Hogeita bat taldek, bostekoa Olinpiadei!

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 24a, 01:00

Dena prest daukate herriko gazteek suziria piztu, eta be­launaldi berriko bosgarren Gaz­te Olinpiadei hasiera emateko. Ohi bezala, Aste Santuko oporren osteko aurreneko la­run­batean hasiko dira ofizialki, apirilaren 7an, hain zuzen.

Eta egun horretarako, ‘zu­re­kin, zuekin, gurekin’ konta­tzen dute antolatzaileek, aurtengo Olinpiaden leloak dioen bezalaxe.

Hogeita bat talde, aurten

Eta noski kontatuko dutela gazteekin; otsailean ireki zuten izena emateko epea, eta martxoaren hasierara arte izan zen aukera apuntatzeko. Zenbaki polita elkartuko dira, 21 talde baitaude izena emanda, aurten. Horiekin guztiek emango diete bostekoa aurten, hamarreko Gazte Olinpiadei!

Horien artean azkeneko bost edizioetan parte hartu duten taldeak, eta guztiz berriak direnak aurkitu daitezke: Ardi Ibili, Xatorkeitan, Apa­txeak, Karakolinpikoak, Jo­ker Stars, Harrapazank, Air Max, Brugalkaba, Pabo Rangers, Hankazgora, Kanika, Partido Bundista, Fundamentuik Ez, Salda Parranda Ta Gero, Hor­tzak Estutu, Batorrela, Kon­fusioa, Pelotoia, Pizti Nago, Her­nanii 5.0, eta Axeri Txiki Infernu Handi.

Larunbat eta ostegunetan

Bi aste barru hasi, eta ekainaren 16ra bitarte izango dira aurtengo Olinpiadak. Dena den, dagoeneko egin dituzte bi saio, Beroketa lanak deritzonak. Aurrenekoa, martxoaren 9an izan zen; eta bigarrena, aldiz, martxoaren 17an, aurreko larunbatean.

Horiek, ordea, ez dute punturik eman, beraz, apirilaren 7ra arte ez da sailkapen ofiziala hasiko.
Ordutik aurrera, astero izan­go da probaren bat, ba­tzuetan larunbatetan izango da hori, eta beste batzuetan, aldiz, ostegun gauetan.

Apirilaren 7an hasi eta ekainaren 16ra bitarte, larunbat eta ostegunetan izango dira probak.

Beroketa lanak eginda

Hortaz, beroketa-lanak eginda datoz talde asko. Aurten, gainera, pare bat berrikuntzarekin: «aurreko edizioetan beroketa bezala mendi-irteera eta bertso-afaria egiten ziren, baina aurten aldatu nahi izan dugu», azaldu dute antolakuntzatik. Horretarako, «ide­ien ekaitza bat egin genuen», eta horren emaitza izan ziren aurreko asteetako bi jarduerak: afari mexikarra, hasteko, eta bazkaria eta jolasak. 

«Jolasak egin genituen apro­­betxatuz antolatzaileen artean daudela Kanika Aisialdi Taldeko kide batzuk», diote. «Honen guz­tiaren helburua da, azken finean, taldea egitea eta elkar eza­gutzea Olinpiadak hasi au­rretik», argitu dute. Eta horregatik, hain zuzen, eskatzen dute talde guztien partaidetza.

Aurreneko bi probak, taldeei azalduta

Orain, beraz, bete-betean jarri dira  atzera-kontaketan, eta ha­­­la nabaritzen da giroan ere. Batez ere, ostegunaren ondoren, orduan egin baitzuten Asanblada Orokorra, egingo diren probei begira jarri den aurrenekoa. 

Gutxi gorabehera bi astean behin egiten dituzte Asanblada hauek Gazte Olinpiadak joka­tzen ari diren bitartean, eta bertan azaltzen dituzte, normalean, datozen bi probak. 

Izan ere, nahiz eta talde antolatzaile bat egon -KOI izenez ezagutzen dena-, talde bakoitzak egun bat antolatzen du; «derrigorrezkoa da», na­bar­mendu dute.

Horrela, beraz, aurreneko bi egunak azaldu zituzten herenegungo bileran, Aste Santuen aurretik. 

Apatxeak eta Karakolinpikoak, aurreneko arduradunak

Aurreneko bi probak antzekoak izan ohi dira ia urtero, «funtzionatzen» dutelako. 

Ohi bezala, taldeen aurkezpenarekin botako dute aurreneko suziria, Apatxeen eta Karakolinpikoen eskutik. Ha­iek izango dira, hain justu, au­rreneko bi talde arduradunak.

Osteguneko asanbladan azal­­du zutenez, Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte taldeen aurkezpen egunerako. Egun osoko proba izango da, goizeko 10:30etan hasita. 

Orduan, Tilosetan elkartuko dira talde guztiak eta paella bat egiteari ekingo diote; berezitasun bat izango du, gainera: osagai sekretu bana banatuko zaio talde bakoitzari. Eguerdi aldera bilduko da epaimahaia, bere epaia emateko.

Ondoren, bazkaldu egingo dute, eta Opskarrak eta hasierako ekitaldia egingo dituzte bazkalostean.

Bukatzeko, txaranga abiatuko da herriko kaleak girotzeko. Eta gaualdean hasiko dira kontzertuak: Bad Sound Sis­tem, Erokomeri eta talde sorpresa.

Apirilaren 12an, patinak kalera

Patinen proba ere ‘mito’ bat da Olinpiada zaleen artean. Hori izango da, hain zuzen, bigarren proba, apirilaren 12koa. Beti egin ohi da ostegun gauez, eta hala izango da aurten ere. Gaueko 21:30etarako jarri dute kedada, eta 22:00etan abiatuko dira Putzueta harategiaren paretik. Patinen gainean egin beharko dute ibilbidea, binaka. Hala azaldu zuten Batorrela taldeko kideek ostegunean.

