Eustaten datuen arabera, dagoeneko 2006an ikusten zen familietan euskararen erabilerak ez zuela egiten gora, euskara zekitenek adina. EAEko datuak kontuan hartuta, etxean euskara edo nagusiki euskara erabiltzen dutenak %13-14aren bueltan dabiltza, eta datua ez da apenas aldatu azken 25 urteotan. Herrialdeka badira desberdintasunak, noski.
Gipuzkoan, esaterako, %25-26 bueltan dabiltza, baina hemen ere joera ez da goranzkoa eta kopuruari ozta-ozta eutsi besterik ez zaio egiten.
Kaleko erabilerara salto egiten badugu, joerak ez dira bestelakoak. Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako azken neurketan emandako datuen arabera, Euskal Herrian %11-12 dira kalean euskaraz ari direnak (10 urtetan ez da aldatu); Gipuzkoan, %31, eta gora ez egiteaz gain, beheranzko joera txiki bat ere sumatu da.
Ikerketek erakutsi dute etxeak eragin handia duela hizkuntza bat ala beste erabiltzeko joera finkatzean; euskara erabiltzen duenak erabiliko du etxetik kanpo ere. Beraz, familia transmisioaz ari garelarik, seme-alabei hizkuntzaren ezagutza transmititzeaz gain, etxeko hizkuntza euskara izatea oso garrantzitsua da. Horretaz jabetuta, Buruntzaldeko udalerriek sustatuta, adibidez, 2008an egin zen ikerketa xume bat, aztertzeko bikotekideen hizkuntza ohiturak aldagarriak ote diren eta hala bada, horretarako gakoak zein diren. 16 bikote aztertu ziren, eta ondorioetako batzuk dira: posible da, erabaki eta zirt-zart egin behar da, eta bietako batek sendo eutsi behar dio.
Orduko hainbat ondorio nabarmendu dira dagoeneko, Hernanin Euskara Ari Du elkarteak martxan jarritako Baietz Hernanik! erronkan parte hartu dutenengan, eta litekeena da Euskaraldian parte hartuko dutenek ere horrelakoak bizitzea.
Lorpenak gehiago, zailtasunak baino
Hain zuzen, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago egiteko erronkak hartzeko sortu da Baietz Hernanik! egitasmoa 2018ko urte osorako, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra, berriz, Euskaraldia egitasmoa jarriko da martxan Buruntzaldeko beste herrietan eta Euskal Herri osoan. Dagoeneko eman daiteke izena: www.euskaraldia.eus.
Baietz Hernanik! egitasmoari dagokionez, irailaren amaierara arte 802 erronkalarik egin dute bat. Parte-hartzaileen %52 30-44 urte artekoak dira, eta orokorrean, emakumeak dira gehiago: %62. Erronka motari dagokionez, %30 eremu guztietan ari dira euskaraz; %15, lankideekin; %10 bikotekidearekin; %9 koadrilan; eta %8 familian.
Azken hauen esperientziaren berri ezagututa, zailtasunak baino gehiago, lorpenak azpimarratzen dituzte; «uste baino errazagoa» egiten ari zaie euskarari eustea. Horrela, Baietz Hernanik! egitasmoan parte hartzera animatzen dituzte gainerakoak: www.euskaraaridu.eus.
AINARA AZPIAZU ADURIZ 'AXPI'
«Aita whatsappa erabiltzen hasi da, eta euskaraz; aurrerapena da hori»
Urtebeteko erronkan ari da ‘Axpi’, aitarekin euskaraz eginez, eta euskarak etxean presentzia handiagoa hartu duela dio.
«Itxaropen gutxiago» omen zeukan Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpik’, Hernaniko Euskara Ari Du elkarteak bultzatutako Baietz Hernanik! erronkan izena ematerakoan. Aitarekin euskaraz gehiago egiteko ahaleginari eutsi dio, eta emaitzak ikusita, aurrera jarraitzeko asmotan dabil. Hemendik gutxira hasiko den Euskaraldian izena ematekotan da; oraingoan, baita amarekin ere.
«Denok atera dugu zerbait»
Euskalduna du aita, eta erdalduna, ama; Parisen hazitakoa. Aiton-amonak bizi zirenean euskaraz egiten zutela dio, baina «falta direnetik joera handiagoa» izan dutela, erdaraz egiteko. «Ni ere etxetik kanpo bizi naiz orain, eta elkartzen garenean, erdaraz gehiago egiten dugu».
