Euskara Ari Du elkarteko kideak dira Joanmari Larrarte eta Joxe Artola, eta dinamizatzailea da Leire Otxotorena. Baietz Hernanik! erronkan murgilduta daude erabat, eta dagoeneko hasiak dira Euskaraldia prestatzeko lanetan.
Otsailean eman zitzaion hasiera ‘Baietz Hernanik!’ erronkari. Ze balorazio egiten duzue orain artekoaz?
Oso balorazio ona egiten dugu: 100 lagunekin hasi ginen, eta 900ek baino gehiagok eman dute izena orain arte. Kopuruaz gain, garrantzitsuak dira, baita ere, honera iristeko egindako zuzeneko harremanak taldeekin, ikastetxeekin... Haiei esplikatu zaie Hernaniko egoera zein den eta zein den eskatzen dugun aldaketa. Honekin, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatu dugu.
Bestalde, jendeari lagundu dio, alde batetik, jakiten zenbat aldiz erabiltzen dugun erdera, eta bestetik, txipa aldatzen ere.
Nahiz eta herritarrek hasiera batean zailtasunak topatu, horiek gaindituta, oso aktibatuta sentitu dira.
Eta zer falta da lortzeko?
Aurtengo erronka izan da salto hau ematea. Baina ohitura egonkortzea falta da. Baita beste ohitura batzuk aldatzen jarraitzea eta ingurukoak animatzea ere.
Izan ere, Baietz Hernanik! urtebeteko erronka gisa planteatu zenean, pentsatu genuen egonkortzea errazagoa izango zela. Ikusi beharko da hala izan den; denborak esango du!
Hurrengo ostiralean emango zaio hasiera Euskaraldiari. Nola uztartuko dira bi erronkak?
Hasieratik ikusi dugu biek helburu bera dutela: hizkuntza-ohiturak aldatzea. Euskaraldiak hamaika egunez euskeraz bizitzea eskatzen du; Hernanikoak, aldiz, erronka zehatz bat. Gauzak egiteko bi modu dira. Orain arte ausartu ez direnei esaten diogu: ausartu zaitez eta egin hamaika egun euskeraz! Eta gustura badaude, animatzeko Baietz Hernanik! erronkaren azken txanpara.
Izan ere, Euskara Ari Duk kudeatuko du Euskaraldia, ezta?
Bai, hala da. Hilaren 20an prestakuntza saioa izango da Biterin, Euskaraldian izena eman duten guztientzat; oraingoz, 829. Gainera, izena emateko aukera ere izango da Biterin eta lokalean.
Halako ekimenak zergatik dira garrantzitsuak?
Jendeari esateko ahalegin bat egin behar dugula ohiturak aldatzeko, eta horretarako ez da garrantzitsua ze txapa daramakizun. Azpimarratu behar da ohitura aldaketa hori norbanakoarena dela. Hain zuzen, euskeraren alde egotetik, euskeraz hitz egitera pasa behar gara.
Honek ze eragin izango du euskeraren etorkizunean?
Berez somatu beharko genuke euskera gehiago hitz egiten dela. Aktibazio lana ezinbestekoa da, eta gogoeta egin beharko da jakiteko zer eragin izan duen eta zer izango den etorkizunean. Guk ere honek jarraipena izatea nahi dugu, baina oraindik nolako forma izango duen ez dakigu.