Hirugarren proba ere zehaztu dute: orientazioarekin lotutakoa izango da, apirilaren 21ekoa. «Herrian zehar egin nahi genuen, baina txotx denboraldiagatik kaleak jendez lepo egoten dira, beraz, herritik kanpo egin beharko dugu», adierazi du probaren antola-tzaileetako batek.

Aurreneko hiru probak zehaztuta daude dagoeneko: taldeen aurkezpena, patinen proba eta orientazioarena.

Hilabeteetako lanari ginda, bi aste barru

Hemendik aurrera, beraz, ho­geita bat taldeen esku utzi ditu KOIek egun bakoitzeko probak: larunbatetakoak bi taldeen ar­tean antolatuko dituzte; os­te­gunekoak, aldiz, talde bakarrak. 

Dagoeneko egun guztiak lotuta daude, eta eskatu zaie «pixka bat aldatzeko; izan ere, badaude proba batzuk jendeari asko gustatzen zaizkionak eta horiek mantentzea oso ondo dago, baina gehienak ‘ginkana’ modukoak izan dira, eta horiei buelta bat ematea da helburua». 

Hala pasa diete lekukoa KOIeko antolatzaileek parte-hartzen duten taldeei, hilabeteetako lana borobilduz: «abenduan hasi zen lanean KOI aurtengo Olinpiadak prestatzeko; orokorrean, duela bi urteko talde bera gara, baina berririk ere badago», onartu dute. 

Dena den, probak taldeen esku badaude ere, asteartero biltzen da KOIeko taldea, koordinazio lanak egiteko.

Hasierako lana, leloa pentsatzea

Abenduan bertan aurreneko la­nei ekin zieten: «lehenengo lana izan zen aurtengo leloa asmatzea». Eta bi zentzu bilatu zizkioten: «ikusten genuen jendearengan ez zegoela interes askorik aurtengo Olinpiadetan, horregatik abiatu genuen hasi­eran ‘Guri 5’ kanpaina». Baina aste batzuk pasata eman zioten buelta, eta ‘Guri 5’ zena, ‘Gurekin 5’ bihurtu zuten. 

Lelo berria aurkeztuta deitu zuten aurreneko asanblada irekia otsailaren 22rako: «han azaldu zen aurtengo asmoa eta egutegi osoa». Orduan jarri zu­ten kontagailua martxan!

Instagramen, berri guztiak

Beste berrikuntza bat ere aurkeztu dute Gazte Olinpiaden antolatzaileek: Instagramen kontua. «Ikusi dugu gazte asko dabilela Instagramen, eta hori izango da gure informazioa emateko bidea», iragarri dute. Hemendik aurrera herriko gazteen gogoak eta ilusioak elikatuko du Olinpiaden kontua!

2018KO EGUTEGIA
- Apirilak 7, larunbata: lehenengo eguna (sukaldaritza eta O Faktorea).
- Apirilak 12, osteguna: patinak.
- Apirilak 21, larunbata: orientazio probak herritik kanpo.
- Apirilak 26, osteguna.
- Maiatzak 5, larunbata.
- Maiatzak 10, osteguna.
- Maiatzak 19, larunbata.
- Maiatzak 24, osteguna.
- Ekainak 2, larunbata.
- Ekainak 7, osteguna.
- Ekainak 16, larunbata.

AURTENGO TALDEAK
1. ARDI IBILI
2. XATORKEITAN
3. APATXEAK
4. KARAKOLINPIKOAK
5. JOKER STARS
6. HARRAPAZANK
7. AIR MAX
8. BRUGALKABA
9. PABO RANGERS
10. HANKAZGORA
11. KANIKA
12. PARTIDO BUNDISTA
13. FUNDAMENTUIK EZ
14. SALDA PARRANDA ETA GERO
15. HORTZAK ESTUTU
16. BATORRELA
17. KONFUSIOA
18. PELOTOIA
19. PIZTI NAGO
20. HERNANII 5.0
21. AXERI TXIKI, INFERNU HANDI

‘G5: Gurekin bost!’, aurtengo leloa

Bi zentzutan sortu dute aurtengo logoa: aurrena, aurtengo egoera azaltzeko; eta ondoren, belaunaldi berriaren bosgarren urteurrena 
ospatzeko. 

Zortzi urte pasa dira 2010. urtean Hernaniko Gazte Asan­bla­dak garai bateko Gazte Olinpiadak errekuperatu zituenetik. Zortzi urte, baina bost Olinpiada egin dira ordutik; hortaz, belaunaldi berriaren bosgarrenak direla esan daiteke. Ildo horretatik sortu dute aurtengo leloa, G5 logoarekin irudikatu dutena: Gurekin 5!

Herriko gazteen parte-har­tzea bultzatzeko ere aprobetxatu dute: zuekin, zurekin, gurekin bost!

Bi zentzutan

Halaber, herrian mugimendua sortu eta gazteak inplikatzeko erabili zuten hasiera batean G5 logoa. Horrela, bideo baten bidez azaldu zuten egun, olinpiadak prestatzeko zegoen egoera: pasotismoa. Hori dela eta, Guri 5! leloa kaleratu zuten. 

Bost leloak gogoan, urtero

Urtero egin ohi diete aipamena 2010 geroztik sortutako leloei, eta aurten ere, hala egin dute: 2010ean, zapatillak jantzi genituen; 2012an, dena posible zela amestu genuen; 2014an, herria kutsatu genuen; 2016an, jokoa ez zela amaitu aldarrikatu genuen...; eta 2018an, zer? Zue­kin, zurekin, gurekin bost!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!