Horregatik, eman zuen izena; bereziki, aitarekin euskaraz egiteko ohitura berreskuratzeko. Ez zuen amarekin beste erronka bati eustea pentsatu, zailagoa zelakoan. «Denok egiten dugu zerbait, amak ere, gu entzunda, zer edo zer atera baitezake». Eta uste baino gehiago atera dute denek. «Pixkanaka ari gara. Orain gutxi, aita whatsappa erabiltzen hasi da, eta euskaraz. Aurrerapena da hori. Alfabetatu gabea da, eta agian, Kronika irakurtzen duelako-edo, animatu da, eta nahiko txukun!». Horrez gain, amarekin ere sorpresa hartu duela dio. «Erronka hori hartu ez banuen ere, zeharkako erronka izan da amak ere euskaraz gero eta gehiago entzun eta ulertzea, eta konturatu naiz ematen duena baino gehiago dakiela. Behartuz gero pixka bat, konturatzen zara».
«Ezustekoa hartu dut, baita nire buruarekin ere»
Amorrua eta etsipena ere bai
Zailtasunak ere izaten dira, noski. «Ama euskaltegian ere ibili zen, baina mantsoago ari da, oso urduri jartzen baita, nahiz eta tokatu zaion euskaraz egitea familiarekin». Hori ikusita, zailagoa egiten da gogor egitea. «Batzuetan amorrazioa eta etsipena sentitzen ditut, ez dakidalako zein estrategia sortu, beti neureari eustea baino. Baina agian nire begietatik begiratuta ikusten dut horrela. Izan ere, etxetik kanpoko batek egiten dionean euskaraz, jarraitu egiten dio, eta maila hobea erakusten du».
Aitarekin, berriz, amorrazioa galdutakoak ematen dio. «Amorrazio handia ematen dit aitak bere euskara erabiltzen ez duela ikusteak. Oso hemengoa du. Konturatu naiz hemen bustiagoa egiten dugula, eta oso polita iruditzen zait».
Erronka berrien bila
Guztia balantzan jarrita, pozik dago lortutakoarekin, eta jendea animatu nahi du abendura arte geratzen den denboran Baietz Hernanik! erronkan parte hartzera eta Euskaraldiarekin ere bat egitera. «Itxaropen gutxiago neukan. Baina gogor eginda, emaitzak ikusi ditut. Baita amarekin ere! Eta ez nuen pentsatu ere egin. Ezustekoa hartu dut. Baita nire buruarekin ere. Arreta jarrita, lagundu dit nire akatsak ikusten ere; adibidez, erdarakadak uste baino gehiago erabiltzen ditudala».
Urtebeteko erronka hartu du, eta horrek, «benetan ohitura aldatu eta barneratuta geratzen lagundu» duela dio. «Uste dut erronkak egiten jarraituko dugula. Euskaraldiak ere izango du eragina. Orain, aitarekin Ahobizi eta amarekin Belarriprest aritu beharko dugu!
LUZI CASCO ETA GERARDO BILBAO
«Euskarari eusteko erronka izan da saria, falta genuen bultzada»
Etxeko hizkuntza ohitura aldatu dute Luzi Cascok eta Gerardo Bilbaok. Erdaraz egitetik, euskaraz egitera pasa dira; «egun batzuetako kontua izan da!».
Euskaltegian ezagutu zuten elkar Luzi Cascok eta Gerardo Bilbaok. Ama hizkuntza gaztelania dute, eta 18 urterekin hasi ziren euskara ikasten. «Biteriko eskolan abestiren bat-edo, ikasi genuen, baina ezer gutxi gehiago», dio Gerardok. Luzik irakasle izateko eman zuen izena euskaltegian. «Lan egiteko derrigor ikasi behar nuen, eta EGA behar nuen».
Bien arteko harremana, beraz, euskaraz hasi zuten. «Baina familiak erdaldunak dira, eta batak bestearena ezagutzean, erdarara itzuli ginen».
Erronka, oparia
Horrela, lagun batek Baietz Hernanik! egitasmoan parte hartzeko animatzeko deitu zienean, pozik eman zuten izena. «Joxe Artolak deitu zigunean argi ikusi nuen zein zen erronka; Gerardorekin euskaraz egitea, eta ahizpa txikiarekin ere bai. Hark eskolan ikasi zuen, eta bere seme-alabekin ere euskaraz egiten dut», dio Luzik.
Gerardo ere ados agertu zen. «Beti genuen asmoa, baina pausoa ematea falta genuen. Euskaratik atzerapausoa eman genuen, eta hau izan da gu ohartarazteko modu bat».
Eskerrak ematen bukatu dute, azkenean! «Euskarari eusteko erronka izan da saria, falta genuen bultzada, alferkeriari edo utzikeriari aurre egiteko».
Aldaketa, egun gutxitan
Hasieran ‘erronka’ hitzak berak izutu zituen zertxobait. «Bete beharrekoa da, eta norberak egin behar du bultza! Hasieran pentsatu genuen zaila izango zela, baina etxetik atera ginen batean, biok ixilik, txipa aldatu eta euskaraz egiteari ekin genion. Egun batzuetako kontua izan zen. Hiruzpalau egunetan txipa aldatua genuen», azaldu du Luzik.
