Iñigo Larrañaga txirrindulari hernaniarra izan da txapelduna, Espainiako Master lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 24a, 02:00

Hernaniko JOCC Peña Otaño txirrindulari taldeko kidea da Iñigo Larrañaga, eta Espainia­ko Master txapeldun berrietako bat da. Pasa den larunbatean Asturiasko Grado herrian jo­katu zen, hiru mailatan. La­rrañaga Master 50 B kategoriako txapelduna izan zen, 68 kilometrotako ibilbide gogorra 1:50:07ko denboran eginda.

Txapelketa, Master 30, 40 eta Master 60 mailatan ere jokatu zen, bakoitza bina kategoriatan.


Aurreneko ihesaldian hasita, helmugaraino

Lasterketari hasiera Master 50 eta 60 mailetako txirrindulariek eman zioten, bai A eta baita B kategoriatakoek ere. Denera, 68 kilometrotako ibilbidea zuten aurrean, hiru mendi gain, tarteko.

Lasterketa hasi eta berehala, ihesari eman zioten 10 bat txirrindularik, eta tartean zen Iñigo Larrañaga hernaniarra ere. Minutu eta bi minutu arteko tartea atera zioten atzetik zetorren pelotoiari.

Aurreraxeago, Cabruña­na­ko gainera iritsi baino lehenxeago, beste pare bat txirrindulari batu zitzaizkien, eta hain zuzen, mendi hori erabakiorra izan zen. Izan ere, ordun aurreratu ziren beste pixka bat Delicado, Quesada, Sala eta Lopez, eta aurreneko bien arteko sprintean erabaki zen guztia; azkenean, Juan Carlos Delicado izan zen txapelduna, eta Francisco Quesada bigarrena, biak 1:49:39ko denborarekin. Hirugarren, Jorge Javier Plata sailkatu zen. Hernaniara 8garren izan zen Master 50 mailako sailkapen orokorrean, eta maila horretako B kategorian, txapelduna, aurreneko bi sailkatuengandik 28 segundotara.


Zortzi txapeldun berri

Master 30 mailan, A eta B kategoriatan hurrenez hurren, José David Martínez eta Moisés Espinos izan ziren irabazleak, 126 kilometro eginda. Master 40 mailan, 97 kilometro egin zituzten, eta Antonio Martín eta Fernando Gimeno izan ziren txapeldunak A eta B mailan. Master 60 mailakoek, be­rriz, 50 mailakoek bezala, 68 ki­lometro egin zituzten, eta Juan Moreno eta Luciano Mi­txe­lena izan ziren txapeldunak. Larrañaga, esan bezala, 50B mailan izan zen aurrenekoa. Afizioak la­gun­du zion, seguru! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!