Publikoaren aurrean jarriko den aurreneko aldia izango du Luis Azorinek ostegunekoa; 19:30etan, Biterin, Yugos de Ceniza, argia ikusi duen aurreneko nobela aurkeztuko du, intrigazkoa. Aurrenekoa, kaleratu duena; beste lau ere idatzi izan baititu, gaztetan, lehendik.
«Barregarri geratzeari beldurra» diola aitortu du. «Urduri, deseroso nago. Ez naiz profesionala», dio. Baina, era berean, pozik dago emaitzarekin. «Gusto haundiarekin egindako lana da, eta jendeari gustatzen ari zaio. Jendeak ulertzen du».
Ulertu beharrekoak azpimarratu ditu. «Entretenitzea da helburua. Inork ez dezala besterik bilatu». Era berean, «ondo ezagutzen» dituen bi lekutan, Errioxan eta Hernanin kokatu du eleberria, «inor haserrarazteko asmorik gabe». Bestalde, bere «belaunaldikoen nahastearen kronika» ere egin nahi izan du. «Teknologikoki eta sozialki galduta egoten gara, askotan». Horrekin guztiarekin osatu du irakurleak erakartzen ari den koktela: «Uste dut jendeak gustokoa duela, naturala delako. Posizionamendurik gabekoa».
Ze lotura dauka Luis Azorinek, Telmo, protagonistarekin? Hernanin bizi den errioxarra, administrazioan lanean, han eta hemen eroso bizi dena...
Lagunentzako, haundia! Erraza egiten zitzaidan nere adineko bati buruz aritzea; erretiroa gertu daukana, seme-alabekin daukan erlazioa aldatzen ari zaiona haunditzen ari direlako... Nireak diren esaldiak ere atera zaizkit. Baina fikzioa da oso-osorik. Ez dauka nerekin zerikusirik. Egia da pertsonaiak asmatzen oso ondo pasatzen dela; baten batek lagunen bat ekarri dezake gogora, nere ikuspegitik. Asmoa izan da, intrigazko nobela idazteaz gain, pertsonaiek mamia eduki zezatela.
«Nobelak bizitza propioa hartzen du. Aurreneko erdia neukan pentsatua, baina orain, gehiago gustatzen zait bigarrena»
Bizitzako etapa horri buruzko hausnarketa ere bada, nobela?
60 urte bete dituenaren krisian dago pertsonaia. Zahartzen ari da, heriotza gertuago ikusten du. Adin honetan konturatzen zara egingo zenituela uste zenuen gauzak dagoeneko egingo ez dituzula, eta egokitzapen haundia egin behar izan dugu teknologikoki eta sozialki... Azken batean, izenburuak ‘oroimenaren pisua’ esan nahi du. Iraganak daukan pisua irudikatzen du. Protagonista gizon marmarti bat da, Frankismoaren garaiko baloreekin hazia, baina mordernoa zela uste zuena, nahiz eta konturatu karka hutsa dela; feminismoa, homosexualitatea... Beste balore batzuekin hazi ginen, eta uste genuen gai horiei buruz asko genekiela, aurrerakoiak ginela, eta edozein gaztek hamar buelta ematen dizkigu. Baina ez da eleberri filosofikoa! Entretenitzea da helburua, eta ez da gutxi!
Zenbat denboran idatzi duzu?
Bost urte! Hasieran, niretzako zen. Idaztea oso intimoa da. Baina bigarren parte hau... Dibertigarriena idaztea da, nahiz eta batzuetan, zuzenketetan adibidez, oso gogorra den. Baina zu ari zara, etxean, zure burua estutzen. Promozio lana, saltzea, berriz... Publikoaren aurrean jartzeari beldurra diot! Ez ditut 15 minutu ospe nahi!
Baina, emaitzarekin, gustora?