Zailtasunei erraz egin diete aurre, gainera, Gerardoren arabera. «Momenturen batean agian ateratzen da esaldiren bat erdaraz, baina konturatzen gara. Egun batzuetan hain erraz lortuta, atzera begiratu eta erdaraz egin izana arraroa egiten da!».
Horrela, pozik daude biak egindako aldaketarekin, eta etxean hasitakoa, familiako beste kideengana ere zabaltzekotan dira. «Oso pozik gaude. Lehen oporretara joan eta gaztelaniaz entzuten gintuztenean espainolak ote ginen galdetzen ziguten, eta guk ezetz, euskaldunak ginela, baina erdaraz ari ginen eta lotsatu egiten ginen! Orain, berriz, amari ere euskaraz egiten hasi naiz ia konturatu gabe, ulertzen ez badu ere!», dio Luzik.
Erronka berriak, Euskaraldirako
Horrek erronka berriak hartzera animatu ditu, eta Euskaraldian ere izena emango dute. «Ikusi dugu egitasmo txikiekin, pixkanaka, zenbat lortzen den. Aurreneko hitza euskaraz egingo dugu beti, ez baitakizu aurrean dagoenak badakien edo ez», dio Luzik.
Gerardok, berriz, «euskaraz gehiago irakurtzea» dauka orain helburu, «erronka txiki-ak hartzea», alegia. «Oso esperientzia ona izan da. Saria. Lana eman digu euskarak, baina poza eta maitasuna ere bai!». Ados dago Luzi. «Behin hasita, ez dago atzera bueltarik!».
URKO APAOLAZA AVILA
«Gutxien espero duzunak hartu dezake jarrera proaktiboena»
Urte hasieran animatu zen Urko Apaolaza euskarari eusteko erronka hartzera; familian elkartzen direnean erdarara jotzeko joerari buelta ematen ari da.
Familian ari dira euskaraz egiteko erronkari eusten, Urko Apaolazaren kasuan. «Badaude euskara ulertzen ez dutenak edo ulertzeko zailtasunak dauzkatenak, eta horregatik, erdarara jotzeko joera izaten dugu, baita euskaraz dakigunon artean ere. Horri nolabait buelta ematea da hartu dudan erronka».
Euskara Ari Du kanpainarekin hasi zenetik da erronkalari, eta horrek eragin dio zailtasunen bat. Baina ez du etsi. «Gurea ez da eguneroko erronka, eta horregatik, zailagoa da urratsak ematen ari zarela ikustea; horrek motibazioan eragina dauka, baina saiatu egin behar!».
Hainbat estrategia
Taldean arituta, pentsa daiteke aparteko ahalegina egiten ari dela Apaolaza, baina ezusteko atseginak ere izan ditu. «Zailagoa izan daiteke batzuen eta besteen inplikazioa ezberdina delako, baina aberasgarriagoa ere bada, gutxien espero duzunak hartu baitezake jarrera proaktiboena».
Eta noski, estrategiak ere ez dira berdinak. «Euskaraz ez dakitenekin saiatzen naiz estrategia desberdinak erabiltzen. Euskaraz dakitenekin, aldiz, euskarari eustea nahikoa izaten da normalean, eta bestela, keinu txiki bat edo hitz bat esatearekin ohartzen dira, eta euskarara pasatzen dira berriz».
«Gero, bihotzak ez ezik, gorputzak ere eskatuko digu gure artean euskaraz egitea»
Aliatu berezirik ere ez du falta, hala ere. «Bikotekidearekin eta amarekin hitz egin dut gehien gai honi buruz, eta haien laguntza daukat. Ama eta biok, gainera, duela bi urtetik ari gara euskarari eutsi nahian. Txikiak ginenean ikasi zuen euskara gurekin aritzeko, eta ahalegin hura itzultzeko eta eskertzeko modu bat ere bada».
Euskara Ari Du edo Euskaraldia, «akuilu oso ona»
Ia urtebeteko esperientziaren ondoren, lortutakoari luzaroan eusteko itxaropena dauka Apaolazak. «Giltza ohitura aldaketa da, eguneroko gosaria aldatzen duzun bezalaxe. Gero, bihotzak ez ezik, gorputzak ere eskatuko digu gure artean euskaraz egitea».
Horrexegatik, animatzen du mundu guztia modu batean edo bestean euskarari eusteko ahalegina egitera eta eustera. «Akuilu oso ona da behingoz euskaraz aritzeko, konplexurik gabe, inori baimenik edo barkamenik eskatu behar izan gabe».