Zer gertatzen da maite dugun norbait hiltzen denean?, luzatu dute galdera, hilabete honetako Hezkuntza Eskolaren deialdian. Eta hain justu, gai hori da landuko dutena, dokumental baten bitartez: Aulki hutsak dokumentala jarriko dute datorren ostegunean, arratsaldeko 17:30etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Eta dokumentalaren ondoren, solasaldia egingo dute. Horretarako, bertan izango da ikusentzunezkoaren zuzendaria ere; Iñaki Peña medikua.
Heriotzari buruzko dokumentala da Aulki hutsak. Biltzen ditu, profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketa, eta baita euskerazko musika garaikidea ere: Ruper Ordorika, Gari, Gorka Urkizu... Hainbat tokitan dago grabatuta dokumentala: Iruña, Lesaka, Errenteria, Donostia, Oñati, Aretxabaleta, Bilbo eta Santurtzi.
Hezkuntza Plataformak jakinarazi du, ohi bezala, zaintza zerbitzua ere izango dela, Hezkuntza Eskolak irauten duen bitartean.
Hezkuntza Legeari buruz, joan den asteazkenean
Eskolaren aurretik, beste saio bat ere antolatu zuen Hezkuntza Plataformak, joan den asteazkenean. STEILAS, ELA, eta LAB sindikatuetako kideak izan ziren Biterin, eta hitzaldia eskaini zuten, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek adostu duten Hezkuntza Legeari buruz.