«Ia 7.000 sinadura lortu dira, autobusen murrizketen kontra»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 21a, 01:00

«Aldundiak planteaturiko au­tobusen murrizketen aurrean, herritarrok gure desadostasuna erakutsi eta denon interesak defendatzeko asmotan» sortu zen, 2017ko azaroan, Mu­rrizketarik ez herri plataforma. Eta ordutik, azaldu du­­tenez, «ia 7.000 sinadura eta 5.000 alegaziotik gora» bildu dituzte, To­losa eta Buruntzal­deako herrietan.
Zentzu horretan, «esker bereziak» eman nahi izan dizkiete Hernaniko herritarrei, «emandako erantzunagatik; herrian bertan, 3.500 sinadura bildu dira», nabarmendu dute.

Datorren asteartean erregistratuko dituzte sinadura guztiak, Aldundian.

Deialdia, otsailaren 27ko martxan parte hartzeko
Plataformak jakinarazi du, gai­nera, datorren asteartean erregistratuko dituztela sinadurak; eta horretarako, deialdi irekia egin diete, autobus erabiltzaile eta langileek, herritarrei: martxa egingo dute, goizeko 11:00etan abiatuta, Do­nos­­tiako Pio Baroja plazatik Gi­puz­koa plazaraino. Behin plazara iritsita, prentsaurrekoa eskainiko dute, eta sinaduren erregistroa egingo dute segidan, Aldundian, Murrizketarik ez plataformaren izenenean.

«Ahaztu egiten zaie, zerbitzu publiko batez ari garela»
Plataformak kritikatu du, era berean, Aldundiak murrizketekin aurrera jarraitu nahi du­ela, «herriak behin eta be­rriro bere desadostasuna adierazi arren. Batzuei ahaztu egiten zaie zerbitzu publiko batez ari garela, eta beraz, gizartearen interes orokorra, interes ekonomikoaren gainetik ko­ka­tu behar dela. Diputazioa­ren jarrera inposatzaile ho­nen au­rrean, murrizketen ondorioak jasango ditugunok asko dugu esateko. Bere jarrera horren atzean, eredu neoliberal basatia dago, zeinak zerbitzu pu­blikoak suntsitu nahi dituen, ekonomia pribatuari ahalik eta ate gehien irekiz. Horren aurrean, guk eskubide sozialen defentsan jardungo dugu».
Zentzu horretan, Aldun­dia­ren «moral bi­koi­tza» salatu du­te: «jarraitzen dute zerbitzu publikoa hobetzeaz hitz egiten, onura ekonomikoan oinarrituz horrelako murrizketa neurriak hartzen dituzten bitartean». Eta beste behin, eskatu diote Marisol Garmendia mu­gikortasun diputatuari eta be­re taldekideei, negoziazio ma­hai bat sortu dezala, «adostutako eta guztiontzat kalte gu­txien sortuko dituen erabaki bateratu batera iristeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!