Mendiko kultura sustatzea du helburu Alacanteko Cuentamontes elkarteak, eta literatura, poesia edota argazkilaritza sariak ematen ditu horretarako, urtero.
Aurtengoan, Andoni Arabaolaza Oruezabala (Hernani, 1964) kazetari hernaniarrak irabazi du, Maria Remedios Guillen mendi literatura saria, Un oasis en las montañas eleberriarekin.
Mendira joatean oasirik behar al duzu? Ala mendia bera da oasi?
Sarreran aipatzen dut Marguerite Yourcenar-en aipu bat, esaten duena norberak bere oasia, bere leku askea bilatu behar duela. Gero eta eremu aske gutxiago dauzkagu gure gizartean, eta nik bi dauzkat: mendia, eta idaztea edo sormen literarioa. Baina beste esanahi bat ere badauka izenburuak; bi protagonista agertzen dira, eta bientzako da mendia oasia, baina bi ikuspuntu desberdinetatik: aisialdiaren aldetik eta biziraupen edo erresistentzia aldetik. Euskalduna da bat, eta bestea kurdua.
Sormen literarioa aipatu duzu, baina kazetaria zara, eta hau izan da aurreneko eleberria.
Bai. Gaztetan idazten nituen poesia, errelato txikiak... Baina kazetaritzan sartzean, beti informazioa, beti irakurtzen eta dokumentatzen... Idazleek esaten dutenean gauerdian idazten aritzen direla, pentsatzen dut %99,9 ez direla izango kazetariak! Baina azken urteetan probatzeko gogoa izan dut. Ez zerbait luzea, ez baitut teknika kontrolatzen. Baina orain pare bat urte sortu zitzaidan txinparta, eta hortik sortu da sua.
Eta saria irabazi! Beste oasi bat?
Banituen hainbat ideia. Baina Kurdistani buruzko jardunaldi batzuk egin ziren Hernanin. Lagun batek laguntza eskatu zidan, elkarteko inor ez baitzen hernaniarra. Eta horrela piztu zen txinparta. Neuzkan hiruzpalau ideia baztertu eta horri heldu nion. Mendiaren bueltan, eskalada ere kontrolatzen dut eta ez dago literaturan erreferentzia haundirik. Biak uztartzea erabaki nuen, baina asmo berezirik gabe. Ez naiz anbiziosoa; idatzi, lagunen artean banatu eta iritzia jaso. Galdetu didate zergatik egin dudan gaztelaniaz, ama hizkuntza euskera dudanean. Gaiak potoloak dira: Kurdistan, eskalada, feminismoa, matxismoa, gazteak... Euskeraz idatzita, jakin badakit mendi lehiaketarik ez dagoela eta argitaletxera joateak lotsa ematen zidan. Erderaz idatzi nuen uste dudalako mezua zabaltzeak merezi duela, eta lehiaketa hau bazela banekielako. Baina ahaztua nuen! Zuzentzaileari ere ez nion esan, eta lan handia egin du: burutik txapela kendu behar nuela esaten zidan, euskerazko jiro asko nituelako. Sorpresa izan da. Oasia ere ez. Ez nuen ezer bilatzen.
Eskaladaz arituta, hizkera oso teknikoa da?
Kirol eskaladaz ari naiz; badaude modalitatea gehiago. Baina ez da teknikoa. Xixili eskalatzailea da, eta 8A, zailtasun bide bat egiten du helburu. Eskalda lexikoa hor sartu dut, baina irakurketa xamurra da. Egiten duen ahalegina, saiakera aipatzen ditut.
Harremanetan ere sakontzen duzu: Xixili eta Sakine. Eta Kurdistan, eta mendia.
