Musika izango da protagonista Hernanin, beste asteburu batez. Eta indartsu hasiko da, gainera, gaur bertan, bi kontzertu izango baitira.
Glaukoma talde ezaguna etorriko da Kontrakantxa gaztetxera, eta kontzertua eskainiko du, 22:00etan hasita. Beste talde batek ere joko du bertan: Little Martin Selektah. Sarrerak agortuta daude.
Eta beste kontzertua, Milagrosan izango da, 22:00etan hasita hori ere. Andoni Tolosa Morau musikari hernaniarrak eta Mugaldekoak taldeak joko dute bertan, eta biek, beraien disko berria aurkeztuko dute: Egunsentiak alperrentzat, hernaniarrak, eta Galdemoduen trilogia, taldeak.
Bere aurreneko lana du bakarka, Morauk; eta bertan, oso gai intimoak jorratu ditu: zaintza, gaixotasuna, alzheimerra, familia... Gainera, entzuleak oso ezagun izango dituen tokietan kokatzen dira abestiak: Etxeberri, Floridako eliza, Zinkoeneako kioskoa, Saretxo, Elutxetako bidegurutzea... Kontzerturako sarrerak, Biterin daude salgai, 7,5 euroan.
Akordeoi entzunaldia bihar, Milagrosako kaperan
Milagrosan bertan izango da beste kontzertu bat, bihar arratsaldean. Akordeoi entzunaldia antolatu du Hauspoz elkarteak, 19:00etan hasita, eta Raul Jimenez del Rio musikariak eskainiko du. Zazpi pieza joko ditu, eta horietako bat, Hernanin estreinatuko du: Gautu, Gerenabarrenak konposatua.
Iñude eta artzaiak, igandean
Eta musikak bere tokia izango du igandean ere, ekitaldi berezi batean: Iñude eta artzaien konpartsa aterako da. Urumea ikastolako patiotik Sandiusterrira igo, eta 11:45etan abiatuko dira: Elkano kaletik Plazara sartu, Andrekaletik Plaza Berrira jaitsi, Zinkoenera gero Kale Nagusitik, eta Izpizua kaletik eta Kale Nagusitik gora berriro, Plazara. Bertan egingo dute ekitaldi nagusia, eta aurretik, ibilbidean zehar, dantza saioak eskainiko dituzte.