxiera gauzatzeko, halabeharrez, indarrean dagoen sufrimendu iraunkor eta sistematikoa amaitu beharra dago; ondorioz, ezinbestekoa da salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politika bertan behera geratzea», nabarmendu dute. Eta diote, hori osatu behar dela «euskal preso eta iheslarien etxeratzearekin. Herri-aktibazioa motorra da, erakutsi dezagun beste behin ere, preso eta iheslaririk gabeko herria eraikitzeko erabakia hartu dugula».