Hainbat keinu egin nahi nituen. Batetik, gazteak, ez dutelako irakurtzen; nagusiek gero eta gutxiago. Helburua gazteen artean banatu eta irakurtzea lortzea da. Beste helburua zen protagonistak neskak izatea, feminismoa lantzea. Iruditzen zait badagoela mendiarekiko miresmen bat, baina matxismo, homofobia, misoginia asko dago. Azken batean gu ere gizabanakoak gara; izan kazetaria, dendaria, igeniaria... Egunerokoan zarena, mendian edo eskaladan islatzen da. Kritika egin nahi nion horri. Eta beste gai inportantea: Ipar Kurdistan, Turkiaren mende dagoena. Hor, eskertu behar dut Newroz Euskal Kurdu Elkartea: mapa ofizialetan ez dira mugak ageri. Gainera, mendi askoren izenak ere eman dizkidate. Beste asko ez dira ezagutzen, debekatuta daude, gerrillari, terroristen aitzakiarekin. Turkiak ez du uzten hara joaten.
Kazetaritza lan haundia egin duzu, orduan?
Dokumentazio lanaren aldetik, bai. Denera 6 hilabeteko lana izan bada, 2-3 izan dira dokumentazioa, eta beste 2-3 idaztea. Kurdistango poeten erreferentziak ere sartu nahi nituen, protagonistek poesia irakurtzen dutelako, eta hori lortzea kosta zait, baina liburutegiko Raquelek asko lagundu dit. Gero, idaztea nahiko xamurra egin zait. Egun batean idazten nituen 10 orri kolpetik! Baina beste batean, bi lerro idatzi eta lagun batek deitzen zidan Santa Barbarara eskalatzera joateko... Baina kazetaritza aipatuta, elkarrizketa asko egin izan ditut, eta iruditzen zait oraingoan pelikula ikusi dudala nik bakarrik, eta paperera pasa eta zabaldu besterik ez dudala egin. Iruditzen zait kazetariaren ikuspuntutik egin dudala lan, kontatu didaten istorioa kontatuz.
«Protagonistentzat mendia da oasia, baina bi ikuspuntu desberdinetatik: aisialdearena eta biziraupen edo erresistentziarena»
Mendiarekiko miresmena aipatuta, ez ote dugu ‘saltzen’ den filosofiaren kontra egiten, ‘askapen’ lekuak masifikatuz?
Horregatik, mendia ikusteko bi modu erakusten ditut. Xixilik ikusten du aisialdirako, ariketa edo kirola egiteko, eta Sakinek, biziraupenerako. Ez dago mendia ikusteko era bakarra: baserritarrak, basozainak, artzainak, biologoak... Desberdin ikusiko dute. Mendebaldean eroso bizi gara, eta aisialdi bezala ikusten dugu, baina batzuentzat biziraupenerako, erresistentziarako leku dira. Nik asko hausnartzen dut, Onddin.
Hernani inguruan ez da aukerarik falta!
Erreferentzia asko egiten dizkiot Hernaniri. Xixili hernaniarra da. Nire alter hegoa dela ere esaten dut. Nahiz eta denbora pasa, errebelde izaten segitzen dut. Esango nuke gero eta gehiago erradikalizatzen ari naizela, bere zentzu onean. Goseteak, injustiziak... sustraitik kendu nahi nituzke, eta hori esanda, ondo geratzen naiz. Baina kapitalismoaz gauza bera esanda, gaiztoa dirudit! Bestalde, Nazioarteko gaikein lotura daukat, Egin irratian lan egin nuelako. Eta hara! Euskal Herriko herri bakarra da Hernani, Ipar Kurdistango herri batekin senidetua!
Bertara joan eta bigarren liburua ote dituzu, buruan?
Gustatuko litzaidake, baina ez da batere xamurra. Parapolizialek geratu zaitzakete, eta kanporatu. Baina gustatuko litzaidake. Mendi asko ezezagunak, basatiak dira. Gero pentsatzen dut merezi ote duen gizakiak suntsitzea. Bigarren liburuarena ordea... Amaiera irekia utzi dut. Badauzkat ideiak, baina momentua, txinparta behar dut. Nahiago dut mendira joan!
Aurrenekoarekin geratuko gara orduan! Non lortuko dugu?
Uste dut aste honetan Elkarren jarriko dela salgai. Eta aurkezpen batzuk ere baditut eskuartean. Balio dezala mendi kultura pixka bat sustatzeko, eta batzuk aitortu didaten moduan, konfort egoeratik atera eta barrua mugiarazteko.