Nobelak bizitza propioa hartzen du. Aurreneko erdia neukan pentsatua, baina orain, gehiago gustatzen zait bigarrena. Hernaniarrei esango nieke ez uzteko; ulertzeko, bigarren eta hirugarren zatiak irakurri behar dira. Buelta haundia hor dago. Hori bai; ez dauka tranparik. Molestatu egiten dit bapatean, guztia argitzeko bukaerara arte azaldu ez den pertsonaia bat azaltzen denean. Ez dago horrelakorik. Lan haundia egin dut, eta lasaitasuna ematen didana da, ezagunek (eta ez lagunek bakarrik), esan didatela gustatzen zaiela. Ez badizute ezer esaten, txarra izan daiteke, baina esaten badizute... Beldurra banuen; aurreneko 50 orrialdeak ez bazaizkigu gustatzen, utzi egiten dugu, normalean. Planteamendua, korapiloa eta bukaera; beti da horrela. Baina saiatu naiz deskribapenak laburtzen, inor ez nekatzeko. Badirudi gustatu dela, bai han eta bai hemen. Jendeak ulertzen du.
«Zuek euskerak batu egiten zaituzte; gu, azentuak»
Han eta eman, hilda agertzen diren ETAkideak, biolentzia garaia bukatu denean... Aktualitateko gaia hartu duzu, delikatua izan daitekeena...
Batu ere egin nahi nuen liburu honekin. Aurreneko zatia Errioxan kokatzen da, eta bigarrena hemen, Hernanin. Bi tokietakoa naiz ni. Ordu eta erdira dago hura, eta bi tokietan oso eroso sentitzen naiz. Hala ere, desberdinak dira politikoki, sozialki... Ez nuen errealitatea ezkutatu nahi, baina ezta ere, inor deseroso sentitu zedin. Aktualitatea ere, gehiago zen, idazten hasi nintzenean. Kontatzen diren gertakariak kokatzeko dira, baina ez dira gaia. Hemengo jendea soziologikokoi eta politikoki markatua dago, industria ingurune batekoa da, eta han kontrakoa da... Baina ez da tesi nobela bat. Hala ere, izaten dira batzuk oraindik galdetzen dutenak: Hernanin bizi zara? Eta nola da hori? Infernua izango da! Edo alderantziz; Logroñon jende fatxa besterik ez dago! Uste dut beste garai batean gaudela, aukera berrien garaian. Noski, mina badagoela. Baina ez dut horretan sakondu nahi izan.
Hernanin 20 urtetik gora badaramakizkizu ere, errioxarren hizkera jaso duzu.
Badu kostunbrismotik pixka bat, eta nabari da, bai hango elkarrizketaren batean, eta baita hemengoren batean ere. Baserritar batekin izandako elkarrizketa ondo geratu dela uste dut. Ni ere nahastu egiten naiz askotan, eta hemen bertan, zuritoa eskatu beharrean, corto ateratzen zait! Batzuetan uste dugu tokiren batean 15 eguneko oporraldia eginda, ezagutzen dugula, baina nik beste modu batera ezagutzen dut Ezcaray. Zuek euskerak batu egiten zaituzte; gu, azentuak. Nekazari lurraldea da, bizitzeko beste modu batekoa... ¿Cómo está el astro? galdetzen dugu, eguraldiaz galdetzeko! Baina ez pentsa, hori ere galtzen ari da.
Autoediziora jo duzu, liburua argitaratzeko. Zergatik?
Lagun batek animatu ninduen argitaratzera. Berak egiten zizkidan zuzenketak. Beste argitaletxe batera jo genuen, baina azkenean ezin izan zen, eta horrela aukera ikusi nuen. Baina uste nuena baino hobeto ari da funtzionatzen! Eta orain, edo promozio lanak egiten dituen argitaletxea aurkitzen dut, edo... Ari naiz batekin hizketan. Nik nire lana, nire bizitza dauzkat, eta honek gainezka egiten dit!
Protagonista bezala, zer egin ez dakizun bizitzako etapa horretara iristeko beldurrez zaude? Ustezko hilketa batzuk ikertzen hasteko gogoz?
Alderdi pertsonalean ez! Idaztea, ez da bukatuko. Eta margotu egiten dut, arrantza, zinea eta antzerkia gustoko ditut... Hamabi urte badira pintatzen dudala, eta gaztetan asko idazten nuen. Orain 5 urte berreskuratu nuen, ez dakit oso ondo zergatik. Afiziorik ez dut falta!
Beste eleberriren bat iritsi daiteke, orduan?
Ordu asko dira... Oraingoz, honekin dena aldekoa da. Badaukat nere egoa eta uste dut ondo dagoela, baina harritu ere egin nau jendearen harrerak. Gehiagora dijoan eleberria da, bueltak ematen ditu!