Hurrengo fasea prest, erabakitzen jarraitzeko

Kronika - Erredakzioa 2018ko mai. 28a, 02:00

Pixkanaka aurrera dijoa Her­nani Erabaki aurrekontu par­te-hartzaileen prozesua; pasa den maiatzaren 17an aurkeztu zituzten herritarrek egindako proposamenen nondik nora­koak. Denera, 376 proposamen aurkeztu dira, eta orain, ho­rietatik 100 hautatu behar­ko di­tuzte herritarrek. 

Horretarako, leheneste fa­se­ari, prozesuko bigarrenari eman­go zaio hasiera etzi, as­teazkenean. Lau saio egingo dituzte, gaika, eta bertan egin­go da hautaketa. Azaldu dute­nez, «saio bakoitzean 50 pro­posamen landuko dira; haue­tatik, erdia kanpoan geratuko da, eta beste erdia, hurrengo fasera pasako da: balorazio teknikoa egitera, hain zuzen».

Kontuan hartu behar da egin diren proposamenetatik 200 geratuko direla, errepi­katu­ak eta eskumenetik  kan­po daudenak kenduta.
Bilera guztiak udaletxean izango dira 19:00etan hasita, eta zaintza zerbitzuarekin.

LEHENESTEKO BILERAK

- ETZI, maiatzak 30: argiteria, garbitasuna, hondakinak, komun publikoak, eta jarduera fisikoa eta kirolak.
- MAIATZAK 31, OSTEGUNA: herri segurtasuna, mugikortasuna (aparkalekuak, bide segurtasuna, bidegorriak eta bizikletak, garraio publikoa, oinezko bideak, trafikoa), tokiko garapena, merkataritza, elikadura subiranotasuna eta ingurugiroa.
- Ekainak 6, ASTEAZKENA: espazio publikoa, berdeguneak, parkeak, plazak, txakur parkeak, gizarte zerbitzuak, gazteria eta berdintasuna.
- EKAINAK 7, OSTEGUNA: hirigintza, herri lanak, herri mobiliarioa, kultura, ondarea, musika, partaidetza, hezkuntza-heziketa eta auzoetarako proposamenak.

 

Nerabeentzako ikastaroak sortzeko deia, herriko kultur eragileei

«Ikastaroen helburuak nerabeen artean sormena sustatzea izan behar du: gazteak kultura kontsumitzaile hutsetik sortzaile izatera pasatzea da xedea», azaldu dute. Ekainaren 22ra arte egin daitezke proposamenak.

Hain zuzen, aurreko Hernani Erabaki prozesuan erabaki zu­ten hernaniarrek nerabe-gaz­teen­tzat antolatutako ekin­tza gehiago eskaini behar ditu­ela Uda­lak, eta horretan ari da.  Gainera, diote, «amaitu berria den kulturaren inguruko hausnarketan gazte eta nerabeei zuzendutako eskaintzari bu­ruz­ko kezka ere» jaso dela.

Kultur eragileekin batera, plangintza
Horren ondorioz, Kultura eta Gazteria sailek plangintza osa­tzeari ekingo diotela diote, he­rriko eragileekin batera. Hori de­la-eta, eragileek ikastaro egitasmoak aurkeztu ahal izango dituzte; formatu laburreko ikastaroak izango dira. 
Baldintza batekin: «ikastaroen helburuak nerabeen artean sormena sustatzea izan behar du: gazteak kultura kon­tsumitzaile hutsetik sor­tzaile iza­tera pasatzea da xedea», azaldu du Udalak.

Gaiari dagokionez, mota as­kotakoak izan daitezke, adibideak jarri dituzte: bideogin­tza eta zinemarekin erlazionatutako tailerrak, komiki munduan murgiltzen direnak, tek­no­logia berriekin lotuak, arte ederrekin konektatzen dutenak... 

HHZn, proposamenak
Ekainaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak HHZn (943 33 70 00); informazio gehiagorako www.hernani.eus web orrira jo behar da. Proposamenak aztertu, eta gazteek beraiek bozkatuko di­tuzte irailean; boto gehien ja­so­tzen dituztenak egingo dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!