«Eskultura orain berdea da, baina denborarekin joango da aldatzen»

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 3a, 01:00

‘Itsasoaren idatziak’ eskultura jarri berri du Iker Valle artista andoaindarrak Ave Marian, 2017ko kale sorkuntzarako bekaren baitan. Argitaratu dute 2018ko deialdia, eta hilaren 19ra arte aurkeztu daitezke proposamenak, udaletxeko harreran.

2017ko kale arte sorkuntza bekan sartu zen ‘Itsasoaren idatziak’.
Bai, baina ez zen irabazleetakoa izan. Beka ez zen osatu eta diru kopuru bat geratu zen;    Udalak eskatu zidan proposamena egokitzeko, eta azkenean antzekoa egin da, baina beste modu batean. Eta pozik nago; gaur egun ez baita erraza esparru publikoan eskulturak jar­tzea.

Nolatan edo zergatik aurkeztu zinen?
Oinarrietan jartzen du Her­nanirekin lotura eduki behar dela; hau da, Hernanikoa izan behar da, edo Hernanin izan behar duzu zure jarduera artistikoa. Ni, berez, andoaindarra naiz, baina hamazazpi urtetan Hernanin bizi izan naiz. Gainera, Errapiako kidea naiz [Hernaniko talde artistikoa] sortu zenetik. Hortaz, baldin­tza betetzen nuen, eta proposamena aurkeztu nuen. Eta ­halaxe izan da!

Zergatik aukeratu duzu Ave Maria? 
Hernanin txokoak begiratzen aritu nintzen, eta Ave Maria   aurkeztu nuen proiektuan. Esparru polita da, baita eskultura-parke bezala ere. 
Toki hau aukeratu nuen, gehien bat, eskultura motarengatik; eskultura hau honerako sortu dut.

‘Itsasoaren idatziak’ izenburua. Lotura berezirik al daukazu itsasoarekin? Lan gehiago ere badituzu gaiaren bueltan.
Lan ildo desberdinak ditut. Tartean, orain dela lau urte hasi nintzen marrazki batzuk egiten kostaldearen inguruan, nire interpretazio pertsonalarekin. Askotan, Iparraldean jarri izan ditut erakusketak, eta hango parajeak barnea mugitu zidan pixka bat, nahiz eta badakidan hemen kristorenak daudela. Orduan, Lapur­diko kostaldearen inguruko marrazki batzuk egiten hasi nintzen eta erakusketak egin nituen haiekin. Lehenengo Sen­­peren jarri nuen; eta gero, Miarritzen eta Andoaingo Bas­teron, eta beste hainbat galeriatan ere bai. Marrazki horiekin hasi, eta horiek pixka bat garatzen joan dira; gero, koadroetara pasa ditut, eta pixkanaka eskulturetara ere. 
Ez da zerbait bururatu zaidala, izan ere, Ave Mariak itsasoarekin ez dauka zerikusirik; gehiago izan da egiten dudan lan hori egokitzea. Proiektua aurkezten duzu, eta epaimahaiari gustatzen bazaio…

Egokitze horretan, materialek dute zerikusia? Kokapena bera garrantzitsua da? Nola azalduko zenuke eskultura?
Egiteko garaian lan ildo hori errespetatzea da garrantzitsua, egiten dudan horretatik atera gabe. Nire lanaren bueltan jarraitu nahi izan dut, espazio publikora pixka bat egokituz, bertan integratuz. 
Eskultura hauek, jatorriz niretzat arrokak dira, eta ho­rietan islatzen da denboraren joan-etorria, itsasoak utzitako aztarnak, nahiz eta marrazkietan itsasoa ez den agertzen. 
 Beraz, espazio hau aukeratu dut, batetik, eskultura integratu egiten de­lako espazioan; eta bestetik, parke honetan ur­taroen aldaketa hori nabari­tzen delako. Horrek eskulturarekin lotura dauka, urtaroen eta denboraren aztarna ho­rrek. 
Eskultura brontzezkoa da. Eta orain berdea da, baina denborarekin joango da alda­tzen.

