Garayar, HASA eta TSST autobusetako langileak mobilizatzeko prest, konbenioak berritzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 26a, 01:00

Buruntzaldeako Lu­rral­de­bus zerbitzua ematen duten au­tobus enpresetako langi­le­ak, hau da, Garayar, HASA eta TSSTko langileak «mobiliza­zio­ekin hasteko prest» agertu ziren asteazkenean Gipuz­ko­a­ko Foru Aldundiaren au­rrean eman zuten pren­tsau­rrekoan. 

LAB eta UGT sindikatuek deituta bildu ziren bertan, eta ohartarazi zuten «Dipu­ta­zioak ez diela baimenik ema­ten enpresetako hitzar­me­nak negoziatzeko, eta ez gau­dela prest hori onartzeko». 
Garayarrek Hernani, Ur­nie­ta, Andoain eta Donostia lo­tzen ditu, eta HASAk, Her­na­ni, Astigarraga eta Donostia.

«Lan baldintzak berritu gabe bi urtez»
LAB eta UGT sindikatuen esa­netan, Buruntzaldeako Lu­rral­debus zerbitzu berria behin-betiko esleitu arte, Di­pu­tazioak ez die baimenik ema­ten zerbitzua gaur egun ematen ari diren enpresei, lan hitzarmenak berritzeko. 

Horrez gain, sindikatuek diotenez, «enpresek argu­dia­tzen dutena da etorkizuneko esleipenerako prestatutako ple­guetan kontuan hartu­tako enpresa hitzarmenak dago­e­ne­ko bukatuta daudela, eta ho­bekuntza ekonomiko eta so­zialak jasoko lituzkeen lan hi­tzarmen berri bat ne­go­zia­tuz gero, Diputazioak enpre­sen asmo txarraren adie­razle gisa hartu le­za­ke­ela». Hori ho­rrela, «negoziatu ahal iza­teko Diputazioaren baimena behar dutela» al­da­rrikatzen dute, eta sindi­ka­tu­ek, berriz, azal­du dute ez du­te­la onar­tu­ko «hitzarmenak negozia­tzeko baimenik ez ematea».

Sindikatuen ustez, «Di­pu­tazioak Bu­run­tzal­de­ako zer­bi­tzu publikoa esleitzeko lehia­­keta publikoa garaiz eba­­­tzi ez izanak ondorioak dauzka». Besteak beste, «TSST, Garayar eta HASAko lan­gileen lan baldintzak be­rritu gabe bi  urtez egotea» edo­ta «autobus flota hon­da­tzea», eta ho­rre­kin, «bidaia­riei segurtasuna eta eroso­ta­suna bermatu ezi­na». Azaldu dute «arazo na­gusia» dela «aurreproiektua egin eta onartu zenetik zer­bitzua esleitu arte pasatzen den denbora tarte hori, li­zi­tazio hau martxan jartzeko 2017ko soldatak eta baldin­tzak har­tzen baitira kontuan, baina esleipena martxan jarri arte urteak pasa baitaitezke».

Azkenik, «erantzukizuna beregain har dezan» eskatu diote Diputazioari, «arra­zoi­rik gabeko Diputazioaren atze­rapenak ezin duelako lan­gile edota zerbitzuko era­bil­tzai­leengan eraginik izan». 

Ara­zoarekin bukatu eze­an, «hiru enpresetako lan­gi­leak beraien eskubideak al­da­rrikatzeko mo­bi­lizazioekin has­­teko prest» azaldu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!