Azaroaren 8an aurkeztu zuen Udal Gobernuak 2019ko Udal Aurrekontuaren proposamena Ogasun Batzordean, eta orain, abenduaren 11ra arte daukate aukera oposizioko taldeek, hots, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Orain Hernanik, proposamena aztertu eta emendakinak aurkezteko. Baita Udal Gobernuak ere, horiek negoziatzeko.
Herenegun, ordea, prentsaurrekoan aurkeztu zituzten Luis Intxauspe alkateak eta Isa Sanchez ogasun zinegotziak.
Iaz baino 4.891.000 euro gehiago
Hain zuzen, 32.319.683 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen Udal Gobernuak Batzordean: 29.558.280 Udalari dagozkio; 409.871 euro, Ereñotzuri; eta 2.351.532 euro, Zerbitzu Sozialetako patronatuari. 2018koarekin alderatuta, %17,84ko igoera dauka (2018koa 27.427.709 eurokoa izan zen), hau da, 4.891.000 euro gehiago.
Intxauspe eta Sanchezek azaldutakoaren arabera, hazkundearen arrazoi nagusiak bi dira: «Hernaniri dagokion Foru Funtsa (Foru Aldundiak udalei ematen dien diru-kopurua) 2018ko baino haundiagoa aurreikusten da (milioi bat euro), eta hirigintza sarrera ere haundiagoa izango da (3,9 miloi euro)».
Hirigintza sarrerak Papelera Zikuñagaren bigarren faseari dagokion obra zergari; eta Galarreta-06 eremuaren urbanizazio lanak burutzeko aurreikusitako dotazioak eta bertako lurjabeek egin beharreko ekarpenari dagozkie. Diru-sarreren %81a dira hauek, eta aurkezpenean nabarmendu zuten «diru-sarrera horiek ez-ohikoak direla».
«Gehien bat», inbertsioetara
Diru-sarreren hazkundea «gehien bat» inbertsioetara bideratzeko proposamena egin du Udal Gobernuak, nahiz eta gastu arruntetarako ere erabiliko den. Hain zuzen, 4.756.429 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, proposamenaren arabera, 2018an baino 2.468.079 euro gehiago (%107,85eko hazkundea).
Horietatik 2.776.229 euro inbertituko dira Galarreta-06-Urbanizazioa egitera (1.577.699 euro), baita Galarretaren sistema orokorra berritzera ere (1.198.530 euro).
Herri jasangarria izatera, erdia baino gehiago
Luis Intxauspe alkateak eta Isa Sanchez zinegotziak azaldu zuten zein atal nabarmenduko diren 2019ko aurrekontuen proposamenean: «Legegintzaldi hasieran adierazi genuen gure herria nola irudikatzen dugun, nolako herria bultzatu nahi dugun: Hernani aktiboa, jasangarria eta solidarioa nahi dugu».
Horietatik, herri jasangarria izatera dagokion atalera bideratuko da aurrekontuaren erdia baino gehiago, hau da, «hirigintza, mugikortasuna, zerbitzu publikoak, tokiko garapena eta ingurumen arloak hobetzera».
Herri aktiboa izatera, hau da, jarduera fisikoa eta kirolera, hezkuntzara, kulturara, euskera zerbitzura eta herritarren parte hartzera, aldiz, %23,21a. Eta azkenik, herri solidarioa izatera (zerbitzu sozialak, berdintasuna, lankidetza, gazteria, etxebizitza bermatzeko diru-laguntzak, eta inmigrazioa) %10,86.
Administrazioko gainontzeko gastuei dagokiona eta maileguaren ordainketari dagokiona ez da aurrekontuaren %14ra iristen.
INBERTSIO NAGUSIAK
- Galarreta-06-urbanizazioa: 1.577.699 euro.
- Galarreta sistema orokorra: 1.198.530 euro.
-Hernani Erabaki inbertsioak: 500.000 euro.
- Biteri Kultur Etxearen hobekuntzak: 200.000 euro.
- Ikastetxeetako inbertsioak: 150.000 euro.
- Planeamendua-dokumentu teknikoak: 150.000 euro.
- Landa bideak: 100.000 euro.
- Kirol jarduerak: 100.000 euro.
- Kamioia-hondakin organikoak: 100.000 euro.
- Latsunbe-Sorgintxulo oinezkoen bidea: 100.000 euro.
- Karabel aparkalekua: 100.000 euro.
- Irisgarritasun obrak: 75.000 euro.
- Energia plana: jarduketak: 75.000 euro.
- Inbertsioak-saneamendua: 75.000 euro.
- Inbertsioak-ur hornidura: 50.000 euro.
- Funts bibliografikoa: 44.000 euro.
- Musika Eskola-aire egokitua: 40.200 euro.
- Liburuak kalean: 30.000 euro.
- Informazio-prozesuetarako ekipoak: 25.000 euro.
- Santa Barbara harrobia: 25.000 euro.
- Udaltzaingoa-ibilgailuak: 15.000 euro.
- Trafiko kamerak berritzea: 15.000 euro.
- Kale altzariak: 10.000 euro.
- Bulego altzariak: 6.000 euro.