Maiatzean sartu ziren indarrean, autoen ITV azterketaren araudiaren aldaketak. Eta ordutik, zorrotzago begiratzen dituzte, autoaren zenbait alderdi, Europatik datozen eskakizunei erantzuteko.
Horien artean dago, aurrerantzean ez dela izango aldeko inspekziorik, akats txikiekin. Beraz, akatsik baldin badauka autoak, ez du azterketa pasako, horiek zuzendu arte.
Horregatik, komenigarria izan daiteke, ITV pasatzera joan aurretik, tailerretik pasatzea. Ohitura horri jarraitzen diote askok dagoeneko; hala azaldu du Juantxo Rodriguezek, Hernaniko Talleres Juantxoko arduradunak: «jendea tailerrera etortzen da, errebisio orokor bat egitera, ITVa pasa aurretik. Guk dena begiratzen diogu; argiak, gurpilak, amortiguazioa... Ea ondo dagoen, eta bestela, konpondu edo aldatu».
Nabarmendu du, gurpilak izaten direla ohikoena: «gurpilek abixatzeko modu bat daukate, markatxo bat gurpilaren dibujoan bertan; eta marka horretara iristen denean desgastea, aldatu egin behar dira. Normalean, 30.000 kilometroro edo bost urte dituztenean, aldatu behar izaten dira gurpilak. Tailerrean begiratu, eta edozein gurpil mota aldatzen dugu».
Hain justu, gurpilen kasuan ere gogortuko dira azterketak; orain, zorrotzago begiratuko dute, behar duten tamainakoak ote diren, homologatuta dauden, eta zenbateko desgastea daukaten gurpilek. Gutxienez, 1,6 milimetroko dibujoa izan behar dute. Eta gainera, ardatz bereko gurpilek, marka, modelo eta neurri berekoak izan beharko dute.
«Orain oso kontrolatua dago azterketan, autoak zenbat kutsatzen duen»
Orain zorrotzago begiratzen duten beste aspektu bat, kontrol koadroko txibatoak dira. Ez dute bakarrik begiratzen piztuta edo itzalita dauden, batzuek egiten dutelako txibatoa itzali, akatsa konpondu beharrean.
Txibato horiek hiru dira, nagusiki: «motorreko aberia dagoela dioena da garrantzitsuena. Horrek esan nahi du, kotxeak gehiegi kutsatzen duela, eta hori konpondu beharra dago. Oso kontrolatua dago orain, ITV azterketan», dio Rodriguezek.
Beste biak dira, airbagarena eta ABSarena, frenoena. Horiek biak, kutsadurarena bezala, gailu elektronikoen bitartez begiratzen dituzte orain, manipulaziorik egin den detektatzeko.
Akatsak dituzten autoek, aurrez konpondu ez badituzte, ez dute azterketa gaindituko, eta dauzkaten akatsak konpondu beharko dituzte, berriro ere ITV estazio batera gerturatu eta pasatzeko. Baina aukera dago, estazio hori aurrenekoaren ezberdina izateko. Akats larriak baldin baditu autoak, bi hilabeteko epean pasa beharko du ITV azterketa berriro, horiek konponduta. Eta akatsak oso larriak izanez gero, berriz, grua batez eraman beharko dute tailerrera, eta konpondutakoan ITV azterketa pasa berehala.
Aseguruak, kilometrajea...
Gauza gehiago ere begiratuko dira, ITVaren araudiaren aldaketarekin. Besteak beste, autoaren asegurua aurkeztu beharko da, azterketa pasatzera joatean. Eta kilometrajea ere errebisatuko dute teknikariek, kilometro kontagailuak manipulatzen iruzurrik egitea saihesteko. Kontagailuak ondo funtzionatzen duela ere begiratu beharko dute.
Araudiaren aldaketek, 2009 urtean edo geroago matrikulatu ziren autoei eragingo diete bereziki. Izan ere, horiek izango dira, koadro edo zentralitaren inspekzioa pasa beharko duten autoak; Euro 5 eta Euro 6 kategorietakoak, hain justu.
Aldaketen ondorioz, eta azterketa behar bezala egiteko, formakuntza jakin bat eskatuko die araudiak, bertako langileei: formakuntza eskakizunak zorrotzagoak izango dira, eta esperientzia izatea ere eskatuko zaie, ITV estazioetara sartu nahi duten langileei. Hiru urtero, gainera, formakuntza berritu beharko dute.