Denboraren pasoaren 
arabera, urtaroaren arabera, desberdin ikusiko dugu eskultura, orduan?
Bai. Batik bat, kokapenagatik, eraldatzen joango delako; eta gehien bat, argiarengatik. Argazkilaritzan bezala, urtaro bakoitzean argi ezberdina izango du, eta beste era batera ikusiko da. Jarri genuenean eguzkia zegoen, baina euriarekin ere, gustatzen zait. Bustia dagoenez, kolorea aldatu egin zaio, eta berdea atera zaio.

Zer sorrarrazi nahi zenioke ikusleari? Asmo berezirik al zenuen?
Ez bereziki, hori bakoitzaren sentsibilitatearen arabera di­joa. Bati zer edo zer esango dio; beste bati ezer ere ez… interpretazioak askorako ematen du. Badakit baten batentzat zuhaitz baten azala ematen duela...
Nik espero dudana da jendea ikustera etortzea, herrian jarri du­ten zerbait denez… ni horrekin, pozik!

Udalak ateratako laguntza hauek garrantzitsuak al direla iruditzen zaizu?
Garrantzitsuak eta beharrezkoak dira. Jendeak kalean artea eskuragarri izatearen aldekoa naiz, eta interesa daukana gerturatu dadila. Arte garaikidearekin gertatu dena da, jendea asko aldendu dela artetik, ez zuelako ulertzen.
Eta horregatik, Udalari eskerrak eman nahiko nizkioke horrelako ekimenak bul­tzatzeagatik. Gehien bat hain ezagunak ez garen artistak la­guntzen dituelako, joera izaten baita artista ezagunen ateak jotzea.

Zure ustez, artea kalean edo galerietan hobeto? Hauek artea kalera ateratzeko laguntzak dira…
Leku guztietan dauka bere le­kua. Galerietan ere bai; artistak nonbaitetik bizi behar du, eta galeria azkenean negozioa da, salerosketak egiten dira
Baina nik uste dut artea kalera atera behar dela; gehien bat azkenaldi honetan, gero eta jende gutxiagori in­porta zaiolako. 
Zerbait kulturala da. Adi­bidez, heziketa aldetik, Hegoal­deko eta Iparraldeko sentsibilitatea nabaritzen da. Han gaztetatik gehiago lantzen da esparru artistikoa eta agian horregatik daukate sentsibilitate hori artearekiko. Hemen beste gauza batzuetarako dago; bata ez da betea baino hobea baina desberdina da.

Hernanik ba al dauka zerbait erraztu duena artisten bilkura? Hain zuzen, Errapia taldean bat baino gehiago zaudete...
Nik dakidanez ez da ohikoa Udalak artistei laguntzea Her­nanik guri laguntzen digun bezala. Hasteko, sorkuntzarako espazio bat eskaintzen digu, bakoitzaren obraren garapenerako; 10-15 bat bagaude bertan eta egia da horrek ere sortzen duela giro bat. Lan talde horretan egoteak beti la­guntzen du ikusten besteak egiten duena, komunikaziorako… eta esker­tzen da!
Beste herrietan horrelako espazioak ez dira arruntak. Andoainen saiatu ziren honen ondoren antzeko zerbait egiten, baina ez da hemengoa bezalakoa. Guri utzitakoa es­ko­la oso bat da, eta  hor ikusi dugu bakoitzaren garapena. 

Ibilbide horretan, lan hau bukatuta, zer?
Lanean jarraitu! Nahiz eta lan bat kalean jarri edo saldu. Talde erakusketa daukat datorren hilean Ziburuko Arte Bideak galerian (abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra arte egongo da). Lan bat bukatzen denean, ez du esan nahi ‘bakea’ izango duzunik; lan baten jarraipena da, eta lanean ari zarela, ateratzen dira aukera desberdinak erakusketetarako-edo…

Zure lanak ikusten segiko dugu, orduan.
Bai, noski. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!