Gaur ospatuko dute Portuko auzotarrek, urteroko egun bakarreko festa berezia: Portu Eguna. Eta urteroko plana prestatu dute, gainera, auzotarrak elkartzeko asmoz.
Eguerdiko 12:00etan jarri dute zita, ohiko ekintza batekin: patata tortilla txapelketa egingo dute, auzotarren artean. Bakoitzak bere etxean egin beharko du tortilla, eta ordu horretan entregatu. Etxeetako sukaldeetan egongo da saltsa goizean, beraz!
Behin tortilla guztiak dastatu eta baloratuta, 13:00etan banatuko dizkiete sariak, bi tortilla goxoenen egileei: aurreneko saria izango da, bi lagunentzako bazkaria Fagollaga jatetxean; bigarrena, bi lagunentzako bazkaria Errioguardan.
Gero, mahaiaren bueltan elkartuko dira auzotarrak, giro politean: auzo bazkaria egingo dute 14:30etan. Tiketak aurrez saldu dituzte, asteartera arte.
Eta eguneko plana borobiltzeko, dantzarako tartea izango dute, auzoko plazan. Erromeria izango da, 18:00etan hasita, Bide Batez taldearekin.
PORTU EGUNA, gaur
12:00, Auzotarren arteko patata tortilla txapelketa. Bakoitzak bere etxean egin beharko du tortilla.
13:00, Tortilla txapelketaren irabazleei sari banaketa: 1go saria, bi lagunentzat bazkaria Fagollagan; 2garren saria, bi lagunentzat bazkaria Errioguardan.
14:30, Auzo bazkaria.
18:00, Erromeria, Bide Batez taldearen eskutik.