Arrainak uretan bezala, ezin gustorago aritzen da Hernani lokatzetan. Eta beste behin erakutsi zuen atzo, Landareko txokolatean, bikain moldatzen dela: Bartzelonari nagusitu zitzaion, talde kataluniarrari punturik egiteko ere aukerarik eman gabe (20-0).
Trikoloreek eraman zuten partiduaren kontrola hasieratik, eta Bartzelonaren hutsak aprobetxatzen asmatu zuten. Horrela, Anartz Elosegik gauzatutako zigor kolpeari (3-0), Eneko Noriegak eman zion segida, entsaio batekin, Hernaniren estilora: bandako sakea eta maula. Ordu laurdenerako, 10-0. Eta atsedenaren aurretik, beste zigor kolpe bat ere gauzatu zuen Elosegik (13-0).
Nagusitasun berarekin heldu zion Hernanik, bigarren zatiari, eta Elosegik berak lortu zuen entsaioa, zutoinen erditik igarota, Jon Ander Puertasen korrikaldi eder bati segida emanda. Bigarren minutua besterik ez zen, eta Elosegik berak transformazioa lortuta, 20-0 jarri zen Hernani; bukaerara arte mantenduko zuen emaitza. Izan ere, nahi eta ezin aritu zen Bartzelona, lokatzak jokoa asko zailduta.
Sailkapenean aurrerapauso polita, trikoloreek
Atzoko garaipenarekin, lau puntura aldendu dute La Vila hernaniarrek; datorren igandean, elkarren kontra jokatuko dute, oso partidu garrantzitsua, valentziarren zelaian. Sailkapenean aurretik, berriz, trikoloreek puntu bakarrera daukate Cisneros orain, eta bost puntura Gernika.