Aimar Elosegi Ansa oroitzeko, trans-zikloa datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 12a, 02:00

Bi ekitaldi berezi antolatu ditu datorren astean, trans-zikloa deitu duenaren barruan, Her­naniko Berdintasun Kon­tsei­lu­ak. Aimar Elosegi Ansa oroi­tzeko izango dira biak: «orain 12 urte egin zuen bere buruaz beste, Aimar transexual gazteak. Herritar askok gogoratzen dugu gertaera hura, herrian oso entzutetsua eta gogorra izan baitzen, eta transexualitatearen gaia mahai gainean jarri baitzen», azaldu dute.

Kontseiluak nabarmendu du, urte haietan «hainbat ekimen eta ekitaldi» egin zirela, «Aimar oroitu eta transexualitatearen gaia lantzeko. Azken urteotan, aldiz, ez da horrelakorik izan». Horregatik, Katta­lin Minerrek Moio: Gordetzea ezinezkoa zen liburua idatzi duela aitzakia hartuta, berriro plazaratu nahi izan dute gaia, «eta Aimarrek hasitako bidearekin jarraitu, gorde ezina delako, herritarren transmisioan eragin dezagun».

Tilosetan izango da trans bertso-saioa, igandean, Lujanbio, Pagola, Gaztelumendi, Artetxe, Ibarzabal eta Urteagarekin.

Horrela, liburuaren aur­kez­pena izango da, aurreneko ekintza. Asteazkenean aurkez­tuko dute,  Minerrek berak eta Danele Sarriugarte idazleak. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Biteri kultur etxean.


Trans bertso-saioa igandean, Tilosetan

Bigarren zita, berriz, izango da trans ber­tso-saioa deitu dutena. Igandean egingo dute ho­ri, 19:00etan Tilosetan; euria egi­nez gero, Sandiusterrin. Sei ber­­tsolari ariko dira taula gainean: Maialen Lujanbio, Eli Pa­gola, Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe, Nerea Ibarza­bal eta Ger­man Urteaga. Ama­ia Agirre ariko da gai-jartzaile. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!