Biterin elkartuko dira gaur hainbat musikari, Hernaniko Alboka Topaketaren 25garren urteurrena ospatzeko. Kontzertu berezia emango dute, 19:30etan hasita.
Alboka eta bestelako musika tresnak, bat
Zita berezia ospatzeko, mota guztietako doinuak entzuteko aukera izango da gaurkoan Biterin.
Musika Eskolako ikasleak hasiko dira, bertatik pasa diren hainbat musikariren doinuak joz: Juan Mari Beltran, Alboka edo Oreka TXrenak.
Gero, Lurgain Quartet ariko da. Iñigo Lurgain musikari eta ekoizleak bere proiektu berria aurkeztuko du, Joxan Goikoetxea, Julio Andrade eta Iñaki Telleria lagun.
Hirugarren taldea, Bitartean folk musika taldea izango da. Azken urteetan hainbat instrumentu eta euskal eta argentinar doinuak nahastu dituen taldeak albokari emango dio garrantzia gaurkoan, kasu honetan, Haritz Ezeiza, Ixiar Jauregi, Garazi Navas eta Sebastian Ustarrozen eskutik.
Azkenik, Juan Mari Beltran maisu eta aditua igoko da taula gainera, Ana Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Ixiar Jauregiren laguntzarekin, hainbat urtetan bildutako doinuetan barrena erakustaldi txiki bat egiteko.
Bihar, Albokaldia
Festa egun haundia bihar izango da. Kaxkoan barrena ibiliko dira Euskal Herriko hainbat txokotako alboka-joleak, 12:00etan, eta Tilosetan ariko dira gero 13:00ean. Arratsaldean segiko dute.