Egun osoko jardunaldia antolatu du bihar, Hernaniko Gazte Mugimenduak, salatzeko «inposatutako kondenak eta memoriaren gerra hau». Zehazki, herriko bost gaztek jasotako epaia salatu nahi dute: «2016ko Gudari Egunean Institutuan egindako ekitaldi batengatik, terrorismoa goratzea egotzi, eta bost gazte kondenatu dituzte».
Eta gaineratu dute: «gatazka politiko bat amaitu dela diotenak, gertatutakoa kontatzen hasiak dira. Baina ez da ezer amaitu, eta gatazkak forma ezberdinak hartu ditu. Nork idatzi historia eta zer historia idatzi. Boteredunek inposatzen dute memoria, eta beren eskemetan sartzen ez den oroimen oro kriminalizatzen dute; eta bertsio ofiziala zalantzan jartzen dutenen kontra, errepresioa darabilte».
Horregatik, «errepresio kasu hau» salatu nahi dute, eta «elkartasuna adierazi kondenatutako gazteei». Hitzaldi batekin ekingo diote, 11:00etan; trikipoteoa gero; eta bazkaria 14:00etan, Plaza Berrin. Horretarako, txartelak salgai daude Goiz Argin eta Garinen, 15 euroan. Eguna bukatzeko, manifestazioa eta kontzertuak.