Bilbotik abiatu eta Bogotara iritsiko da gaur, Ibane Aizpurua Perez hernaniarra; eta bertan egongo da irailaren 23ra arte, Bada beste mundu bat egitasmoarekin. «20 egun solidario» izango dira, Laboral Kutxa eta Mundukide antolatzaileek aurreratu dutenez.
Beste bederatzi gazterekin batera joango da Aizpurua, baina 870 lagunek eman zuten izena, programan parte hartzeko: 100 lagunera murriztu zuten zerrenda zozketa bidez, eta horietatik 10 aukeratu zituzten, elkarrizketa pertsonalen ondoren.
Nariño departamenduan barrena, makina bat ekintza
20 egun horietan, Nariño departamendua ezagutuko dute. Bogotan pasako dute biharko eguna, eta Pastorako bidaia egingo dute etzi. Hortik aurrera, makina bat ekintza dauzkate aurretik: nekazaritza ekologikoko prozesuen ibilbidea (Chachagüí herrian); kafearen ibilbidea (Arboleda, La Union eta San Lorenzo); San Juan de Pasto hiria; arbasoen inguruko turismo ibilbidea (Pasto); San Felipe eta Arguello (Yacuanquer); Las Lajas santutegia eta Tulcan hiria (Ipiales); eta El Motilon (Pasto).
Hilaren 23an hartuko dute bueltako hegazkina, Bogotan, 24an Bilbora iristeko.